Leinster Ulsterri gailendu zaio, eta bigarrenez irabazi du Heineken Kopa

Dublingo probintzia Belfastekoari erraz nagusitu zaio (42-14) bere gibeleko joko milimetratuari esker

Eneritz Zabaleta.
Londres
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Atzoko Heineken Kopako finalak ez zuen kolorerik izan. Edo hobeki erranik, kolore bakarra izan zuen. Dublingo probintziaren urdina, hain zuzen ere. Irlandarrek errugbi erakustaldia eman zuten, eta, pronostikoak betez, marka ederra ezarri zuten txapelketako historian. Egiari zor, ikaragarrizko partida jokatu zuten, gutxitan ikusten ahal dena.

Heineken Kopa bi aldiz jarraian irabazi zuten, 2001 eta 2002an Ingalaterrako Leicesterrek ezarritako marka berdinduz. Haien hirugarren Heineken Kopa izan zen, eta aitzinetik Okzitaniako Tolosa bakarrik daukate, lau titulurekin.

Ulsterreko probintziari 28 punturen aldea atera zion Leinsterrek, Heineken Kopako final batean izandako alderik handiena. Brian O´Driscoll, Sean O´Brian eta Rob Kearneyren taldea errugbiaren historian sartu zen, atzoko garaipenari esker.

Leinsterrek, beste behin, bere hirugarren lerroaren sekulako dinamismo, eta gibeleko lerroaren joko milimetratua erakutsi zituen. Eraginkortasun handiz aritu zen, arrisku jokaldi oro puntu bilakatuz. Alta, Ulsterrek egin zuen jokoa lehen zati osoan eta partidaren une gehienetan. Baina, Belfasteko probintziari eraginkortasuna falta izan zitzaion bere agintea gauzatzeko. Ez zen fin aritu.

O'Brian eta Kearneyren lana

Horren ordez, Leinsterrek bere aukerak baliatu zituen. Sean O'Brianek Leinsterren kontra eraso bikain bat bururatu zuen, entsegua sartuz. Oren erdia zelarik, Kearneyk sekulako jokaldia egin zuen, Healyri pase akrobatikoa emanez: 14-3.

Ulster entseatu zen bigarren zatian erantzuten, baina, horren ordez, zigorrezko entsegu bat jaso zuen. Belfastekoen lana Tuohyren entseguak saritu zuen, merezita. Sextonek, ordea, garaipena segurtatu zuen zangoz: 30-14. Azken minutuetan, Leinsterrek bi entsegu sartu zituen, markagailua apur bat baino gehiago desitxuratuz: 42-14.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.