Loriaren atarian, berriro

Juan Martinez de Irujo da faborito gaur Eibarren, Mikel Idoateren aurkako buruz buruko finalerdian

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Finalerdietako partidak mundu bat dira». Esaldia Mikel Idoaterena da, aste honetan BERRIAn argitaraturikoa. Iaz ikusi, eta ikasi, zuen final baten atarian egotea egoera berezi eta magikoa dela. Salbuespena, edo ia, Idoatek bigarren urtez jarraian ametsa betetzeko aukera baitu gaur, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Pilotak bigarren aukerarik ez duela ematen diote pilotariek, bada Txantreakoari eman dio. Hori bai, ondo pozoitua, Juan Martinez de Irujo jarri baitio aurrean finalera iristeko.

Iberoko aurrelaria da faborito garbi. Ibilbidea, jokoa, eskarmentua, buruz buru irabazitako lau txapelak... dena du alde, eta apustuzaleek ere hala uste dute, artekariek 100-25i eskainiko baitute dirua Irujoren alde. Logikari kasu eginez, era berean, garbizaleen gustuko partida ez dela izango aurreratu daiteke. Biak aurrelariak dira, bolea onekoak, eta atzera pauso bat eman bainoago, airez sartzea nahiago dute. Oso erritmo biziko partida izango da, eta erritmo horretara hobekien moldatu eta huts gutxien egiten duenak asko du irabazia. Horretan ere Irujo trebeagoa da.

Idoate albiste izan da azken asteetan, Olaizola I.a 22-18 kanporatu ondoren aurkariak gaztearen boleak atxiki zirela adierazi zuelako. Kritikak soka luzea izan du, eta iritzi asko entzun dira hedabideetan. Irujo, hala ere, Idoateren alde agertu da, eta bolea garbiak direla esan du. Iberokoari dagokionez, hiru aste igaro dira Barriolari final-zortzirenetan 22-17 irabazi zionetik. Final-laurdenetan, berriz, ez zuen jokatu, Xalak, lunbalgiak jota, kanporaketari uko egin ziolako.

Astelenan elkarren aurka buruz buru inoiz jokatu ez duten bi pilotari elkartuko dira. Bai, ordea, lau t'erdian, iazko San Fermin torneoan; eta Irujok 22-8 irabazi zuen. Biak ala biak espezialistak dira, eta estatistika bikainak dituzte manonamistan. Irujok hogeita sei partida jokatu ditu buruz buruko txapelketan, eta lau baino ez ditu galdu. Aurretik finalerdietako lau kanporaketa zuzen jokatu ditu —ligaxkak alde batera utzita— eta lauak irabazi ditu.

Idoate da Irujok manomanistan inoiz izan duen aurkaririk gazteena, 22 urterekin. Irujok 30 ditu. Txantreakoak ere estatistika ona du: atarikoak barne, buruz buruko txapelketako zazpi partida jokatu ditu azken bi urteetan, eta bakarra galdu: iazko finalerdia, Xalaren aurka (22-19).

Bestalde, Oinatz Bengoetxeak ondo bukatu zuen atzo Iruñean jokaturiko partida. 22-20 galdu zuen eta sake asko errestatu zituen airez. Etzi entrenamendu gogorra egingo du Labriten heldu den larunbateko Aimar Olaizolaren aurkako buruz burukoaren bigarren finalerdia prestatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.