Frustrazioak irentsi berrizuen Gary Lineker futbolaren historian toki bat egin zion esaldia bota zuenean. Erdilari bikaina izan arren, «futbola hamaikak hamaikaren aurka jokatzen duten kirola da, eta Alemania beti irabazten duena» esateagatik geratu da zaleen memorian. Mila aldiz errepikaturiko topikoa da, germaniarraren izaera lehiakorra goratzeko, baina Italian ez dute ulertzen. Izan ere, italiarrek ez dute inoiz galdu gaurko aurkariaren aurka, ez Eurokopan, ezta Munduko Kopan ere.
Italiak Ingalaterra penalti jaurtiketetan kanporatu zuenean, Alemaniako zaleen aurpegia aldatu egin zen. Nahi ez zuten aurkaria egokitu zitzaien, historikoki neurria hobekien hartua dien selekzioa. Zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka txapelketa handietan. Italiak hiru irabazi ditu, tartean Munduko Kopako final bat, eta beste laurak berdinketak izan dira. Bild da Alemanian ale gehien saltzen duen egunkaria, eta astelehenean haonela titulatu zuen Eurokopako kronika: «Italia, orain kitatuko ditugu zorrak».
2006ko Munduko Kopan eman zion Italiak azken bizkarrekoa Alemaniari, eta hartaz geroztik zauriak miazkatzen aritu da. Etxean eman ere, Dortmunden, finalerdietan 0-2 irabazita. Partida hartan, itxura ahuleko ile luzeko erdilari mehar batek orkestra zuzendari lanak bikain egin zituen. Pirlo zen, egungo selekzioko burmuina, eta bera zelaian zen luzapenaren bukaeran Grossok (119. min.) eta Del Pierok (121. min.) gola sartu zutenean. Fleroko artistaz gain, orduko beste hiru jokalarik segitzen dute selekzioan: Buffonek, De Rossik eta Barzaglik.
1982ko finala
Kronologikoki atzera eginda, hurrengo partida izan zen garaipenik loriatsuena: 3-1. Madrilen, 1982ko Munduko Kopako finalean. Italiaren inspirazioak bigarren kopa jarraian irabaztea eragotzi zion Rummeniggeren Alemania Federalari. Italia hark Peru, Kamerun eta Poloniaren aurka berdinduta ekin zion txapelketari, eta, gero, txapeldun izan zen.Finalean, Cabrinik penaltia huts egin zuen, baina Rossik, Tardellik eta Altobellik garaipena ziurtatu zuten Breitnerrek emaitza dotoretu aurretik.
Hirugarren garaipena mendeko partida deritzon lehian lortu zuen, izen hori erdipurdiko edozein partidari egozteagatik usteldu aurretik. 1970eko Munduko Kopako finalerdietan, eta Italiak 4-3 irabazi zuen. 102.444 ikusle batu ziren Mexiko Hiriko Azteca estadioan partidaikusteko. Boninsegnak 8. minutuan sarturiko gola Schellingerrek berdindu zuen 92. minutuan. Muellerrek 2-1ekoa sartu zuen seguru asko historiako luzapenik onena izandakoaren hasieran, eta Burgnichek binakoa. Rivak Italia jarri zuen aurretik, eta Mullerrek hirunakoa sartu zuen 110. minutuan. Minutu bat geroago, Riverak 4-3koa sartu zuen. Partida hartako heroia Beckenbauer izan zen: 67. minutuan sorbalda atera zitzaion, eta hautatzaileak aldaketak eginak zituenez, ordubete jokatu zuen besoa lotuta zuela.
Berdinketei ez darie beste partidei adinako epikarik. 1996ko Eurokoparen lehen fasean hutsean geratu ziren, eta 1988koan, bana. 1978ko Munduko Kopako lehen fasean, berriz, hutsean geratu ziren, eta elkarren aurkako lehen partidan ere bai, 1962ko Munduko Kopako multzo fasean. Hala ere, estatistikari begiratuta, Alemaniak badu gaur itxaropentsu egoteko motiborik: Eurokopan ez du inoiz galdu Italiaren aurka. Kontsolatzen ez dena nahi ez duelako dela esaten dute, Lineker bezala.
Futbol. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Alemania-Italia finalerdia
Linekerren kontsolamendua
Alemaniak inoiz ez dio irabazi Italiari Eurokopan eta Munduko Kopan elkarren aurka jokaturiko zazpi partidetan, «amaierarik gabeko errebantxa» deitzen diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu