Leo Messi Izarra, aulkian

Jose Pekerman Argentinako hautatzaileak eskarmentua duten jokalarien alde egin du gaur Boli Kostaren aurka aritzeko, eta Messi aulkian utzi du.

Julen Etxeberria.
2006ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Argentinan inork ez du zalantzan jartzen Diego Armando Maradona dela jainko bakarra. Erretiratu zenetik, haren hamaika ordezko izendatu dituzte argentinarrek: Pablo Aimar, Juan Roman Riquelme, Andres d'Alessandro, Javier Saviola, Carlos Tevez... Lionel Messi da azkena (Santa Fe, 1987). Argentina oraindik ez da geldiarazten hark eztul egiten duenean, Maradonarekin gertatzen den bezala. Baina horrela jarraituz gero, Messik lor dezake. Agian ez da Maradonaren oinordekoa izango, baina egun, bera da Argentinako selekzioko izar distiratsuena.

Messik, hala ere, aulkian hasiko du Munduko Kopa. Jose Pekerman Argentinako hautatzaileak atzo iragarri zuen gaur Boli Kostako selekzioaren aurka jokatuko duen hamaikakoa. Messi ez da bertan ageri. Beraz, aulkian geratu beharko du aukeraren zain, lehen aldiz Munduko Kopa batean aritzeko zain.

Zergatik aulkian? Pekermanek eskarmentu handiagoa duten jokalarien alde egin du, eta dagoeneko izar bat izan arren, Messi iritsi berria da. Iazko abuztuaren 17an aritu zen estreinako aldiz Argentinako selekzio nagusiarekin, 18 urterekin. Budapesten izan zen, Hungariaren aurka. Maradonak ere Hungariaren aurka jantzi zuen lehen aldiz Argentinako elastikoa, 17 urte soilik zituela. Dena zegoen prest Messiren egun handia izateko. Herrialde osoa zuen hari begira. Denek nahi zuten ikusi hilabete eta erdi lehenago Herbehereetan jokatu zen 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan izar bilakatu zen jokalaria. Han, txapelketa irabazi zuen, jokalari onenaren saria, eta golegile nagusia izan zen.

Baina Messik ez zuen espero zen estreinaldia izan. 64. minutuan zelairatu zen, Lisandro Lopezen ordez. Ez zuen ezertxo ere egiteko astirik izan. Izan ere, Ferenc Puskas estadioko zelaia zapaldu eta 47 segundo eskasera Markus Merk epaile alemaniarrak txartel gorria atera zion, Vanszak erdilari hungariarrarekin ika-mika izan ondoren. Messik negarrez egin zuen aldageletarako bidea. Minutu erdian, zerutik infernura, loriatik miseriara pasatu zen.

Ordutik beste sei partida jokatu ditu Argentinarekin. Gol bat ere sartu du, iragan martxoaren 1ean, Zagreben, Kroaziaren aurkako lagunartekoan (3-2 galdu zuen Argentinak). Messik hamaika partida jokatuko ditu etorkizunean Argentinako selekzioarekin, baina Alemanian, oraingoz, aulkian egon beharko du zain. Iritsiko da bere unea.



ARGENTINAK EZIN DU HUTS EGIN. Argentinak hondoa jo zuen orain lau urte, Japoniako eta Koreako Munduko Kopan. Urruti iristeko asmoz hasi zuen txapelketa, baina ez zuen lehen ligaxka gainditu. Ez du hori berriro gertatzerik nahi. Horretarako, partidaz partida joan nahi du, aurrera begiratu gabe. Ezin du deskuidatu, multzo gogorra egokitu baitzaio. Argentinaren hutsen baten zain daude Herbehereak eta Serbia eta Montenegro. «Gaur irabazi egin behar dugu, nola edo hala», aitortu zuen atzo Juan Pablo Sorin Argentinako atzelariak.

