Dirua etengabe eskuz aldatzen da. Diru txikia, eta diru handia. Balio gutxiko txanponak, eta hiru zenbakiko billeteak. Horiek, ordea, ez dira eskuz esku ibiltzen, baizik eta banketxe eta aurrezki kutxetako bulegoetan barrena. Errusia eta Turkiako banketxeetan, batez ere. Merkatuak bi herri horietako enpresaririk aberatsenen poltsikoak bete ditu lepo, eta haiek saskibaloian aurkitu dute euren handinahiari etekina ateratzeko bidea. Futbolaren bitartez saiatu ziren aurrena, baina egindako inbertsio ikaragarria eta bueltan lortutako kirol arrakasta gaua eta eguna bezala izan dira: zeharo ezberdinak.
Ikusteko dago saskibaloian arrakastarik lortuko ote duten, baina ziurra da egoskor saiatuko direla. Ez da urrun joan behar Moskuko CSKA ahaltsuari zer gertatu zitzaion gogoratzeko. Euroligako finala galdu zuen azken segundoan Olympiakosen aurka, 42 milioi euroko talde puska osatu ostean. CSKAk ez du etsi, eta, Ettore Messinaren eskutik, Europako errege izaten ahaleginduko da berriro. Armada Gorriak hankapean ibili izan ditu Errusiako beste saskibaloi taldeak orain arte, baina hori bukatu da, beste talde indartsuek ere diru zakua erabili dutelako. Khimki, Euroligari dagokionez.
Messinak dauka CSKAko aginte makila. Eta erabaki asko hartu ditu, Andrei Kirilenko eta Alexei Xved NBAra joan direlako —Jamont Gordonek ere taldea utzi du—, baina trukean etorri direnak ez dira herrenak: Aaron Jackson, Gescrapetik, Milos Teodosici laguntzeko. Drew Nicholas eskolta, Vladimir Micov eta Sonny Weems hegalekoak ere Moskura joan dira, Aleksei Zozulin errusiarrarekin batera. Saskipean Zoran Erceg turkiarra fitxatu dute Olympiakosetik. Ez ahaztu, Moskun jarraitzen dute izar askok: Teodosic, Viktor Khriapa, Anton Ponkraxov, Andrei Vorontxevitx, Saxa Kaun eta Nenad Krstic.
Moskuko eskualdea ordezkatzen du Khimkik, eta errublo zakua erabili dute udan, urte dezente Euroligatik Eurokopara jauzi egiten ibili ostean. Azken txapelketa hori irabazi zutelako daude Euroligan, eta Rimas Kurtinaitis lituaniarrak talde handia eraiki du. Egin kontu iritsi direnekin: Petteri Koponen eta Kelvin Rivers. Saskipean, Paul Davis eta James Augustine pibotak fitxatu dituzte ACB ligatik. Taldean jarraitzen dutenekin ere zalantza gutxi: Zoran Planinic, Vitali Fridzon, Segei Monya, Matt Nielsen eta Kreso Loncar. Ez du CSKAk adina izen, baina ez du urrun izango Lauko Finala.
Errusia, Turkiaren ispilu
Errusia aspaldi hasi zen kirol ekimen erraldoiak sustatzen, eta haren ereduari jarraitu diote Turkian ere. Askoz arrakasta apalagoarekin, egia esanda. Turkiako lira diru garrantzitsu bilakatu da Europako saskibaloiaren merkatuan, eta, antza, ez daude gustura orain arte erabili duten dirutzarekin. Besteak beste, kirol arrakasta usaindu ere ez dutelako egin; horren adibide garbia, Azken Lauko Finala: Istanbulen jokatu zen, plaza ezin hobea Turkiako talderen batek bertan parte har zezan, baina, asmoak asmo, ez Fenerbahce Ulker, ez Anadolu Efes, ez Galatasaray, ez ziren sailkatu Lauko Finalerako. Porrot horren ondorioetako bat kirol politika aztertzea litzateke, baina Turkiako aberatsenek ez diote zirrikiturik uzten autokritikari. Diru asko erabili eta titulurik ez? Bada, diru gehiago jarri, izar distiratsuagoak fitxatu eta tituluak lortzen saiatzeko.
Inbertsioak fruituak eman beharko lituzke, baina diruak ez du miraririk egiten, asko laguntzen badu ere. Taldeek osatzeko, elkar ulertzeko eta beste epe jakin bat behar dute, eta oso litekeena da sasoi honetan Turkiako taldeak Lauko Finaletik gertu egotea. Bai Fenerbahcek, bai Anadolu Efesek, mugimendu interesgarriak egin dituzte, eta zeresana emango dute hilabete batzuk barru. Argudio nagusia? Fitxatu dituzten entrenatzaile bikainak. Fenerbahcek Simone Pianigiani fitxatu du Montepaschi Sienatik, eta Efesek Oktay Mahmuti, Turkiako entrenatzaile ezagunenetakoa.
Pianigianik ospe handia du Europan, Messinaren ondoren entrenatzaile onenetakoa. Urteak egin ditu Italian, eta Turkiara ondo lagunduta joatea erabaki du. Bo McCalebb, Europako joko antolatzaile onena, eta David Andersen, Europako pibot dotoreenetakoa eraman ditu berarekin Istanbulera. Bikote horrek bost milioi euro baino gehiago jasotzen du, baina Pianigianiri kontu korrontean diru gehiago zegoela jakinarazi zioten. Erabakia, Mike Batiste eta Romain Sato fitxatzea. Europako pibot onenetakoa, eta eskolta aparta. Fenerbahce indartu, eta Panathinaikos kolpatu! Laukote horrek ez du laguntzaile finik faltako: Omer Onan, Baris Ermis, Bojan Bogdanovic, Emir Predzlic eta Kaya Peker.
Koska bat beherago dago Anadolu Efes, Jordan Farmarrek eta Sasha Vujacicek taldean jarraitzen badute ere. Jamont Lucas lapurtu diote Galatasaray bizilagunari, eta Sinan Guler eta Kerem Tunceriren eskarmentua ere lagungarria izango da. Saskipean, ordea, ez du aldaketarik egin, iragan sasoian Barac-Batista-Savanovic hirukoak emaitza on-onik ez zuela eman jakitun badira ere.
Ez dira hautagai bakarrak izango. Errespetua zor zaio Panathinaikos-Olympiakos Greziako bikoteari, ACB ligako bi talde boteretsuenei bezala: Real Madril eta Bartzelona. Klase ertaineko kide diren hainbat taldek ere kolperen bat emateko gogoa izango dute. Multzo horretan leudeke Baskonia, Unicaja, Siena, Emporio Armani Milan edo Cantu. Lehen fasea hasi bezperan, gogoan edukitzeko moduko errealitate gordina: Euroligan ez dago talde apalik, eta hutsak garesti ordaintzen dira.
Saskibaloia. Euroliga
Lirak eta errubloak: sosak non, izarrak han
Espainia eta Greziako botere ekonomikoa zokoratu dute Turkia eta Errusiako enpresari aberatsek, eta diru zakua erabili dute jokalaririk garestienak fitxatzeko. Adibidez, Fenerbahce Ulker eta Khimki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu