Lhotellerieri ez zaio tokatu loteria

Carlstromek irabazi du Paris-Nizako hirugarren etapa, eta Chavanel da liderra orain

Igor Susaeta.
2008ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Andaluziako Itzuliko lehen etapan ere txartel mordoa erosi zituen Clement Lhotelleriek (Skil Shimano), baina lortu, ez zuen ezer lortu; ez zitzaion tokatu loteria. Jose Antonio Lopez-Gilekin batera 100 kilometrotik gora egin zituen ihesean, baina espainiarrak aurrea hartu zion azken unean. Espainiar batekin beharrean, finlandiar batekin egin zituen atzo 150 kilometro baino gehiago ihesean, Paris-Nizako hirugarren saioan, eta berriro, txartel piloa erosi arren, lana erruz eginagatik, Lhotellerieri ez zitzaion tokatu loteria. Kjell Carlstrom (Liquigas) finlandiarra azkarragoa izan zen Saint Ettieneko helmugan, eta frantziarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen berriz ere, loteriako txartel mordoa poltsikoan eduki arren. Sylvain Chavanelek (Cofidis), berriz, liderraren maillot horia bilatu zuen azkeneko kilometroetan, Croix Chaboureten gora, eta Lhotelleriek ez bezala, nahi zuena lortu zuen. Bera da liderra orain, eta Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi) zein Juanma Garate (Quick Step) aurreneko hamarren artean kokatu dira.

Indartsuenen artean daudela erakutsi dute biek ala biek, eta baita Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) ere. Lhotellerie, Carlstrom eta Bradley McGee (CSC), berriz, ez dira lasterketako txirrindularirik indartsuenetakoak, baina lehiatzeko, sufritzeko prest daudela erakutsi zuten atzoko egun euritsuan -berriro-. Zortzigarren kilometroan salto egin zuten, eta ibilbide malkartsua zein tropelaren lasaitasuna baliatuta, aldea handitzen hasi ziren. 45. kilometrorako 10 minutukoa zen tartea. Hiru txirrindulariek erreleboak ematen zizkioten elkarri, hirurak ari ziren lanean, baina 22 urteko Lhotellerie jardun zen sutsuen.

Atzean, berriz, Christophe Moreauek (Agritubel) piztu zuen sua tropelean, Croix de Chaboureteko (10 km, %6,5eko batez bestekoa) . Hushovd (Credit Agricole) liderra eta Steegmans (Quick Step) zirikatzailea atzean gelditu ziren, eta McGeek ere ezin izan zien eutsiiheskideei. Lhotelleriek buruan igo zuen mendate osoa, eta Carlstrom haren gurpilean. Faboritoen tropelean, aldiz, Roman Kreuzigerrek (Liquigas) egin zuen aurrera, eta geroxeago atera ziren Damiano Cunego (Lampre) eta Chavanel bera. Aurrekoak harrapatuko ez zituztela jakinda, lidergoa zegoen jokoan. Davide Rebellinek (Gerolsteiner) ere bazuen lider izateko aukera, eta faboritoen multzoko -18 bat txirrindulari- buruan jarri zen, Chavaneli ihes egiten ez uzteko.

Faboritoak batera heldu ziren helmugara. Aurrean, baina, etapa zegoen jokoan. Carlstrom eta Lhotellerie elkarrekin hitz egiten hasi ziren helmugarako bidean, baina, antza, ez zuten akordiorik lortu. Frantziarrak gurpilean eraman zuen helmugaraino 31 urteko finlandiarra, eta bere ibilbideko garaipen garrantzitsuena lortu zuen.

Laugarren etapa jokatuko da gaur (176 km), eta Mont Sereineneko eski estazioan bukatuko da, Mont Ventoux mitikoa baino bost kilometro beherago, alegia.



saILKaPenaK
HIRUGARREN ETAPA

1.Kjell Carlstrom (Liquigas) 4.39.14

2. C. Lhotellerie (Skil Shimano) d.b.

3. Pierre Rolland (Credit Agricole) 43ra

4. Davide Rebellin (Gerolsteiner) d.b.

5.Roman Kreuziger (Liquigas) d.b.

6. Rinaldo Nocentini (Ag2R) d.b.

7.Robert Gesink (Rabobank) d.b.

8. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

9.L. L. Sanchez (Caisse d'Epargne) d.b.

10. Gorka Verdugo (E. Euskadi) d.b.

12. Igor Anton (E. Euskadi) d.b.

43. Cadel Evans (Silence Lotto) 5.11ra



NAGUSIA

1. Sylvain Chavanel (Cofidis) 12.37.01

2.L. L. Sanchez (Caisse d'Epargne) 3ra

3. Gorka Verdugo (E. Euskadi) 8ra

4.Davide Rebellin (Gerolsteiner) 14ra

5.Juanma Garate (Gerolsteiner) 18ra

6. Yaroslav Popovych (Silence Lotto)19ra

7. Rinaldo Nocentini (Ag2R) 21era

8. Robert Gesink (Rabobank) d.b.

9. Karsten Kroon (CSC) 22ra

15. Igor Anton (E. Euskadi) 2.45era

62. H. Zubeldia (E. Euskadi) 20.28ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.