McLaren eta Ferrariren arteko borroka estua espero zen Italiako Sari Nagusian. Eta, neurri batean, hala gertatu zen Q1ean eta Q2an, saio horietan pare-parean zirelako Lewis Hamilton (McLaren) eta Fernando Alonso (Ferrari). Baina Q3ak hankaz gora jarri zuen oreka guztia. Espainiarrak arazo mekanikoak izan zituen autoaren atzealdean, eta 10. postua lortu zuen azken saio horretan, postu apala. Q3an, lehen saioan, talde lanean, goiko muturreraino igotzen lagundu zion Felipe Massa taldekideari —hirugarren postutik abiatuko da—, baina ondoren berak egin zuen huts. «Zerbait hautsi da autoan. Pena izan da, bestela nahiko erraz lortuko genuelako pole-a. Baina bihar [gaur] ondo egongo da autoa».
Jenson Button abiatuko da Hamiltonen ondotik, bigarren postutik, McLarenen asteburuko lan ona biribilduta. Hamilton azken lasterketetan zein eskas aritu den kontuan hartuta, taldeko arduradunak ingelesari kargu hartzen hasita zeuden, eta emaitza balekoa izan dela esan daiteke. Txapelketari begira, berriz, ezin esan daiteke Sebastian Vettel eta Mark Webber, Red Bulleko bikoa, Ferrari baino askoz zuzenago ibili zenik. Webberrek egin zuen hutsik nabarmenena, Q2an aurrera egin ezinik geratuta. Vettel, berriz, autoarekin erabat gustura sentitu ezinik, bosgarren postutik abiatuko da.
Lewis Hamiltonek lortu du 'pole'-a Italian, Jenson Buttonen aurretik
Q2an huts eginda, 11. postutik abiatuko da Mark Webber, eta 10.etik Fernando Alonso, liderra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu