Frantzia hainbesteko komeriak izango zituenik Nigeria menderatzeko ez zen asko uste. Baina hortzak erakutsi dizkio Afrikako selekzioak Europakoari, eta azkenean, Nigeriaren huts batek eraman du final 1/8etako partida hau Frantzia aldera. Logikak zioena bete da azkenean, baina ez uste zen bezala. Beste era batera inposatu da logika hori.
Bizi hasi dira bi taldeak. Orain arteko kanporaketarik ederrena izan da hasiera horretan. Hasi orduko hautsi da partida. Zelai erdian zuloa besterik ez, eta jokalariak bi areen inguruetan. Gora eta behera. Dinamika horretan, ohikoa izaten da kalitate handiena duen taldea nagusitzea, eta ematen zuen Frantziaren esku zegoela asmatzea. Baina golik ez eta minutuak aurrera. Gainera, Nigeriari gol bat baliorik gabe utzio dio marrazainak (ondo hartutako erabakia).
Gora eta behera horretan, Frantziak duen indarguneetako bat, handiena ziurrenik, agerian geratu da: kontraerasoa. Baina Nigeriaren ezaugarri onena ere horixe izanik, beste zerbaiten beharrean zen Deschampsen taldea. Baloia gehiago edukitzea behar zuen, baina ezin. Oso makal erabiltzen hasi da, eta Nigeriari ez zion minik ematen. Alde batera, kontrola eman dio partidari, baina arriskua gutxitu da. Frantziari onik ekarri dio hala ere lehen zatiaren amaiera horrek: presioa goian egiteko aukera. Nigeriaren kontraerasoa sustraian bertan ebakitzeko modua izan du horrela.
Bigarren zatian, Nigeriak baloiaren jabetzari heldu dio. Menderatu egin du Frantzia. Ez dio utzi ezertan. Erasorako aukerarik ere ez. Ederra izan da nola lotu duten afrikarrek defentsako eta erasoko lana: baloia lapurtu orduko hegaletara eramanez. Izan ere, Frantziak hiru jokalari izaten ditu erdialdean (barrutik hirurak) eta zuloak hegalean uzten ditu. Ondo egin du hori Nigeriak, eta askotan heldu da gora hegaletatik. Baina hor oker ibili da: aurrelari bakarra askotan Frantziako lau atzelarien aurka, eta erdiraketa guztietan eroso aritu dira frantziarrak.
Bi atezainen lana ere nabarmendu egin behar da. Nigeriaren aukerak urruneko jaurtiketak izan dira beti, eta ondo aritu da Lloris. Nigeriako Enyeamari gertuagotik ere astindu dizkiote jaurtiketak, eta lan ederra egin du.
Izen propio gehiago, eta bat ezaguna gainera: Griezmann. Girouden partez atera du Deschampsek 62. minutuan, eta partida aldatzen hasi da. Ez itxura orokorra, baina bai Frantziaren presentzia eta jokoa erasoan. Gutxirekin zerbait egiten hasi da, eta eman du aditzera gai izango zela eraginkortasunarekin partida irabazteko. Halaxe izan da. Baina Nigeriak lagunduta. 79. minutuan, korner batean, Enyeama atezainak huts egin du, ez du urrundu baloia behar bezala, eta Pogbari eman dio; honek buruz sarea jarri du baloia. Nigeriak pott egin du. Ez zuen espero halakorik, eta ez da gai izan egoerari buelta emateko. Errematea luzapenean jaso du: Yobok bere atean sartu du gola. Zigor handiegia Nigeriarentzat egin duen partida kontuan hartuta, baina ez da sari txikia Frantziarentzat, nahiz eta txapelketako partidarik osoena ez duen egin: hobetu beharko du erasotik defentsarako trantsizioa, aurkariari kontraerasoa hain erraz egiten utzi gabe.