Lehoi nagusia esnatu da

Llorente erabakigarria izan zen herenegungo euskal derbian, bi gol sartzeaz gain erreferentzia izan zelako erasoko jokoanAurrelariak pisu txikiagoa dauka jokoan Bielsarekin, Caparrosekin baino

Fernando Llorente, lurrean etzanda, herenegun, partida amaitu berritan; lehertuta amaitu zuen partida errioxarrak, baina erabakigarria izan zen haren ekarpena. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Eskerrak eman gura dizkizuet baloiak sarera joan gura ez zuenean animatzen ninduzuen guztioi. Gaurkoa gozatzeko eguna da», idatzi zuen Fernando Llorentek Twitter bidez euskal derbia amaitu berritan. Leher eginda utzi zuen Anoeta Athleticeko aurrelariak. Nekatuta oso. Baina, era berean, irribarre handi batekin. Galdutako protagonismoa berreskuratu duenaren pozarekin, hain zuzen ere. Llorente izan baitzen derbiko izar nagusia. Bi gol sartu zituen. Oso onak biak. Kalitate handikoak. Eta bere golei esker eskuratu zuen Athleticek Espainiako Liga hasi zenetik lortu ezinik zebilen garaipena.

Lasaitu ikaragarria hartu zuten zuri-gorriek. Eta baita Rincon del Sotoko (Errioxa, Espainia) futbolariak ere. Beste edozein momentutan Llorente izan zela onena entzutea edo irakurtzea normaltasunaren barruan egongo zen. Jakina baita ligako aurrelari onentsuenen artean dagoela. Baina, futbolean, bizitzako beste arlo askotan bezala, egunero dago balioa erakutsi beharra. Iraganak ez du ezertarako balio. Eta Llorente bere mailatik urrun egon da sasoiaren hasieran.

Hilabete gutxian asko aldatu dira gauzak. Izarrak dauden oholtzara ailegatzen lagundu dioten faktore garrantzitsuenak falta zaizkio egun. Bere dohainetan sinetsi zuen entrenatzailea ez da zuzentzen ari talde zuri-gorria. Ernesto Valverdek debuta egiteko aukera eman zionetik, Joaquin Caparros izan zen bere aldeko apustu garbia egin zuen teknikari bakarra. Konfiantza barik zegoen jokalariari bere buruan sinesteko behar zuen denbora eta partida kopurua eman zizkion. Ordutik zer gertatu den jakina da. Estatistikek Athleticen historian sartuko dela erakusten dute. 87 gol sartu ditu elastiko zuri-gorriarekin jokatu dituen 253 partidetan.

Bestalde, zenbakiek erakusten ez dutena dago: Llorentek Athleticen jokoan duen garrantzia. Zuri-gorrien jokoa Llorenteren dohainak aprobetxatzera bideratua egon da azken urteotan. Baina denboraldion aldatu egin dira gauzak. Marcelo Bielsak aldatu egin du taldearen jokatzeko era. Egun ardurak banatuta daude. Athleticen jokoa lehen baino landuagoa da. Futbolari gehiagok hartzen dute parte erasoko jokoan. Luze jokatzea ez da lehen aukera. Horregatik daukate lehenbaino pisu handiagoa Susaetak, Muniainek, De Marcosek eta Iturraspek.

Aipatu jokalariek pisua hartu duten neurri beretsuan egin du behera Llorenteren ekarpenak. Neurri handi batean, erdiko aurrelariaren atzetik jokatzen duten futbolarien esku egongo da erdiko aurrelariaren arrakasta etorkizunean. Euren lana izango da errioxarrari errematerako aukera onak eskaintzea.

Bere dohainak azaleratzeko jokatzeko era egokia zenaren falta sumatzeaz gain —aditu askok uste du oraingo jokatzeko erarekin gehiago gozatuko duela—, Gaizka Toquero ondoan ez egoteak ere ez dio mesederik egin. Azken denboraldi bietan oso ondo moldatu dira elkarrekin. Jokalari bati falta zaiona dauka besteak, eta alderantziz. Llorente talentu handiko futbolaria da. Gol sena dauka. Bizkarrez jokatzea du gustuko. Asko mugitu barik. Eta ez da oso langilea. Ezaugarri horiek dituen futbolari bat nabarmendu ahal izateko, langile amorratu nekaezin bat behar du inguruan.

Eta behar hori egiteko ardura izan du Toquerok. Egun Llorenteri berari egokitzen zaio gauza biak egitea, lehendakariak ez baitu lekurik hamaikakoan. Lehen minututik defentsan lan handia egiteko eskatzen die entrenatzaileak jokalariei. Guztiek presionatu behar dute, eta, era berean, jokalari guztiek dute sormenean laguntzeko ardura. Lan zikina baina beharrezkoa den horretan sekula baino gehiago ari da agertzen aurrelaria. Baliteke horrek ere eragina izatea ate aurrean eraginkortasuna izateko orduan, nekeak itsutu egiten baitu jokalaria.

Denboraldia hasi zenean jokalariak esandakoa gogoratzea komeni da: «Fisikoki ez nago ondo». Badirudi motorra puntuan jartzen ari dela Llorente. Derbian ez zuen beste inoren laguntza handirik behar izan goi mailako futbolaria dela erakusteko. Bi goletan bikain amaitu zuen jokaldia. Baina sartu zituen golak bezain garrantzitsua izan zen partidan zehar egin zuen lana. Asko hartu zuen parte talde jokoan, eta Realeko atzelariak baino gehiago izan zen. «Taldea gidatu du bere futbolarekin eta ahaleginarekin», adierazi zuen Bielsak.

Kontratua luzatu nahian

Ume jator aurpegia duen piztia agertu da. Giharrak puntuan jartzen ari da Llorente. Eta gorputzarekin batera burua bere lekuan edukitzea garrantzitsua izango da aurrerantzean, jakina baita talde zuri-gorriarekin kontratua luzatzeko negoziatzen ari dela jokalaria. Ez da izango bide erraza. Batek baino gehiagok iritzi dio Athletic ez dela iritsiko jokalariak eskatzen duen kopuruetara. Eta horrek beste leku batzuetara begira jar lezake jokalaria. Bai Llorenteren onerako bai Athleticen mesederako, kontu horiek eraginik ez izatea litzateke onena. Bestela, bi aldeek galduko lukete asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.