Loteriako sari nagusia

Baskoniak zorte handia izan du Top16ko zozketan, Bartzelona saihestuta, eta Unicaja izango du aurkari final-laurdenetako bideanPanathinaikos multzo burua egokitu zaio, Siena eta Olympiacos baino talde apalagoa

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gabonetako eta Erregeetako loteriak egokitu zaizkio Baskoniari. Biak. Loteria-ontziak errukia izan du arabarrek bizi duten kirol egoera txarrarekin, eta Top16ko multzo ona oparitu dio. Ona, begiratzen zaion aldetik begiratuta. Askoz txarragoa izan zitekeen, bai multzo buruari dagokionez, bai hirugarren ontziko aurkariari dagokionez. Ez zen hor bukatu zortea, laugarrenean hiruretan aurkari samurrena dena egokitu baitzaio.

Analisi labur horri izenak jartzea, onena. Panathinaikos, Olympiacos edo Montepaschi Siena ziren Baskoniaren balizko aurkariak, multzo buruei dagokionez. Panathinaikos egokitu zaio, lehen faseko emaitzak aintzat hartuz gero, Siena baino talde apalagoa, eta, banan banako talde azterketa eginez gero, Olympiacos eta italiarrak baino talentu gutxiago duena. Hirugarren ontziak ahalbidetu du zozketa ona. Bartzelona eta Unicaja ziren aukerak. Batek panorama beltz-beltza zekarren, eta besteak askoz argiagoa. Unicajak etorkizun argiagoa oparitu dio Baskoniari. Laugarren ontzian ere Valentzia, Lottomatica Erroma eta Lyetuvos Rytas izan zitekeen aurkari, eta Lituaniako azken talde hori egokitu da, hiru aukeretan ahulena, Top16ko sailkapena azken unean lortu zuen taldea.

Baskoniaren Top16ko egutegia ere zehaztu da. Ez egunak eta orduak, baina bai aurkarien izenak. Urtarrilaren 19an edo 2koan ekingo dio Ivanovicen taldeak Malagan, Unicajaren aurka. Ondoren, bi norgehiagoka jokatuko ditu etxean, Lyetuvos Rytasen aurka aurrena, eta Panathinaikos handiaren aurka ondoren. Bigarren itzulia Atenasen hasiko du, Malaga hartu Gasteizen, eta Vilniusen bukatu Top16a. Ordurako martxoaren 3a edo 4a izango da, eta gauzak ondo, Lyetuvosek ez luke final-laurdenak jokatzeko aukerarik izango. Multzo bakoitzeko lehen bi taldeek lortuko dute final-laurdenetan sartzea, eta gauzak ondo, Maccabi edo Bartzelona izango dituzte zain Lauko Finalaren atariko kanporaketan. Top16a lidergoan bukatzeak norgehiagoka erabakigarria etxean jokatzeko saria dakar.

Panathinaikos Talde txapelduna

Panathinaikosek bost Euroliga irabazi ditu azken 15 urteetan, eta lau orain egun gutxi bukatu den hamarkadan: 2000, 2002, 2007 eta 2009 urteak. Joan den denboraldian Top16an eten zen euren bidea, eta hori porrot handi samarra da arrakastaz arrakasta jauzi egitera ohituta dagoen talde batentzat. Panathinaikosek oso talde ona du, baina iraganean baino apalxeagoa. Jasikevicius handiak hanka egin zuen Atenastik udan, bere gainbeheran, baina Greziako taldeak helduleku asko eta sendoak ditu. Kanpoko lerroan Drew Nicholas, Nick Calathes eta Milenko Tepic joko antolatzaileak, Sato eta Diamantidis eskoltak, eta Perperoglou eta Fotsis hegalekoak.

Saskipean ere kiloak, talentua eta adimena ditu sobera Panathinaikosek. Mike Batiste estatubatuarrak ordezkatzen du indarra, Kostas Tsartsarisek adimena, eta Aleks Maricek talentua. Maric serbiarra Euroligako jokalari onenetako bat izan zen joan den sasoian, baina lesio larri bat jasan zuen aurtengoaren hasieran, eta martxo erdialdean itzuliko da lehiaketara. Ezin ahaztu Panathinaikos izartu duen gurua: Zeljko Obradovic entrenatzaile puska. 11 denboraldi daramatza dagoeneko Atenasen, eta taldea bere etxea baino hobeto ezagutzen du. Multzoko lehen postua lortzeko hautagai sendoa da.

Unicaja Izan nahi, baina ezin izan

Unicajak urteetako arazo konponezina darama bizkarrean. Aurrekontu oparoa, eta emaitza pobreak. ACB ligako hirugarren altxortegi oparoena du, 17 milioi eurorekin, baina apenas duen lekurik elitean. Ez Espainian, eta are gutxiago Euroligan. Horren zergatia azaltzea zaila da, baina talde garaileen kimika falta zaiola dirudi, izenak eduki, badituelako. Mingain gaiztoek esaten dute Malagara kartel onarekin joaten den jokalaria lasaitu egiten dela hiri hartako klima bikainarekin, eta jokalari on asko iritsi direla Malagara, baina gutxik hobetu dutela euren jarduna.

Terrell McIntyre fitxatu zuten udan, jokalari mitikoa, baina zenbaki apalak lortzen ari da. Printezisek eta Saul Blancok ere sekulako etorkizuna zuten, baina bidean geratu dira. Beste hainbeste Uros Tripkovicen inguruan. Europako harribitxia zen hiru urte atzera, eta bere kotizazioa lur azpian dago egun. Freeland eta Archibald bikoak ere ez du inoiz beldur handiegirik eragin. Zaila dute bi onenen artean sailkatzea.

Lyetuvos Rytas Zalgirisen itzalpean

Lituania saskibaloi herrialdea da, baina tradizioz, Zalgiris Kaunaskoak bereganatu du distira guztia. Lyetuvos talde jaio berria dela esan daiteke. ULEB Cupen lortu zuen aurrena oihartzuna, 2005ean, era Eurocupen 2009an. Krisi ekonomikoak ez dio inbertsio handirik egiten utzi, eta Lituaniako jokalariak dira oinarri: Gecevicius eskolta, Jomantas hegalekoa eta Valanciunas pibota. Atzerritar interesgarriak dituzte, baina bigarren mailakoak: El-Amin joko antolatzaile estatubatuarra, Milko Bjelica eta Igor Milosevic serbiarrak, Brad Newley australiarra eta Cemal Nalga turkiarra. Sekulako ezustekoa litzateke final-laurdenak jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.