Jokalariak fitxatzeko epea etzi amaituko da, eta aurreko egunetan ugaldu egiten dira zurrumurruak. Oraingoan, Athletic izan dute jomuga nagusia, litekeena delako Javi Martinezek eta Fernando Llorentek taldea uztea. Horregatik, zuri-gorriek bi jokalariak galtzekotan nor fitxatuko duten bueltaka dabil egunotan. Eta beste behin, Realeko jokalari batzuen izenak lotu dituzte Bilboko taldearekin: Antoine Griezmann, Ruben Pardo eta Iñigo Martinez. Txuri-urdinek, baina, alde batera utzi nahi dituzte esamesak.
Reala uzteko aukera baztertu zuten Pardok eta Martinezek atzo. Argi azaldu dute: oso gustura daude Donostian, eta ez dute utziko taldea. Griezmannek berak ere adierazi zuen, herenegun, Athleticek bere etete klausula ordainduta ere ez litzatekeela joango Bilbora. Hortaz, beste norbait bilatu beharko dute zuri-gorriek, Javi Martinezek eta Llorentek taldea uztekotan. Realetik, behintzat, ez dirudi inor aterako dutenik.
Aterako dutena dirua izango da, bi jokalariak salduz gero. Diru mordoa, gainera. 60 milioi euroren irabaziak izan ditzake Athleticek. Izan ere, Javi Martinez fitxatzeko, 40 milioi euroko etete klausula ordaintzeko prest dago Bayern Munich. Llorenteren truke, berriz, 20 milioiko eskaintza egin du Juventusek. Halako dirutzarekin, ordezkoak topatzeko arazorik ez luke behar Athleticek. Baina bere filosofia du traba nagusia. Eta horrekin, Realean bilatzea du errazena.
Merkeena ez, ordea. 30 milioi euroko etete klausula dute Griezmannek, Pardok eta Martinezek. Atzelariak berak onartu du ez duela uste beregatik halako dirutza ordainduko duenik Athleticek: «Ez dago talderik atzelari baten truke 30 milioi ordaintzeko prest». Edonola ere, «oso lasai» dago bizkaitarra, 2015era arte baitu kontratua taldearekin. Gainera, Realari asko eskertu behar diola azaldu du: «Oso gustura nago hemen; hau izan da beti nire etxea». Horregatik, «oso zaila» izango da bera Donostiatik ateratzea.
«Zurrumurruak atera dira, eta gehiago aterako dira», aurreratu du atzelariak. Baina berari ez diote eragiten, eta alde batera utzi nahi ditu. Hala ere, mota horretako esamesek Realeko zaleak kezkatzea normaltzat jo du. Horrek, baina, poztu ere egiten du. Izan ere, jendea berarekin «pozik» dagoela eta «geratzea» nahi duela esan nahi du. «Hori oso polita da jokalari batentzat, eta indar handia ematen du».
Athleticen inguruan, adierazi du «oso talde ona» dutela «Llorente eta Javi Martinez galduta ere». Bilboko taldea gaizki hasi izanari ez dio garrantzirik ematen, aurreko sasoia ere kaskar hasi baitzuen, eta bikain amaitu. Horregatik, kontuan hartzeko moduko taldea dela gogoratu du: «Adi Athleticekin; beti hasten da gaizki, eta gero ezustekoa ematen du».
Pardok ere ez die kasurik egin nahi egunotan atera diren zurrumurruei, eta lanean jarraituko du, ahal duen guztian taldeari laguntzeko. «Nire etxea Reala da, oso txikia nintzenetik nago hemen, eta inon baino hobeto nago». Erdilari gazteak badaki zuri-gorriak oso mugatuta daudela fitxatzerakoan, bere filosofia dela eta. Hala ere, lasai dagoela azpimarratu du, sasoi berriak «ilusio handia» eragiten diolako.
Bai Pardok, bai Martinezek nahiago dute aurrera begiratu, esamesekin denbora galdu baino. Horregatik, Realaren hurrengo partidari begira daude jada. Larunbatean jokatuko dute txuri-urdinek, Mallorcaren kontra (22:00). Celtaren aurka estreinatu zen Pardo denboraldi berrian, eta Mallorcaren zelaian irabazteko asmoa du orain: «Garaipenaren bila joango gara». Joan den larunbateko partida oso polita izan zen Pardorentzat. Izan ere, Bartzelonaren aurka jokatu gabe geratu zen, eta «gogoa» zuen sasoi berrian jokatzen hasteko. Gainera, aitortu zuen «hunkitu» egin zuela zelaira irten zenean zaleek jotako txalo zaparradak.
Mallorcara, gogo handiarekin
Celtaren golarekin, partida «zaildu» egin zitzaien txuri-urdinei, baina «oso ondo» erantzun zioten. «Dena bikain atera zen, eta irabaztea lortu genuen», azaldu du Pardok. Hiru puntuak eskuratuta, lasaiago joango da Reala Mallorcara, baina gogo handiarekin. Aurreko sasoian, han jokatu zituen bi partidak galdu zituen, bat ligan eta bestea kopan. Ez ahazteko modukoa izan zen kopako porrota, zazpi minutuan lau gol jasota kanporaketa galdu baitzuen Donostiako taldeak.
Partida hura gogoan du Iñigo Martinezek, «min handia» egin baitzien. Horregatik, larunbatean irabazteko «gogo handia» du atzelariak, ordukoari buelta emateko: «Oraingoan, irabaztea eta pozik itzultzea espero dugu». Berak ere jokatu ahal izatea espero du, lesiotik osatzeko bidean: «Gero eta hobeto nago, eta espero dut Mallorcaren aurka jokatzeko moduan egotea».
Larunbateko partidari begira, atzelariak ondo ikusten du taldea, lasai eta presiorik gabe. Gainera, taldean «giro bikaina» dutela azpimarratu du, eta «oso gustura» daudela. Bigarren garaipena lortzea dute jomuga.
Lekutik ez dira mugituko
Athleticen inguruko zurrumurruak baztertu, eta Realean geratuko direla ziurtatu dute Iñigo Martinezek eta Ruben PardokDonostian «oso gustura» daudela diote, hori izan baita haien «etxea» betidanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu