Illunbeko zezen plaza ikuskizun potoloak hartzen ohitzen ari da. Halakoa izango da gaurkoa, aurreikuspenen arabera 10.000 laguneko langa gaindituko delako Donostiako kantxan. Baskoniaren aurka ia 9.000 bertaratu ziren. Real Madrilen aurka ere bai. Gaur bost zenbaki eta lau zeroak atzean uztea espero dute Donostiako klubeko arduradunek. Besteak beste, Bilbotik etorriko den jende oldeari esker. Gipuzkoa Basketek hiru txandatan bidali ditu sarrerak, egon zitekeen eskaera zenbatekoa zen ezin zelako jakin. 400 bidali zituen aurrena, eta aitaren batean agortu ziren. 1.000 baino gehiago bidali dituzte azkenean.
Bide ofizialaren bitartez bidalitakoak dira horiek, izango direlako Internetez edo klubeko bulegoetan sarrerak erosi dituzten Bizkaiko zaleak ere. Orotara 1.200 beltzezko zale espero dira Ilunben, eta kolore handia emango diote derbi aski interesgarriari. Interesgarria, dena dagoelako argitzeko. Ziurra da %99an bi euskal talde horiek kanporaketetan egon, egongo direla. Zein postutan ezin jakin momentuz. Bizkaia bosgarren dago orain, eta Lagun Aro hiru koska beherago, zortzigarren. Baina derbiko emaitzak erabat alda dezake egoera hori. Lagun Arok irabazten badu, batez ere. Hala balitz, eta jardunaldiko beste emaitzen baitan, Sito Alonsoren taldea bosgarren posturaino igoko litzateke.
Jakina, Bizkaiak ere asmo bera dauka. Donostian galtzen badu, ia ezinezko izango du laugarren postua lortzea, puntu aldea galduko lukeelako Lagun Arorekin (gipuzkoarrek 87-93 irabazi zuten Miribillan, joanekoan). Bizkaiak galduz gero, Lagun Aroren baitan legoke. Donostiarrek azken bi jardunaldietan lortzen dutena hobetu beharko luke Katsikarisen taldeak, bai edo bai. Parekotasunaren kontuak dira. Partida bakar batek hiru postuko hobekuntza edo atzerapena ekar dezake.
Bi taldeak, gorabeheratsu
Zaila da bietan ondoen zein talde dagoen zehaztea. Bizkaiak azken zazpietatik sei irabazi ditu, baina ezin esan puntu-puntuan dagoenik. Eraso jokoan arazo dezente izaten ari da. Freskotasunik gabe ari da, hirukoetan asmatu ezinik. Baina defentsan sendo ari dira, eta horri esker ateratzen dituzte partidak aurrera. CAI Zaragozaren aurkako garaipena, horren erakusle. Lagun Arok ere nahiko partida kaskarra egin zuen Fuenlabradan, baina etxean askoz hobeto ari da. Litekeena da derbia etxekoen alde desorekatzea, puntu kopurua handia bada.
Bizkaiak prest ditu jokalari guztiak. Ez horrela Lagun Arok, Sergi Vidal osatuko den edo ez ez baitago argi. Gaizki zegoela esan zuen atzo, atarikoan, Sito Alonsok, baina klubak Korolevi baja eman eta Ogide sartu du zerrendan.Vidalek minutuak izan ditzakeela adierazten du erabakiak.
Lepo beteko da Illunbe derbian
Hamar mila ikusleren langa gainditzea espero da gaur, Lagun Arok eta Gescrapek laugarren postua jomugan dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu