Egurrean dabil Leire Olaberria (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977), oso gaztetxoa zeneko pisu berberarekin. «61-62 kilotan nabil». Pistako Espainiako Txapelketan urrezko bost domina eta zilarrezko bi eskuratu zituen orain bi aste, Mallorcan (Herrialde Katalanak). Baina ospatzeko denborarik gabe, datorren astean Pruszkow herrian (Polonia) jokatuko den Europako Txapelketa prestatzen ari da orain Mallorcan bertan. 2012ko Olinpiar Jokoetan aritzeko puntuak pilatzen hasi beharra dauka jada. Entrenamendu eta bilera artean lanpetuta, goizean goiz hitz egin du Olaberriak BERRIArekin.
Mallorcan arrakasta lortuta, Mallorcan bertan jarraitzen duzu lanean. Ez dago atsedenerako tarterik, ezta?
Ez, ez. Azaroaren 5etik 7ra Europako Txapelketan lehiatuko gara, eta hor hasiko da Olinpiar Jokoetarako ibilbidea. Lehen urtebetekoa zen sailkatzeko epea, baina orain bi urtera luzatu dute. Txapelketa hori izango da denboraldiko lehen proba garrantzitsua. Martxo amaieran amaituko da denboraldia, Munduko Txapelketarekin, eta luze egingo zaigu. Puntuak pilatu behar horrek, gainera, Munduko Kopa guztia lehiatzera behartuko gaitu. Neketsua izango da, baina ondo gaude.
Halakoetan lan fisikoa egitea izango da errazena, jada badakizuelako nola jarri behar duzuen gorputza puntuan. Baina nola lantzen da burua?
Nik beti esaten dut oso gustura egiten dudala lan fisikoa. Omnium proban buruak eragin handia dauka -sei proba ditu-, baina profesionaletan askotan gertatzen da fisikoki ondo egotea baina ondoren emaitzarik ez lortzea, buruak huts egin duelako. Buruari ere errendimendua atera behar zaio, eta urteen poderioz ikasten da hori ondo nola egin; zailtasunak erronka gisa hartzen ikasi dut. Sufrimenduarekin gozatu egiten dut.
Esan duzu Olinpiar Jokoetarako sailkatze sistema urtebetetik bi urtera pasatu dutela. Horrek mesede egingo dizue edo presioa areagotuko du?
Gogorra da sistema, baina, nire ustez, ona. Norberaren lana ondo egitera behartzen du horrek, baina ingurukoena kontrolpean izatera ere bai. Gutxi gorabehera beharrezkoak diren puntuak eskuratzen ditugunean, gainera, gauzak lasaiago egiteko aukera izango dugu. Erorketaren bat edo lesioren bat izanez gero, denbora berreskuratzeko aukera handiagoa ematen du sistema honek. Baina, noski, psikologikoki ere neke handiagoa pilatuko dugu.
Lehen hemezortzi txirrindulariak sailkatuko dira Londreserako, baina Europako bederatzi soilik. Bederatzi horien artean sartu behar, beraz...
Hala da. Munduko hemezortzi txirrindulari onenen artean egon arren, Europako bederatzi onenen artean sartu beharra dago. Horregatik da hain garrantzitsua Europako Txapelketa, arerio zuzenak bertan izango direlako. Horrelako txapelketetan dominak lortzeko borrokan murgiltzen gara, baina badaukagu beste borroka bat ere: aurkari zuzenei ahalik eta puntu gehien ateratzea.
Pistako Espainiako Txapelketan urrezko bost domina eta zilarrezko bi lortuta ere, haserre geratu zinen, zortzigarrena eskura zeneukalako.
Domina kentzeko modua izan zen garratza. Normalean ez dut egiten proba hori, baina Tania Calvo gasteiztarra indartsu dator, eta elkarrekin aritu ginen. Espainiako marka ondu genuen, bigarrenari alde handia aterata. Baina helegite baten eraginez kanporatu egin gintuzten, bizikleta ez zelako arauzkoa. Arauak ezagutu behar nituen; ados nago horretan. Baina pistara irten nintzenean epaileak ez zidan ezer esan. Hala ere, sentsazioak onak izan ziren, eta elkartuko gara berriz ere.
