Norberak komeni zaion argudioa erabiltzen du, helduleku sendoenari eusten dio, buruko indarra lortzeko, aurreikuspen txarrenei indarra kentzeko. Bruesak gaur Tau Baskonia menderatzea ezusteko handi samarra litzateke, baina Donostian, noski, ezin dute halako iritzirik onartu, profesionalak direlako eta asko dutelako jokoan. Besteak beste, murgilduta dauden dinamika txarra bukatzea eta amildegitik urruntzea. Asko hurbildu direlako.
Etorkizunari heltzeko iraganari begiratzen diote gipuzkoarrek, eta iazko urriaren 26arekin gogoratzen dira. Igande hartan Bruesak Tau Baskonia menderatu zuen Illunben, 75-62. Orduan irabazi bazuten, zergatik ez gaur? Ligako bosgarren jardunaldia zen, eta egun hura giltzarri bihurtu zen, baina ez Bruesarentzat, Taurentzat baizik. Orduz geroztik ACB ligan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte arabarrek. Guztiak! Hamabost partida jokatu ditu Tauk Illunben galdu ondoren, eta denetan garaipenaren gozoa dastatu du. Horrekin konforme ez, eta, batez beste, hogei puntuko aldearekin menderatu ditu aurkariak. Gaur Bruesa menderatzen badu, Dusko Ivanovicen taldeak itzuli oso bat egingo du galdu gabe, eta hori marka handia da.
Bruesan, ordea, egoera arrunt ezberdina da. Egoera asko aldatu da urriaren 26tik gaur arte. 4-11 da Pablo Lasoren taldearen balantzea Baskonia garaitu zutenetik, eta balantze hori nahikoa da Bruesa dinamika txarrean dagoela esateko. Baskonia, aldiz, bolada onean dago, baina ñabardurekin, Tiago Splitterren giharretako lesioak eragin dituen ñabardurekin, Bruesari hauspoa ematen dioten ñabardurekin. Tau herren ari delako brasildarra gabe. Granadan irabazteko komeria handiek izan zituen, Atenasen Euroligan galdu egin zuen...
Halere, Baskonia ligako talde onena da, eta ez litzateke harritzekoa izango Bruesari errepaso handi samarra ematea. Bruesak Tauri zailtasunak jartzea hain arraroa ere ez, talde handiekin hobeto moldatzen delako Pablo Lasoren taldea. Tau eta Unicaja menderatu ditu, eta lanak eman dizkie Bartzelonari eta Real Madrili. Gaur antzekoa gerta daiteke Gasteizen. Lortu zuten, lortu nahi dute, eta lortu behar dute. Hori da gipuzkoarren kemena. Gakoa, batez ere, erregulartasuna, 40 minutuko partida osoa egitea. Egiten ez badute, jai dute.
TAU BASKONIA-BRUESA
Txapelketa. ACB ligako 22. jardunaldiko partida.
Tau Baskonia. Prigioni, Ilievski, Nocedal, Rakocevic, Vidal, San Emeterio, Mickeal, Teletovic, McDonald eta Barac.
Bruesa Gipuzkoa Basket. Sergio Sanchez, Ricardo Uriz, Bojan Popovic, Alex Urtasun, San Epifanio, Andrade, Panko, Hopkins, Lou Roe, Doblas eta Marconato.
Sailkapena. Tau Baskonia lidergoan dago: 19-1. Bruesa hamabigarren postuan dago: 6-13.
Lekua. Fernando Buesa Arena pabiloia (9.353 eserleku).
Ordua. 12:30ean (ETB1).
Lortu zuen, lortu nahi du eta lortu behar du
Bruesak lehenbailehen bueltatu nahi du garaipenaren arrastora, baina oso lan zaila du gaur, Baskoniaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu