Lekic: «Gogor egingo dut lan berriz ere sasoi betean egoteko»

Osasunako aurrelari serbiarrak ordu erdi jokatu zuen Getaferen aurka, hiru astez min hartuta egon ondoren

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Dejan Lekicek eureganatu du arreta azken egunetan Osasunan. Aurrelari serbiarrak eskuin besoko kubitua hautsi zuen joan zen otsailaren 26an, Granadaren aurkako partidan, eta medikuek hamar asteko osatze-prozesua aurreikusi zuten arren, Lekic espero baino askoz lehenago osatu da. Hala, herenegun, lesioa izan eta hiru astera, berriro zelaian izan zen. Ordu erdi eskas jokatu zuen Getaferen aurka. «Pozik nago, oso azkarra izan delako osatze-prozesua. Pozik nago ere berriro jokatu ahal izan dudalako, baina badakit oraindik zerbait falta zaidala, eta atzo [herenegun] eman nuena baino gehiago eman dezakedala», aitortu zuen atzo aurrelari serbiarrak. Lekicek onartu egin zuen «erritmo pixka bat galdu» duela, baina agindu egin zuen «gogor» egingo duela lan berriro sasoiko egoteko.

Nekunam, zigortuta

Lekicek beste aukera bat izango du igandean, Levanteren zelaian. Hain zuzen, partida horretarako gutxienez aldaketa bat egin beharko du Jose Luis Mendilibarrek, Javad Nekunami sasoiko hamargarren txartel horia atera baitzioten herenegun, eta ondorioz, partida bateko zigorra bete beharko du. Aldiz, Lolok senda-agiria jaso du, eta jokatzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.