Urrutira begira jarrita, Londres ageri da zure begiradan, baina zer ikusten da Olinpiar Joko horietan?
Londres ametsa da berriz ere. Pekinen oso momentu politak igaro nituen, eta momentu horiek errepikatzea da helburua. Oso zaila izango da, baina Londresen Pekingo emaitza berdintzeko edo hobetzeko ari naiz lanean.
Aurretik Munduko Kopako probak izango dituzu Melbournen eta Calin, eta martxoan Munduko Txapelketa ere bai. Horiek ere begiz jota edukiko dituzu, noski.
Bai. Abenduan sasoi puntu onean egoteko eskatu dit Espainiako hautatzaileak, gero martxora arte mantentzeko. Melbournera (Australia) joango gara abenduan, eta hamabost egunen buruan Kolonbiara joango gara, Calira. Bidaia gogorrak dira, baina sasoian egonez gero, puntu asko eskuratzeko aukera dago.
Aurten Emakumeen Biran parte hartu duzu, eta Italiako Giroan ere bai, nahiz eta erori eta etxera itzuli behar izan zenuen.
Lan moduan eta omnium probari begira, komeni zitzaidan erresistentzia lantzea. Asko gustatu zait errepidean aritzea, eta, batez ere, Giroan parte hartzea; egutegian dagoen probarik garrantzitsuena da. Errepideko Munduko Txapelketan ezin izan dut parte hartu, irailean ondo egonez gero, denboraldia oso luzea izango zelako. Asko kosta zitzaidan erabakia hartzea, baina argi dauzkat lehentasunak, eta negu honetan Olinpiar Jokoetarako sailkapena ondo bideratzen badut, datorren denboraldian, agian, errepidean gehixeago aritzeko aukera izango dut.
Espainiako Txapelketan urrezko bi domina lortu zenituen. Zure mailaren isla da hori, baina emakumezkoen txirrindularitzarentzat larritzeko albistea ere izan daiteke, ezta?
Neurri batean, bai. Erlojupekoak oso egokiak dira pistan aritzen garen txirrindulariontzat, baina errepidekoan egia da berez beste ezaugarri batzuk behar direla. Bai errepidean eta bai pistan, igo egin behar dugu emakumezkoen txirrindularitzaren maila. Gazteak badatoz, eta garrantzitsua da horiek gertutik ikustea lan eginez gero emaitzak lor daitezkeela.
Erabaki garrantzitsu bat ere hartu duzu aurten, Cespa-Euskadiren bidea ixtea erabaki duzulako. Zeren ondorio da erabaki hori?
Asko zor diot Cespa-Euskadi taldeari, Espainiako selekzioarekin batera eurek eman didatelako aukera nazioartean lehiatzeko. Eurekin hazi naiz txirrindulari gisa, baina ikuspuntu desberdina geneukan, eta bi urteko sailkapena gogorra izango zela ikusita, ahalik eta lasaien egotea erabaki dut. Oinarria Gipuzkoan izango duen talde batean nago, eta babesle bila gabiltza orain.
Noiz arteko gasolina dauka Leire Olaberriak? Bizitzaren beste alorrei begira jarri al zara dagoeneko?
Londres da helburua. Sasoirik onenean iritsi nahi dut bertara, eta gero lehiaketak jarriko nau merezi dudan lekuan. Ondoren hitz egingo dut neure buruarekin, amatasunaren gaia ere bueltaka dabilkidalako beti. Baina, oraingoz, sakrifizioak egiten jarraitzeko gogoa daukat.
«Londresen Pekingo emaitza berdintzeko edo hobetzeko ari naiz lanean»
Dominak pilatu eta pilatu jarraitzen du Leire Olaberriak, etorkizuneko helburu argia Londresko Olinpiar Jokoetan dagoela ahaztu gabe. Sakrifizioari etekina ateratzen ikasi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu