Gola: 0-1: Benzemak (6. min.);0-2: C. Ronaldok (36. min.); 0-3: Higuainek (39. min); 1-3: Ninok (46. min.); 1-4: C. Ronaldok (68. min.); 1-5: Higuainek (74. min). Epailea: Muñiz Fernandez. Txartel gorriak Osasunako J. L. Mendilibarri (10. min) eta Lamahri (89. min) eta horiak Sergio eta A. Fernandezi eta Real Madrileko Ramosi. Bestelakoak: 18.161 ikusle Nafarroako Erresuman.
Sei jardunaldi zeramatzan Osasunak galdu gabe, baina jipoia hartuta galdu zuen liderraren aurkako atzoko norgehiagoka. Real Madril mendean hartu eta Europarako hautagaitza aurkeztea zen gorritxoen helburua, baina zaplazteko ederra hartu zuten atzo nafarrek, joko ikusgarririk egin ez baldin bazuten ere goitik behera nagusitu baitziren Jose Mourinhoren jokalariak. Bi taldeen arteko aldea agerian geratu zen, eta liderrari aurre egiteko argudiorik gabe geratu zen Osasuna partida hasi orduko. Zuhur eta ohi baino ausardia gutxiago erakutsi zuen Jose Luis Mendilibarrek hasierako hamaikakoa aukeratzerakoan, eta larrutik ordaindu zuen hori Osasunak. Bigarren zatian gauzak aldatzen saiatu zen Mendilibar, baina ordurako partida erabakita zegoen.
Osasunaren hasierako hamaikakoa ikusita, argi zegoen defentsako lana zela lehentasuna. Lau kideko atzelari lerroan hiru erdiko atzelari zeuden —Roversio eskuin hegalean aritu zen—, eta zelai erdian hiru euskarri jarri zituen Mendilibarrek: Puñal, Nekunam eta Raoul. Real Madrilen erauntsiari lehen minutuetan eutsi eta pixkanaka-pixkanaka gora egin ahal izatea nahiko zuen entrenatzaile zaldibartarrak, baina Ozil, Ronaldo, Benzema eta Higuain dituen talde bati baloia oparitzeak arrisku handia dauka eta berehala ikusi zen gorritxoek prestatutako guztia hankaz gora jarriko zutela Mourinhoren mutilek. Ronaldok ezker hegaletik eginiko jokaldi on bat modu zoragarrian amaitu zuen Benzemak, eta Real Madril markagailuan aurretik jarri zuen (7. min). Egundoko boleakada izan zen aurrelari frantziarrarena, eta Andres Fernandezek ezin izan zuen ezer egin.
Golaren osteko txakalaldia gainditu eta pixkanaka Real Madril bere zelai zatian sartzeko gai izan zen Osasuna. Hargatik, Osasuna ondoen ari zenean, Cristiano Ronaldok hogeita hamar metrotatik egin jaurtiketa bortitz batean, liderrak bigarren gola sartu zuen. Andres Fernandezek zerbait gehiago egin zezakeela zirudien, baina abiadura ikaragarrian bota zuen baloia Ronaldok, eta sarean sartu zen. Osasuna jota geratu zen. Jose Luis Mendilibar harmailetan zen lehen ordu laurdena bete aurretik, epaileak egotzi egin zuelako, eta zaldibartarrak ezintasunez ikusi behar izan zuen bere taldearen gainbehera harmailetatik. Atzelarien huts bat baliatuz, Higuainek hirugarren gola sartu zuen madrildarrentzat, atsedenaldirako bost minutu falta zirela, eta partida erabakita zegoen jada.
Bigarren zatian Dejan Lekic zeliratu zuen Mendilibarrek, Raoul Loe aulkian utzita, eta taldeak beste itxura bat eman zuen lehendabiziko minutuetan. Roversiok eskuin hegaletik eginiko erdiraketa dotore bat sarera sartu zuen Ninok buruz hirugarren minutuan, eta Osasuna partida sar zitekeela zirudien, baina ez zen halakorik gertatu. Nafarroako Erresuma ez zen infernua izan atzo Real Madrilentzat. Arriskuak hartu beharra zeukan Osasunak, eta Real Madrilen izarrek partida egokia izan zuten kontraerasoetan gol zaparrada bat lortzeko. Cristiano Ronaldok falta jaurtiketa batean sartu zuen laugarrena. Hesia jartzen ari zela eskatu zuen Andresek, baina txartel horia besterik ez zuen lortu Osasunako atezainak. Muñiz Fernandezek ez zuen Real Madrilen aurkako erabaki bakarra ere hartu, eta Mendilibar eta Lamah egotzi zizkion Osasunari. Ronaldoren jokaldi bat buruz errematatu eta bosgarrena sartu zuen Higuainek.
Partida amaitzea beste nahirik ez zuten Osasunako jokalariek. Astero Real Madrilen aurka jokatu beharrik ez dago, ordea, zorionez. Eta atzokoa lehenbailehen ahaztu eta Europarako sailkatzen ahalegindu behar dute hurrengo zortzi partidetan.
OSASUNA 1. REAL MADRIL 5
Liderraren lehiarik erosoena
Ateari hutsean eusteko itxaropenarekin atera da Osasuna, baina prestatutako guztia berehala hankaz gora jarri dio Real MadrilekOsasuna ezinean aritu da partida osoan, eta atsedenaldirako hiru gol jasoak zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu