Txirrindularitza. Italiako Giroa

Logika, hankaz gora

Garminek irabazi du 33,2 kilometroko taldekako erlojupekoa, eta Ramunas Navardauskas lituaniarra jarri da liderJoaquim Rodriguez erabat indartuta atera da; Euskaltel-Euskadi azkena izan da

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Jarri Joaquim Rodriguezi (Katuxa) 8,7 kilometroko erlojupeko bat lehen etapan; haizearen arriskua hurrengo bietan; eta taldekako 33,2 kilometroko erlojupekoa laugarrenean. Egin ariketa hori, eta kokatu kataluniarra sailkapenean. Minutu eta erdiko galera? Bi minutukoa? Logikaren ondorioa litzateke hori. Baina Giroak logikatik gutxi dauka oraingoz. Bai, espero zen bezala, Garminek irabazi zuen Veronan hasi eta bukatu zen taldekako erlojupekoa, eta Ramunas Navardauskas lituaniarra jarri da lider —Giroan lider jarri den lehen lituaniarra da—.

Baina Katuxako taldeburua atera da erabat indartuta Giroko lehen lau etapa zailetatik. Garminek baino bost segundo gehiago baino ez zituen behar izan Katuxak lanak amaitzeko, eta, taldekideen lan ikusgarriari esker, 10. posturaino igo zen Rodriguez. Faboritoen artean Ryder Hesjedal (Garmin) soilik dauka aurretik, hemeretzi segundora. Lehen lau etapetan bi erlojupeko jokatuta, maillot arrosarik gabeko liderra da Rodriguez.

Navardauskasengandik minutu erdira dago kataluniarra, eta atzetik dauzka Marco Pinotti (BMC), zazpi segundora; Roman Kreuziger (Astana), hamarrera; Ivan Basso (Liquigas), hamazazpira; Frank Schleck (RadioShack), 39ra; Michele Scarponi (Lampre), 52ra... «Ikaragarrizko erlojupekoa egin du taldeak. Aldea atera diegu faborito guztiei, eta oso motibatuta nago». Valerio Piva Katuxako zuzendaria ere harrituta zegoen. «Ahalik eta denbora gutxien galtzea zen helburua, eta Garminengandik bost segundo eskasera geratu gara. Ez genuen espero. Txirrindulariak zoriondu beharrean nago, lan harrigarria egin dutelako».

Taylor Phinney, etsita

Erabat bestelako aldartearekin zegoen Taylor Phinney (BMC), atzo arteko liderra. Eskuin orkatila minduta, larri ibili zen taldekideen erritmoari eusteko, eta hankaz gora joateko zorian ere egon zen bihurgune batean. «Ahal izan dudan guztia egin dut, baina ez nago batere gustura, sarritan itxoin behar izan didatelako taldekideek». Denbora onenen artean 10.a egin zuen azkenean BMCk. Urruti, oso urruti, Euskaltel-Euskadi geratu zen, beste behin; azken postuan sailkatu zen Mikel Nieveren taldea, eta sailkapenean Navardauskasengandik 3.23 minutura dago leitzarra. Askoz txukunago aritu zen Movistar, eta liderrarengandik 56 segundora dago Beñat Intxausti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.