Javier Mascherano erdilariak, berriz, Boli Kostari irabazteko egin behar dutena azaldu zuen atzo. «Lasai aritu behar dugu, presarik gabe, zelai erditik aurrera min asko egin dezaketen jokalariak baititugu. Ordena izan behar dugu atzealdean, eta erdilari sortzaileei eta aurrelariei segurtasuna eman, haiek partida irabaz dezaten. Boli Kosta ez da aurkari indartsua bakarrik, badaki zertara jokatzen duen, eta ondo egiten du. Adi egon behar dugu, larrutik ordaindu nahi ez badugu».

Boli Kostak, berriz, 1990eko Italiako Munduko Kopako Kamerun izan nahi du (1-0 irabazi zion Argentinari estreinako partidan). Didider Drogba da bere izar nagusia eta bakarra. Bere oinetan egongo da ziurrenik Boli Kostaren etorkizuna. Henri Michel hautatzaileak, halere, atzo azpimarratu zuen Boli Kosta ez dela soilk Drogba. «Drogba garrantzitsua da, baina ez du bakarrik jokatzen, berarekin soilik ezin duzu irabazi. Talde bat gara, talde sendoa. Ez dago faboritorik gure multzoan, eta iritsi berriak izan arren, Munduko Kopako ezustea izan gaitezke».



Jadanik izar bat izan arren, Messi iritsi berria da. Zazpi partida eskas jokatu ditu Argentinako selekzioarekin





Argentina

Presioa. Argentina gaizki aritu zen Japoniako eta Hego Koreako Munduko Kopan, eta orduan emandako irudi eskasa hobetu nahi du Alemanian, eta ahal duen urrutien iritsi. Ezin du berriro huts egin.

Talde bikaina. Jokalari ikusgarriak ditu lerro guztietan, edozein unetan norgehiagoka erabaki dezaketenak.

Boli kosta

Helburua, beteta. Boli Kostako selekzioa lehen aldiz ariko da Munduko Kopa batean. Helburua bete du, beraz, eta ez du inolako presiorik izango Alemanian. Aurkarien hutsuneak baliatzen saiatuko da.

Drogbaren eskuetan. Chelseako aurrelaria da taldeko izarra. Beraren oinetan egongo da Boli Kostaren etorkizuna Alemanian.





Ingalaterra

Defentsa sendoa. Jokalari indartsuak ditu, geldikako jokaldietan arriskua sortzen dutenak.

Kalitatea zelai erdian. Gerrardek eta Lampardek bikain antolatzen dute erasoko jokoa. Beckhamek eta Colek, berriz, arriskua sortzen dute hegaletatik.

Nahasketa aurrean. Owen bizi-bizia da, eta Crouch eraginkorra. Rooney ez da erabat osatu.

Paraguai

Eskarmentua atzealdean. Lau atzelariek badakite Munduko Kopa bat jokatzea zer den.

Indarra nagusi zelai erdian. Acuñak bizkartzain lanak egiten ditu, eta Paredesek ondo jokatzen du aurrelariekin. Hegalekoek erdiraketa onak egiten dituzte.

­ Santa Cruzen zalantza. Bayern Municheko jokalaria min hartuta dago, eta zalantza da gaurko.





Trinidad eta Tobago

Presiorik ez. Alemanian egonda, helburua bete du Trinidad eta Tobagok, baita ondo bete ere. Ez du presiorik, eta hori baliatu nahi du ezustekoa emateko.

Sasoiz kanpo. Munduko Kopa hasi aurretik jokatu dituen lagunartekoetan pattal aritu da: Gales, Eslovenia eta Txekiaren aurka galdu du. Asko hobetu beharko du punturen bat lortu nahi badu.

Suedia

Eskarmentu handiko taldea. Suediako jokalari gehienek euren herrialdetik kanpo jokatzen dute, eta ohituta daude partida garrantzitsuak jokatzera.

Ibrahimovicen garrantzia. Bera da taldeko izarra, beraren oinetan daude jarrita suediarren itxaropenak. Juventuseko aurrelaria, hala ere, ez da sasoi betean iritsi Munduko Kopara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.