Europako Errekopako Maribor Braniken aurkako final-laurdenetako itzuliko partida jokatuko du Amaya Sport San Antoniok larunbatean, baina aurretik, gaur bertan, Asobal ligako norgehiagokan, Naturhouse hartuko du Iruñeko taldeak (20:30). Norgehiagoka zaila izanen da nafarrentzat; batetik, Europan aritzeak eta bidaiak eragin dien nekeagatik eta, bertzetik, hainbat lesiok jota daudelako.
Niko Mindegiak, David Rasicek, Victor Alvarezek eta Alberto Agirrezabalagak, zehazki, arazo fisikoak dituzte. Mindegiak behatz bat dauka minduta, eta, ondorioz, Esloveniako partidan ere ia ez zen aritu. Partida horretan, hain zuzen ere, eskuineko besoan kolpea hartu zuen Rasicek, eta oraindik ez da erabat osatu. Alvarez eta Agirrezabalaga ere ez dira sasoi betean, baina entrenatzaileak espero du gaur denak pistara ateratzeko moduan egotea.
Egoerak kezkatzen duela onartu du Juanto Apezetxeak. «Ahal den moduan egin behar diogu aurre partida honi. Naturhouseren aurka ezin dugu hutsik egin». Partida ia derbi baten modukoa izanen dela gaineratu du San Antonioko entrenatzaileak. Lehendabiziko itzulian 23-24 nagusitu ziren nafarrak aurkariaren pistan. Ondorioz, Naturhouse errebantxarako gogoz izanen da. «Talde azkarra da, eta kontu handiz ibili beharko dugu», erran du Apezetxeak.
San Antoniorentzat garrantzitsua da gaur jokoan izanen diren puntuei eustea, Europan aritzeko atea zabaltzen duten postuetan sailkatu ahal izateko. Nekeari aurre egin beharko diote jokalari iruindarrek, eta Europako Errekopa, tarte batez behintzat, bazter utzi.
Eslovenian 28-34 irabazi zuen San Antoniok; beraz, sei golen aldea dute nafarrek datorren larunbateko itzuliko partidarako. Txapelketako finalerdia eskura dute nafarrek. Lehenago, dena den, Liga eta Naturhouse dute zain.
Lesioek baldintzatuta
San Antoniok Naturhouse hartuko du gaur Iruñean; etxeko taldeko hainbat jokalari min hartuta daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu