Espainiako Kopa, Espainiako Kopa eta Espainiako Kopa. Athleticen inguruan ez dago besterik. Sevillaren aurka jokatu beharreko finalaurrekoko itzuliko partidak sekulako ikusmina sortu du jarraitzaile zuri-gorrien artean. Horren adibide da bazkideentzat San Mameseko txardeldegiak zabaldu zituzten lehen eguneko argazkia. Kopako itzuliko lehia ikusteko ordaindu egin behar den arren eta astebete izanagatik sarrera eskuratzeko, lehen egunean ilarak sortu ziren. Ikaragarria.
Baina Kopako partida aste eta erdi barru jokatuko du talde bizkaitarrak. Aurretik beste bi neurketa jokatu beharko ditu. Eta jokalarien eta entrenatzaileen ardura da ordura arte Ligan buru-belarri aritzea. Orain arte ez dute lortu. Sevillan jokatutako Kopako joanekoaren ostean emandako itxura kezkagarria izan da oso. Valladoliden galdu egin zuten. Zelaiaren egoera kaskarra, urtarrileko aldapa gogorraren ondorioak... Mila kontu aipatu ziren talde zuri-gorriak partida txarra jokatu izana justifikatzeko. Norbaitek ahaztu baldin badu, Fernando Llorentek hasieratik jokatu zuen Zorrilla Berriko partida.
Astebete geroago Recreativo aritu zen San Mamesen. Eta gauzak ez ziren asko aldatu. Gauza bat izan zen ezberdina. Merezi ez arren, puntu bat batu zuten zuri-gorriek. Baina jokoa antzekoa izan zen neurketa bietan. Amaitzear dagoen astean Llorente izan da izarra. Haren hutsunea ezin beterik ibili omen zen Athletic Lucas Alcarazen taldearen kontra. Neurri batean egia da, gainera. Llorentek taldeari ematen dizkion gauzak ezin baitizkio beste inork eman. Gaur egun ez, behintzat. Baina zale eta hedabideek jakin beharko lukete dagoeneko. Llorenteri Urzaizen itzalarekin gertatu zitzaiona egiten ari dira Velezekin. Orain egiteko gai ez den jokoa eta eraginkortasuna erakusteko eskatu zaio aurrelari nafarrari Llorente egon ez denean. Neurri bako kritikak jaso ditu. Akats larria izan da: batetik, Llorentek egiten dituen gauzak oso aurrelari gutxik egiten dituztelako Espainiako Ligan; bestetik, Ion Velez sekula ez delako izango oraingo Llorente bezain ona. Jokalari bakoitzari bere gaitasunaren arabera eskatu behar zaio. Velez ez da izar bat, eta, seguruenik, ez da sekula izango. Hori bai, gauza on asko ematen dizkio taldeari. Hori hartu behar da kontuan. Bestela, gehiegi estutuz gero...
Salbatzailea, prest
Aurrelari espainiarra hasieratik arituko da Getaferen aurka. Osatu da eta ez du inolako arazorik izango taldeari laguntzeko. Denboraldi guztian eta batez ere azken aste bietan jaso dituen laudorio guztiak bere kontra ez bihurtzea izango litzateke onena. Zer gertatuko litzateke hurrengo hilabetean golik sartzen ez badu edo orain arte bezain ondo jokatzen ez badu? Jarrai dezala orain arteko bide beretik, bestela entzun beharko ditu epelak. Llorenterekin batera Koikili eta Yeste ere sartu dira deialdian. Oker handirik ezean, biak hasieratik arituko dira, gainera. Bestalde, Fernando Amorebietak ezin izango du jokatu. Iurretako erdiko atzelariak min hartu zuen osteguneko lan saioan, eta etxean geratu beharrean egon da. Haren postuan Xabi Etxeita arituko da. Orain arte eskatu zaiona eman du atzelari bizkaitarrak.
Jokatzen duenak jokatzen duela, azken jardunaldietan galdutako sentsazioak berreskuratu nahi ditu Athleticek. Duela bi hilabete inguru garaiezina zirudien taldeak menderatzen erraza dirudi orain. Talde jokoa berreskuratu behar du Athleticek, talde itxura emanda lortuko baititu emaitza onak. Eta emaitza onak eskuratuta izango du konfiantza .
Hori guztia lortzeko lehen aukera Getaferen zelaian izango du. Baina aurrekariak ez dira onak, Athleticek ez baitu inoiz irabazi Alfonso Perezen. Dena dela, horrelakoetan esaten den legez, estatistikak apurtzeko daude. Hori bai, Caparrosek itxura ona hartzen dio Getaferi: «Ondo egituratua dago taldea. Urtetik urtera hazi egin da»
Liga ez da amaitu oraindik
Azken partidek utzitako zapore txarra gozatu nahi du gaur Athleticek, Getaferen etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu