Orain ez gaude Lehen Mailan lehiatzeko moduan», esan zuen Jose Luis Mendilibarrek larunbatean, Romaredan Zaragozaren aurka 3-1 galdu berritan. Hautsak harrotu zituzten hitzok. Zenbait zaleren ustez, zaldibartarra gogorregi mintzatu zen jokalariekin. Beste batzuek, ordea, beharrezkotzat jo zituzten hitz gogor horiek jokalariak suspertzeko. Oier Sanjurjok arrazoi eman zion entrenatzaileari igande goizeko lan saioaren ondoren egindako adierazpenetan. Taldea «lerro guztietan» huts egiten ari dela azpimarratu zuen, eta gaineratu denak hobetu beharrean direla, entrenatzailearekin hasi eta azken jokalariarekin bukatu.
Herenegun, ordea, Andres Fernandez ez zen bat etorri Mendilibarrekin. «Osasunak badauka Lehen Mailan behar bezala lehiatzeko moduko taldea», esan zuen atezainak. Hargatik, gogor lan egin eta jokalari guztiek hobetu beharra dutela esan zuen, eta gogorarazi zuen ez dela kasualitatea sailkapeneko azken postuan egotea. Oro har, denak bat datoz: denek egin dezakete askoz hobeto.
1. Atea
Andres Fernandezek bikain baliatu zuen Asier Riesgok iaz Ligako lehen jardunaldian izandako lesio bat atezain postuaz jabetzeko, eta, gol asko sartu bazizkioten ere, taldeko jokalaririk onenetakoa izan zen. Dena dela, sasoi hasiera honetan haren lana ez da izan iragan sasoian bezain erabakigarria. Lehen partidan, hark egindako huts larri baten ostean iritsi zen Deportivoren lehen gola. Beste partidetan ere ez du egin iragan sasoian egiten zituen geldiketa erabakigarrietako bakar bat ere. «Nik beti esan dut hutsean berdindu baino nahiago dudala 6-5 irabazi, baina argi dago bost partidetan golak jasotzeak ez nauela pozik uzten. Badakit ekarpen hobea egin dezakedala, eta horretan ahaleginduko naiz», onartu zuen atezainak. Entrenatzailearen konfiantza dauka Andres Fernandezek, baina Riesgo hor dago, eta ezin du lo hartu.
2. Defentsa
Marc Bertran, Alejandro Arribas, Miguel Flaño eta Damia Abella izan ziren lau atzelariak lehen hiru partidetan. Zigorrak eta lesioak tarteko, atzealde hori ezin izan du erabili Mendilibarrek azken bi jardunaldietan. Flañok kapitaina zergatik den erakutsi behar du, baina Noaingoak ez du eskatzen zaion segurtasuna eman, eta azken partidan Lolo jarri zuen Mendilibarrek haren ordez. Bere eskarmentuaren araberako maila ez du eman Flañok, baina Lolok ere ez du hobetu Flañoren ekarpena. Sergio Fernandezen hutsunea nabari da atzealdearen erdialdean, Arribas iritsi berria txukun ari bada ere. Azkenik, entrenatzaileak ez du aintzat hartzen Ruben Gonzalez.
Eskuin hegalean, Bertran bere betiko mailan ari da. Baleko jokalaria da, askotan erasoan defentsan baino gehiago nabarmentzen bada ere. Lesioekin arazo ugari izaten ditu, ordea. Zorionez, Oier Sanjurjo dauka Mendilibarrek edozein hutsune betetzeko prest. Ezker hegalean zuloa du Osasunak Natxo Monrealek taldetik alde egin zuenetik. Jukka Raitalak aukera aprobetxatu ez zuenez, sasoi honetan Nano etorri da. Baina Zaragozan zer egin zuen ikusita, zale askok euren buruari galdetzen diote hankasartzea izan ez ote den Eneko Satrustegi Numantziari uztea. Damia ari da ezkerretik, ezkerra ez baldin bada ere. Hainbestean moldatu da, zorionez. Jokin Etxaidek ere joka dezake hor —Oierrek ere bai—, baina Mendilibarren konfiantzarik ez du Huescan utzita aritu ostean etxera itzuli den jokalariak.
3. Zelai erdia
Patxi Puñal zigortuta dago, eta badirudi hankamotz geratu dela Osasuna zelai erdian. Uharteko erdilariak 37 urte ditu; hemendik aurrera, behera egingo du gora baino gehiago, baina argi dago orain ezinbestekoa dela Osasunan, beste inork ematen ez dion oreka ematen baitio taldeari, are eta gehiago Javad Nekunamek eta Raul Garciak taldea utzi ondoren. Raoul Loe hasi zen Puñalen aldamenean, eta frantziar gazteak dohain onak ditu, baina oraindik eskarmentu gutxi dauka, eta agerian geratu da hori. David Timorrena ere deigarria da. Dohainak aztertuz gero, taldeko jokalari onena izan daiteke. Ezker dotorea dauka, pase luzeak ematen badaki, jaurtiketa ona dauka eta teknika bikaina dauka. Baina ez ditu aukerak baliatzen. Falta arriskutsuak egin zalea da; hotzegia da askotan, eta ez dio sendotasunik ematen taldeari. Anthonny Annan iritsi berriak aukera ona du postuaz jabetzeko, baina Ligara egokitzen ari da oraindik. Bien bitartean, Oierrek ere jokatu du euskarrian, postu guztietan bezala, ondo lehiatuz, baina lan ikusgarria egin gabe.
Euskarrien aurretik jokatzen duen lerroan, aukera zabala dauka Mendilibarrek. Alvaro Cejudok ezinbestekoa dirudi, batzuetan desagertu egiten bada ere. Baina, Cejudoz gain, Sisi, Roland Lamah eta Emiliano Daniel Armenteros ere baliagarriak dira. Trebea eta langilea da Sisi. Irregularra izanagatik, abiadura ikaragarria eta erdiraketa onak ziurtatzen ditu Lamah-k. Eta Armenterosek gola dauka, kalitateaz gain. Defentsan laguntzeko arazoak dituzte, baina dohain onak dituzte. Masud Xojaeik bezala. Urtebete min hartuta egon ondoren, taldera itzultzeko lanean ari da. Eta Roberto Torresek ere dohain onak ditu: bigarren taldetik igo berria da eta ez du eskarmenturik, baina besteek baino erraztasun handiagoa du jokoa ikusteko. Gainera,jaurtitzaile bikaina da geldikako jokaldietan.
4. Erasoa
Joseba Llorentek dakar itxaropen nagusia erasoan. Hondarribiarrak bere onena berreskuratuz gero, Osasunak ez du arazorik izango. Hori bai, epaileek Osasuna zein erraz zigortzen duten ikusita, zaindu egin beharko du bere odol beroa. Nino ere trebea da, baina bere ibilbidean golak erraz sartu dituen arren, Osasunan golarekin haserre dago. Konfiantzarik gabe ari da, eta hori nabaritu egiten da. Kike Sola eta Manu Omwudira beste aukerak. Sola onena eta txarrena egiteko gai da; gol zailenak dotore sartu eta errazenak huts egin ditzake. Halere, aukerak izango ditu berriz. Manu Omwu da ezberdinena: abiadura du dohainik onena, baina ez du eskarmenturik. Dejan Lekic eta batik bat Ibrahima Balderen itzala luzea da oraindik.
Hutsuneak hutsune, jokalari asko eta ezaugarri ezberdinetakoak ditu Mendilibarrek. Ez dira ondo hasi, baina Lehen Mailan behar bezala lehiatzeko modukoak dira. Mendilibarrek guztiak talde gisa jokatzen jartzea ere beharrezkoa da, bakoitza bere aldetik lanean aritu baita partida askotan.
Lerro guztiak zalantzan
1993-94ko sasoitik, Osasunak aurten hasi du okerrenik Liga. Atean, defentsan, zelai erdian eta erasoan ari da huts egiten talde gorritxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu