emakumeen bira

Lotta Lepisto jarri da lider Biran, erlojupekoa irabazita

Finlandiarrak ezustekoa eman du Birako 3,3 kilometroko aitzin-etapan, eta aurrea hartu die faborito guztiei. Cerveloko txirrindularia liderraren maillota jantzita abiatuko da bihar, Eskoriatzan.

Lotta Lepisto, etapa bukatuta, garaipena ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2016ko apirilaren 13a
09:11
Entzun

Lanak garaiz egitea erabaki du Lotta Lepisto finlandiarrak (Cervelo), eta dotore asmatu du, Emakumeen Birako 3,3 kilometroko erlojupekoa irabazi (4.12 minutu) eta lider jarri delako. Tentsioz betetakoak izan dira bi ordu pasatxoak, baina zoratzen zegoen etapa amaitu berritan. Claire Rose (La Santa) gerturatu zaio gehien, 4.16 minutuko lanarekin, baina garaipena ospatzeko moduan izan da azkenean. Euskaldunen artean Irene Usabiaga (Espainiako selekzioa) izan da onena. Dezenteko ezinegona sortu du erlojupekoak, Emma Johansson (Wiggla), Bira irabazteko faboritoetako bat, ondoezik egon delako minutu askoan. Lanak amaitu ditu azkenerako, eta irteeran izango da bihar.

Eskoriatzan hasi eta amaituko da biharko etapa (76,6 km), eta urduria izango da amaiera, Untzilla (2) eta Benta Fria (2) igo beharko baitituzte azken 25 kilometroetan. Mendatean amaituko den etapa bat ere izango du aurtengo Birak, etzikoa, Etxarri Aranaztik abiatu eta Urkiolako santutegian amaituko baita bigarren etapa (109,5 km). Otxandiotik igoko dute Urkiola, alderik samurrenetik, baina min egin dezake azken zatiak.

Lasaitzeko aukerarik gabe, oso gorabeheratsua izango da larunbateko etapa, Berriatuan hasi eta amaituko dena (105 km), eta azken errematea izango dute igandean, Portugaleten (75,8 km). Bihartik aurrera, 15:30ean hasiko dira lehen hiru etapak, eta 11:30ean azkena, igandekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.