Lehoia gose da

Athleticek hirugarren aldiz jarraian irabazi nahi du Vicente Calderonen

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Heldu da unea. Liga azken txanpan sartu da. Hilabete bi eskas falta da denboraldia amaitzeko. Eta dagoeneko ezin da huts egin. Liga irabazi gura duenak esprint gogorra egin beharko du. Mailari eutsi gura dioten taldeek ere orain arte eskuratu ez dituzten puntuen bila zelairatu beharko dute. Eta antzeko egoeran daude Europarako sailkatu gura duten taldeak. Athletic dago euren artean. Zuri-gorriak txukun ari dira. Badakite gauzak ondo eginez gero potoloa izango dela saria. Europako Ligarako sailkatzea gauza handia litzateke zuri-gorrientzat. Hautagai nagusiek huts egin eta lau onenen artean sailkatzeko balentria eginez gero, berriz, ikaragarria izango litzateke. Jokalariek, Txapeldunen Ligan, munduko jokalari onenen eta talde indartsuenen aurka lehiatzeko aukera dute eskuragarri. Klubarentzat, berriz, diru iturri amaigabea izango litzateke. Europako Ligako atariko kanporaketari etekina ateratzen dion klub batek zer lortuko luke Txapeldunen Ligan jokatuz gero?

Bost jardunaldi daramatza Athleticek Ligan galdu barik. Tarte horretan bi partida irabazi eta hiru berdindu ditu. Eta bost norgehiagoka horietan hiru gol baino ez dizkiote sartu. Hori da Athleticen sekretua. Iazko azaroan eta abenduan erakutsitako sendotasuna berreskuratu du Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak. Jokalariak indartsu daude, eta, ondorioz, ondo betetzen dute entrenatzaileak esandako guztia. Eta, egindako beharrak emaitza ona ekartzen duenez, indarra izateaz gain, konfiantza ere eureganatu dute. Biak batuta edozein talde izan daiteke arriskutsua. Ba, Athletic dago egoera horretan. Zuri-gorriak konturatu dira euren unea ailegatu dela, eta ez dute aukera pasatzen lagatzeko asmorik. Horregatik ari dira erakusten aspaldian gordeta eduki duten garaipen gosea. Astebete haragirik jan gabe egon den lehoiaren antza dauka oraingo Athleticek. Azken partida biek argi eta garbi erakusten dute zuri-gorrien sasoia. Gaur egungo Athletic gai da etxetik kanpo dozena erdi aukera garbi sortzeko. Huts egiteko ere bai. Molinonen gertatu zen legez. Halaber, jokalari bat gutxiagorekin geratu arren, hiru puntuak eskuratzeko jarrera erakuts dezake. Bada zerbait hamar futbolarirekin aritzea egokitu zaionean nora ezean ibili den talde batentzat. Getaferen kontrako neurketan gertatu zen hori, esaterako.

Egoera horretan dagoen talde batek ia edozer gauza egiteko gai dela uste du. Beraz, ez da harritzekoa izan Athleticeko ia jokalari guztiei entzutea irabaztea dutela helburu gaur Calderonen. Hirugarrena jarraian izango litzateke Atletico Madrilen estadioan. Bi taldeen aurrekontuak eta bi taldeetan jokatzen duten futbolariak aintzat hartuz gero, etxeko taldeak behar luke faborito. Baina aurrean dagoen taldea Atletico Madril da. Talde gorabeheratsuenetan gorabeheratsuena. Ez dago talde aldrebesagorik. Denboraldion Espainiako Kopako finala jokatuko du, Sevillaren aurka, zeina unerik gozoenetik urrun baitago. Europako Ligan ere bizirik jarraitzen du Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeak. Bistan da kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan ondo jakatzen ari dela. Baina Ligan bestelako itxura ematen ari da, oso txarra. Ez da lehen aldia, gainera. Atletico Madrilen maisuak dira jokalari onak erdipurdiko bihurtzen. Ez da talde gomendagarria. Klubak jokalari onak fitxatzeko aukera du, eta jokalari horiei gomendatu behar zaien lehen gauza da egokiagoa dela beste edozein taldetara joatea, baita apur bat gutxiago irabazita ere.

Harrokeriarik ez

Baikor izatea ondo dago, baina ez da harrotasunez jokatu behar, Athleticek dena ematen ez badu azken sailkatuaren aurka gal baitezake. Aurrean Aguero, Forlan, Reyes eta enparauak egonda, zer esanik ez. Minduta egongo dira Atletico Madrileko jokalariak. Azken jardunaldian 4-1 galdu zuten Mallorcaren kontra. Bestalde, hurrengo aurkaria Real Madril izateak ere izan dezake eragina gaurko neurketan. Madrilgo hedabideek arreta gutxi jarri diote Athletici. Ondorioz, jokalariek ere Real Madrilen gaineko galderei erantzun behar izan diete. Baliteke, beraz, Atletico Madrileko zale eta jokalariek gaurko neurketan beharrean beste kontu batzuetan pentsatzen egotea. Hobe, hala bada. Baina, era berean, Atletico Madril da Bartzelonari Ligan irabazi dion talde bakarra, eta ez da komeni ahaztea. Txarto jokatzen egonda ere, horrelako gauzak egiteko gai da.

Caparrosek hamaikako bera zelairatu du azken neurketa bietan. Oraingoan aldaketak egin beharko ditu. Orbaiz eta Amorebieta zigortuta daude. Hutsune garrantzitsuak dira. Iturraspek eta Ustaritzek ordezkatuko dituzte. Bestalde, aspaldiko partez, Caparrosek deialdian sartu du Yeste. Zazpi partida daramatza ligan jokatu barik basauriarrak. Aritz Borda, berriz, lehen aldiz dago aukeratuen zerrendan. Borda bigarren taldeko erdiko atzelaria da. 25 urte ditu, eta Athletic B-n jokatu aurretik Reala B-n aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.