Liderrik gabeko itzulia

Michael Albasinik irabazi du Suitzako zortzigarren etapa; Rui Costa buru dela, estu dago sailkapena

unai zubeldia
Donostia
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Zortzi etapa igaro, erlojuaren aurka 41,6 kilometro egin, eta mendiko azken etapa gogorra falta denean, Suitzako Itzuliko sailkapen nagusian bosgarren postuan dago Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi), Rui Costa (Movistar) liderrarengandik 40 segundo eskasera. Leitzarrak erlojuaren aurka eman ohi duen maila kontuan hartuta, zerbait esan nahi du horrek. Costak erakutsi zuen atzo atera beharreko gehiena atera diola gorputzari; Frank Schleckek (RadioShack) agerian utzi zuen erasoa jotzeko gaitasuna bai, baina irauteko lanak dituela; Levi Leipheimerrek ere (Omega) ezin du alderik atera aldapa gora. Robert Gesink eta Steven Kruijswijk (Rabobank) sufritzen ari dira; baita Roman Kreuziger (Astana) eta Jakob Fuglsang ere (RadioShack)... Lider argirik gabe dago Suitzako Itzulia.

Azken etapa besterik ez zaio falta Frantziako Tourraren atarian jokatzen den azken itzuli serioari, eta hamar bat txirrindulari daude oraindik lasterketa irabazteko aukera argiekin. Ikusleen begietara, ikusgarritasuna emango dio horrek gaurko etapari, baina ezintasuna edo erabateko oreka ere erakusten du datuak.

Hori bai, sailkapen nagusiko borrokatik urrun ibili arren, goraipatzeko modukoa da Michael Albasinik (Greenedge) zortzigarren etapan emandako erakustaldia. 18. kilometroan ihes egin zuen suitzarrak, Peter Velits (Omega), Thomas Dekker (Garmin) eta Remy Cusinekin (Team Type 1) batera. Eta bakar-bakarrik iritsi zen Arosako azken igoerara. Indarrak ondo neurtuta, eta alde politarekin, gozatu egin zuen Albasinik etxeko zaleak ere gozatzen ari zirela ikusita.

Maila bereziko bi mendate

Gaur amaituko da Suitzako Itzulia, mendiko etapa nagusiarekin. Bigarren mailako bi mendate igo beharko dituzte —azkena, helmugara bidean—, eta maila bereziko beste bi ere bai. Nafels-Lintharenan hasi eta Sorenbergen amaitu, 215,8 kilometro dauzka etapak. Lanean hastearekin batera igoko dute aldapatxo bat, puntuagarria ez dena, eta 104. kilometroan igoko dute bigarren mailako lehen mendatea, Rengg. Hura jaitsi eta Fluhli herrian hasiko dira Glaubenbielen maila bereziko lehen mendatea igotzen. 15 kilometroko igoera izan arren, ez da bereziki gogorra (%4,7koa da batez bestekoa), baina bukaera dauka zaila, azken lau kilometroetako batez bestekoa %8koa delako.

Are gogorragoa Glaubenbergeko igoera izango da. 36,7 kilometro faltako dira mendate pankartapetik helmugara, eta igoera bera tentea da gainera. 14,4 kilometro dauzka, eta batez bestekoa %7,1ekoa da. Lehen bi kilometro eta erdietan %10,3ko batez besteko aldapa daukate, eta 8. kilometrotik 10,5era ere %10etik gorakoa da batez bestekoa. Okerrik ezean, hortxe hautsiko da lasterketa erabat, Hasle herritik gora, azken 19 kilometroak samurragoak direlako.

Sailkapen nagusiak bihurtuko du gaurko etapa erabat erakargarri, lehen zortzi sailkatuen artean minutu bakarreko aldea dagoelako. Talde estrategiekin hankaz gora jar daiteke gaur Suitzako Itzulia, Rui Costa liderrak majo sufritu zuelako atzo, gaurko etapa nagusiaren atarian. 14 segundora dago Schleck, 21era Leipheimer eta 25era Gesink.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.