2002-2003 sasoiaren hastapenean heldu zen Thion Perpinyatik. Gero Munduko Kopa jokatu zuen Frantziarekin eta izugarrizko jokoa erakutsi zuen. Sei Nazioetako Torneoan aritzeko deitu zuten, baina otsailean belauna bihurritu zuen, eta harrezkero jokatu ezinik egon da.
Ostegunean lehen partida jokatu zenuen sei hilabeteren ondoren. Zein da belaunaren egoera?
Kasik zazpi hilabete dira lesionatu nintzela, eta osatze lan luze eta gogorraren ondoan erabat osatuta dudala esan dezaket. Oraindik erritmoa hartzea falta zait, baina jarriko naiz.
Castresen aurka lehen zati osoa jokatu zenuen, eta egia esanda, oso gogotsu eta jokoan esku hartzeko irrikaz jardun zenuen.
Bai, horrela da, gogo handia nuen. Zazpi hilabetez zure taldekideek nola jokatzen zuten ikusten eta zu geldirik egoteak gogoa sorrarazten du, baita utzi behar izan nuenean baino handiagoa ere.
Eskasa ukan zenuten iaz neurria hartu gabeko arloa. Castresen aurka ere asmatu ezinda aritu zineten lehen zatian. Asteazkenean Beziers ukanen duzue aurkari, eta hobetu egin beharko duzue.
Ustez eskas izugarri ona dugu, baina egia da zehaztasun batzuk egin beharko ditugula.
Hasteko, bederen, Olibeaurekin egingo duzu bikoa eskasean; lortu al duzue behar bezala uztartzea?
Bai, bai. Lehen ere elkarrekin jokatu genuen Perpinyan eta ez dugu arazo berezirik.
Aurten multzo berean ariko zarete hamasei taldeak; zer iruditzen zaizu aldaketa? Ez al du galduko ikusgarritasuna?
Baliteke. Iaz partida bat etxean galtzea atzerapauso handia zen eta dena eman behar zen; presio handia geneukan.
Iazko jokalari multzoarekin alderatuta, badirudi aurtengoa osatuagoa dela eta fitxaturiko jokalariek maila hobea dutela; zer deritzozu?
Ordezko eta ohiko jokalarien artean ez dago alderik, eta horretan irabazi egingo du taldeak. Gainera, heldu diren jokalari guztiak ongi integratu dira.
Aitzineratuiguzu zerbait Beziers taldeari buruz?
Aitzinean ahalmentsuak dira baloia irabazten eta saiatzen dira jokoa egiten. Beren etxean indartsuak dira, eta asko jokatzen dute uztartze erdiarekin. Beraz, hori guztia kontuan hartu beharko dugu.
ERRUGBIA. JEROME THION. MIARRITZEKO JOKALARIA
«Lesionatu aitzin nuen gogoa baino handiagoa dut jokatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu