Lituaniak 64-67 irabazi dio atzo Serbiari, eta Europako Saskibaloi Txapelketako finalerako sailkatu da. Finalerdi lehiatu eta gogorra izan da, eta Lituaniak defentsa lan zorrotzari esker irabazi du. Serbiak, aldiz, faboritoa zenak, ez du bere eguna izan erasoan. Lituaniak igandean jokatuko du finala, Lillen (Frantzia) Espainiaren aurka. Eurobasketeko seigarren finala du, eta 2013an txapeldunorde izan zen. Bide batez, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du.
Lituaniak ezustekoa eman du, hein handi batean Serbiak baino hobeto jokatu duelako azken laurdenean. Hirugarrena bost puntugatik irabazten bukatu ondoren (48-43, 30.min.), ondo kudeatu ditu nekea eta faltak. Serbiak ez du partida ona jokatu, boladaka aritu da, baina luzapena eragiteko zorian egon da. 64-66 galtzen ari zela, eta hamar segundo falta zirenean, Bogdanovic baldar ibilida azken jabetzan. Barnealdi ustez erraza zuen kontraerasoan, baina estropezu egin du faltaren bila joategatik.
Lituaniako onenak Valanciunas (15 puntu), Kalnietis (13) eta Seibutis (13) izan dira. Bilbo Basketeko jokalari ohiak ardura handia hartu du bere gain azken bi minutuetan. Serbian Teodosic izan da onena (16 puntu). Halere, nabarmentzekoa talde guztiak hiruko marratik izandako egun txarra: 28 hiruko bota dituzte guztira eta sei bakarrik sartu.