Ligak du garrantzia

Espainiako Kopako final-laurdenak ahaztu eta Ligako bolada txarra zuzentzen hasi behar du Osasunak gaur, Espanyoli irabazita

Iruñea
2010eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, asteazkenean pozik itzuli ziren etxera Nafarroako Erresumako zaleak. Joko ikusgarririk egin ez bazuen ere, Osasunak Espainiako Kopako final- laurdenetarako sailkatu zen, Hercules mendean hartuta, eta ukatzerik ez dago Jose Antonio Camachoren taldeak Kopari esker zaleen artean ilusioa piztu duela. Ligan oso bestelakoa da gorritxoen egoera, nolanahi ere. Azken hamar jardunaldietan partida bakarra irabazi dute nafarrek lehiaketa nagusian, eta jaisteko postuak gero eta gertuago dituzte: hiru puntura une honetan. Horrexegatik, gaur arratsaldeko lehia irabazteak berebiziko garrantzia du. Espanyolen bisita jasoko du Osasunak, eta irabaziz gero, kataluniarrei sailkapenean aurrea hartuko diete gorritxoek.

Izan ere, Espanyolek Osasunak baino bi puntu gehiago besterik ez du. Hamalaugarren tokian hasiko dute jardunaldia Camachoren mutilek, eta hamahirugarren postuan dira Mauricio Pochettinorenak. Hiru puntuak Iruñean geratzea lortuz gero, Osasuna gutxienez postu bat aurrerago jarriko da sailkapenean, Espanyol gaindituta. Baina hori baino garrantzitsuagoa izango litzateke jaisteko postuetan diren hiru taldeekiko aldea handitzea, eta asteazkenean Kopak eragindako ilusioaren sutara egur apur bat gehiago botatzen badute bide batez, askoz hobeto.

Helburua zein den argi dago, beraz: irabazi egin behar da gaur. «Puntuak nahi ditugu, aurkaria nor den aintzat hartu gabe puntuak batzea da gakoa orain, une honetan talde guztiak baikaude puntu premian», esan zuen atzo Camachok. Osasunako entrenatzaileak etsita amaitu zuen joan den asteburuan Riazor futbol zelaian Deportivoren kontrako partida. Jokalariei irabazteko grina behar bezala helarazten ez duela asmatzen ere aitortu zuen 1-0 galdu ostean. Hargatik, gaur arratsaldeko lehiarako hobeto prestatuta ikusten ditu bere mutilak: «Jakina mentalizatuta daudela; profesionalak gara, etxean jokatuko dugu, eta beharrezko mentalizaziorik gabe zelairatzea barkaezina izango litzateke. Riazorren ilusiorik gabe aritu zen taldea, baina horrek ez du zertan berriz gertatu; Herculesen aurka Kopan irabaztera zelairatu ginen gero», adierazi zuen Camachok atzo.

Kontuak kontu, Osasunak ezin du puntuak galtzen jarraitu. Nafarroako Erresuman Ligako azken garaipena lortuz geroztik, hiru hilabete igaro dira ia-ia. Urriaren 18an Atletico Madrilen aurka lortutako 3-0eko dotorea urrunegi geratu da, eta suspertu beharra daukate gorritxoek etxeko partidetan. Izan ere, Atletico Madrilen aurkako partidaz geroztik, etxean lau partida jokatu dituzte Camachoren mutilek, eta Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka meritu handiko berdinketak lortu zituzten, baina Valentziak eta Mallorcak hiru puntuekin alde egin zuten Osasunaren zelaitik. Joera hori lehenbailehen amaitzea komeni da.

Lehen itzulia, erdipurdikoa

Horretarako, Kopa ahaztu beharra dago: «Aukera asko ematen dizkizu Kopak, eta garrantzitsua da lehiaketa horretan jarraitzea, baina Liga da garrantzitsuena guretzat. Finalerako sailkatuz gero, ezberdina izango da, baina hori oso urrun dago oraindik», esan zuen atzo Camachok. Espanyolen aurkako partidako hiru puntuak soilik zituen buruan entrenatzaileak.

Eta Camachoren jokalariek ere argi dute zein den orain lehentasuna. «Lehen itzulia amaitu bitartean geratzen diren bi partidetan, gutxienez, lau puntu batu behar ditugu lehen itzuli duina egin dugula esan ahal izateko», adierazi zuen herenegun Javier Camuñasek. «Lehen itzulia amaitu aurretik sei puntu batu behar ditugu», esan zuen astelehenean Josetxok, euren buruari erronka zaila jarrita. Bi partida geratzen dira lehen itzulia bukatzeko, eta gaur Espanyoli irabazteaz gain, datorren asteburuan Xerez azken sailkatuaren zelaian ere gauza bera egin beharko lukete gorritxoek Josetxok amestutako sei puntuak batzeko. Hutsik txikienari tarterik ez zion utzi Osasunako atzelari beteranoak.

Aurreko sasoian hamahiru puntu besterik ez zuen bildu Osasunak lehen itzulian. Marka txarra, benetan. Orduko marka hobetu egin dute aurten. Baina joan den sasoian, bigarren itzulian, 30 puntu batu zituen Osasunak, eta hori errepikatzea erraza ez denez izango, erdipurdiko lehen itzulia itxuratzen ahalegindu beharra daukate hurrengo bi partidetan. Lehendabizikoa gaur arratsaldean jokatuko da, Espanyolen aurka. Irabazi beste aukerarik ez dauka Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.