Izarrak asko dira, eta izar izan nahi dutenak, askoz gehiago. Baina Zdenek Stybar txekiarra ageri da goiko muturrean. Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa, biak irabazi zituen aurreko denboraldian -Txekiako Txapelketa eta Superprestigioa ere bai-, eta sasoi honetan ere eman ditu lehen kolpeak. Joan den urriaren 10ean sendoena, Ruddervoorden, Belgikan, Superprestigioko lehen proban.
UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren egutegiko bost lasterketa irabazi ditu jada -herenegun azkena, Belgikan: Kermiscross proba-. Timothy Johnson estatubatuarrak soilik lortu du oraingoz garaipen gehiago: sei. Munduko Koparako, ordea, Johnson ez du aurkari izango Stybarrek. Aurreko denboraldian, adibidez, UCIren sailkapeneko buruan geratu zen txekiarra, 3.260 punturekin, eta 24. postuanestatubatuarra, 633 punturekin. 11 proba irabazi zituen Johnsonek, baina lasterketa apalak izan ziren gehienak.
Johnson ahaztuta, aldamenera begiratu eta Niels Albert eta Sven Nys belgikarrak aurkituko ditu Stybarrek. Aurreko denboraldiko Munduko Kopan lau puntuko tartea besterik ez zen izan Stybarren eta Alberten artean -irailean min hartu zuen belgikarrak, eta lehiaketetatik kanpo egon da hilabetez-, eta Nysek denboraldi hasieran erakutsi du aurreko sasoiko hutsak zuzentzeko asmoa daukala. Bi proba irabazi ditu jada; apalak biak, baina sasoiko iritsi da Munduko Koparen lehen lasterketara. Erregulartasuna eta esperientzia dauzka alde, eta garai bateko txispa falta aurka.
Gazteak eta ez hain gazteak
Joan den sasoiko emaitzei erreparatuta, Munduko Kopa nagusitasunez irabazteko aukera dauka Stybarrek. 2009-2010 sasoian Munduko Kopako hiru proba irabazi zituen, lau aldiz izan zen bigarren, eta beste behin hirugarren. Behin bakarrik geratu zen podiumetik kanpo, Heusden-Zolderren, Belgikan.
Gazteenak hain gazte ez direnei gailentzen ari zaizkie azken urteotan, eta jada esan daiteke Nys, Bart Wellems eta Gerben de Knegt beteranoek soilik jarraitzen dutela gazteenekin borrokan. Lore berrien artean Tom Meeusen 21 urteko belgikarra dabil denen ahotan, baina, ezustean, gaurko probarako Belgikako zortzikotik kanpo geratu da. Stybar, Albert, Nys, Wellems eta Meeusenekin batera, Klaas Vantormout, Kevin Pauwels, Bart Aernouts, Francis Mourey eta Sven Vanthourenhout dira zaindu beharrekoak.
Euskal Herriko ziklo-kroslariei dagokienez, Egoitz Murgoitio eta Xabier Garcia Hirumeteko txirrindulariak Aiglen izango dira gaur. Valladoliden lehiatu ziren hilaren 10ean, eta Murgoitio bigarren sailkatu zen, Javier Ruiz de Larrinagarengandik 26 segundora. Garcia, berriz, 14. postuan iritsi zen helmugara, 2.38 minutura. Koska bat gora egin, eta lehen hogeien artean sartu nahiko luke sasoi honetan Murgoitiok.
Munduko Kopa
EgutegiaAigle (Suitza). . Gaur
Plzen (Txekia). . Urriak 24
Koksijde (Belgika). . Azaroak 27
Igorre (Euskal Herria). . Abenduak 5
Kalmthout (Belgika). . Abenduak 19
Heusden-Zolder (Belgika). . Abenduak 26
Pont-Chateau (Frantzia). . Urtarrilak 16
Hoogerheide (Herb.). Urtarrilak 23
Faboritoak
Zdenek StybarTelenet-Fidea
Jaioteguna: 1985eko abenduaren 11.
Jaioterria: Plana u Marianskych (Txekia).
Garaiera: 1,83 metro.
Pisua: 68 kilo.
Sven Nys
Landbouwkrediet
Jaioteguna: 1976ko ekainaren 17a.
Jaioterria: Bonheiden (Belgika).
Garaiera: 1,81 metro.
Pisua: 71 kilo.
Niels Albert
BKCP-Powerplus
Jaioteguna: 1986ko otsailaren 5a.
Jaioterria: Bonheiden (Belgika).
Garaiera: 1,82 metro.
Pisua: 66 kilo.
Bart Wellens
Telenet-Fidea
Jaioteguna: 1978ko abuztuaren 10a.
Jaioterria: Vorselaar (Belgika).
Garaiera: 1,80 metro.
Pisua: 68 kilo.