Ligan jasotako 2-0koa ahaztu, eta Kopako finalerdietara gerturatuko lukeen emaitza nahi du Osasunak
asier legarda-ereño
Osasuna
Sasoi honetan Espainiako Ligan gol gutxien jaso duen taldea da Getafe. Hogei partidatan hamahiru gol besterik ez du jaso, eta bere zelaian jokatu dituen hamar norgehiagoketan hiru besterik ez. Espainiako Kopako final laurdenetako joaneko lehia Alfonso Perez futbol zelaian jokatuko dutela aintzat hartuta, Osasunak gaur erronka zaila du. Are gehiago bi talde horien arteko azken neurketetako emaitzak aintzat hartuz gero. Azken bi denboraldietan Osasunak ez du Getafe mendean hartzerik lortu: Iruñera egin duen azken bi bisitetan 0-4 eta 0-2 nagusitu da Bernd Schusterren taldea, eta iragan sasoian gorritxoek Getafen puntu bat erdietsi bazuten ere (0-0), sasoi honetan Liga jardunaldian amore eman zuten nafarrek, 2-0, iragan igandean. Azken lau norgehiagoketan Getaferi gol bat egiteko modurik ere ez dute izan gorritxoek. Joera hori aldatzeko asmoz, otsailaren 28an jokatuko den Espainiako Kopako itzuliko lehian kanporaketa erabakitzea ahalbidetu dezakeen emaitza on baten bila zelairatuko dira Jose Angel Zigandaren jokalariak gaur, joaneko partidan.
Zozketaren berri jakin orduko ohartarazi zuen Zigandak Getaferen arriskuaz: «Kanporaketa orekatua izango da, baina zorteko ere bagaude, Getaferen arriskuaren berri badakigulako azken bi bisitetan irabazi egin baitigute Iruñean», esan zuen Larraintzargo entrenatzaileak final-laurdenetan Schusterren taldearen aurka aritu beharko zutela jakin bezain pronto. Abisatuta zeuden nafarrak. Eta are eta gehiago igandean Ligako jardunaldian Getafen bertan 2-0 galdu ostean. Igandeko jarrera epelarekin ez dute kanporaketagaindituko, eta ideia hori buruan ondo barneratuta zelairatuko dira gaur Alfonso Perez futbol zelaira.
Lezioa ikasita doaz nafarrak Espainiako hiriburura. «Lezio bat ez, bi lezio ikasi genituen igandean: alde batetik, igandean jokatu genuena baino askoz hobeto jokatu behar dugula irabazteko; eta bestetik, aurrean oso talde ona izango dugula. Lehen lezioan ikasitakoa zuzentzea gure esku dago, eta hobetzen ahalegindu behar dugu. Igandean bezala ez, aurreko bi hilabeteetan bezala jokatu behar dugu. Hargatik, Getafe une gozoan dagoela ezin dugu ahaztu, Valentzia kaleratu berri dute Kopan, eta Bartzelonaren aurka ere erakustaldia eman zuten, nahiz eta berdinduta amaitu Bartzelonak baino baloi jabetza handiagoa izan baitzuten», esan zuen Osasunako entrenatzaileak atzo Taxoaren.
BI AURRELARI GABE. Zigandak atzo ezagutarazi zituen deialdirako hautatutakoak, eta aukeratutako hamasei jokalarien artean ez dago Milosevic. Aurrelari serbiar beteranoa da orain artean minutu gehien jokatu dituen aurrelaria, eta kasu honetan atseden eman nahi izan dio Zigandak. Soldadokzigortuta jarraitzen duenez (Bartzelonaren aurkako partidan hasieratik ari daitezke biak), sasoi honetan aintzat gutxien hartu dituen bi aurrelariak soilik sartu ditu deialdian Zigandak: Webo eta Romeo. Kamerundarrak eta argentinarrak ez dute inoiz elkarrekin jokatu hasieratik, eta gaur izan dezakete lehen aukera. Halere, Osasunak aurrelari bakarrarekin jokatzea ere ezin da baztertu, etxetik at sarritan erabili duten 4-1-4-1eko joko sistema aukeratu baitezake entrenatzaileak gaur ere.
Final-laurdenak
Getafe-Osasuna. Gaur, iluntzeko zortzietan, Alfonso Perez zelaian.Deportivo-Valladolid. Gaur jokatuko da, 20:00etan, Riazor futbol zelaian.
Bartzelona-Zaragoza. Gaur, gaueko hamarretan, Nou Campen.
Sevilla-Betis. Bihar jokatuko da sevillarren arteko derbia, 21:00etan.
Valladolid, Lehen Mailakoen artean
Lehen Mailakoa ez den talde bakar bat iritsi da Espainiako Kopako final-laurdenetara. Valladolidek Deportivoren aurka jokatuko du gaur, Galizian, eta Jose Luis Mendilibarren taldeak aparteko aukera dauka kanporaketa honetan ezustekoa emateko, joaneko partida etxean jokatuko duelako. Valladolid Bigarren Mailako liderra da, eta galiziarrek tentu handiz jokatu beharko dute.Eguneko hirugarren partidan, Ligako bi goleatzaile on aurrez aurre ariko dira: Ronaldinho Bartzelonakoak eta Diego Milito Zaragozakoak hamahiruna gol sartu dituzte. Joaneko azken partida bihar jokatuko dute Sevillak eta Betisek.CARLOS CUELLAR Osasunako atzelaria
«Ateari hutsean eustearekin konformatzen naiz»
A. L.Iruñea
Getafen Ligako norgehiagoka 2-0 galdu berri badute ere, Osasunako jokalariak baikor dira, eta Kopak Ligarekin zerikusirik ez duenez gaur iluntzean emaitza ona lortu nahi dute. Kitarakoa jokatu nahi dutela dio Cuellarrek, baina golik ez jasotzearekin konformatzen dela ere aitortu zuen atzo erdiko atzelari madrildarrak.
Igandekoa errepikatzerik ez dago.
Ez, ez, eta ez dut uste errepikatuko denik. Irabazteko asmoz zelairatuko gara; Kopak ez dauka zerikusirik Ligarekin.
Zer da zuzendu beharreko gauza nagusia?
Beno, bideoa ikusi dugu eta badakigu zer ezin dugun errepikatu. Gainera, Getafe talde sendoa bada ere, talde guztiek dituzte ahuldadeak, eta min non egin ahal diegun ere ikusi dugu.
Zuen aurka lortu dituzten azken emaitzen ostean agian lasaiegi ere zelairatu daitezke Getafeko jokalariak.
Ez dut uste jokatu aurretik partida irabazita dutela sinetsita zelairatuko direnik. Azken partidetan ezin izan diegu irabazi, baina igandean halako nagusitasunik ere ez nien ikusi. Guk baino zertxobait gehiago izan zuten partidaren kontrola zelai erdian, baina bi golak izan ezik, ez zuten gol aukera gehiegirik izan.
Getafekoa zelai zaila dela ukatzerik ez dago, halere. Zein izango litzateke emaitza ona zuentzat?
Zelai deserosoa da, eta horrez gain aurkaria oso ondo dago une honetan. Ia ez dute golik jasotzen, eta oso talde sendoa da. Ateari hutsean eustearekin konformatzen naiz ni.
Erakutsi egin beharko duzue Getafek ez dizuela neurria hartu.
Errebantxa hartu nahi digu, eta ez da egia Getafek neurria hartuta digula.