Lesio larria izan dezake Loftonek bizkarrean, eta kluba ordezko bila hasi da

Hiru disko hernia izan zituen aurreko sasoian; liga hasteko hamar egun falta direla, arazo larria da Lagun Arorentzat

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ezustekoz ezusteko ibili dira udan Donostian, eta bukatu ere hala bukatuko dutela dirudi. Fitxatutako jokalaririk garrantzitsuenetakoak, Chris Lofton eskoltak, iraganean bizkarrean zituen arazo fisikoak gainditu gabe ditu agian. Estatubatuarra larunbatean hasi zen mina sentitzen, Lagun Arok Kanaria Handiaren aurka lagunarteko partida jokatu aurretik, eta ez zuen jokatu. Medikuek azterketa egin zioten herenegun, baina ez dute jakinarazi agiri ofizialik. Ezkor daude, hala ere, eta ordezko bila hasiak dira.

Loftonek hiru disko hernia izan zituen aurreko sasoian, Estudiantesekin kontratua sinatzear zela, eta bertan behera utzi zuten fitxaketa. Ostera, fitxatu egin zuten, baina bistan da lesioa ez dagoela erabat osatuta. Lagun Aro lesio horren jakitun zen, baina arriskatu egin zuen, merkatuan aukera hoberik ez zegoelakoan. Orain, liga hasteko hamar egun falta direla, ez da erraza izango bermea eman dezakeen ordezkorik fitxatzea. NBAko taldeek azken orduan baztertutako jokalarien merkatua aztertzen ari dira teknikariak. BERRIAk Sito Alonso entrenatzailea elkarrizketatu zuen astelehenean, eta ezkor mintzatu zen Loftonen inguruan.

Milko Bjelicak, bi aste

Gasteizen ere badute zertaz arduratu. Aurrena, Maciej Lampe pibotak hartu behar izan zuen atseden, eta orain, Milko Bjelicak. Montenegroko pibotak errotulako tendinitisa du bi belaunetan, eta atsedena hartu beharko du bi astez. Ligako lehen partidan ez du jokatuko, Zaragozan. Taylor Rochestie da Kerejeta eta Ivanovicen beste buruko mina. Joko antolatzaileak onartu egin ditu klubak erabakitako baldintza berriak; alegia, luzerako lesioren bat izaten badu, taldetik at geratuko dela, diru saririk gabe. Bestalde, ETBk atzo baieztatu zuen igande eguerdietan ACB ligako partida bat emango duela.

Ohorezko Mailan, berriz, Hondarribia-Irunek bi jokalari estatubatuar fitxatu ditu: Lyndsay Harris eskolta —22 urte eta 1,80 metro luze— eta Mandisa Stevenson hegal-pibota —30 urte eta 1,91—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.