Moharen zigorragatik itzuliko da hamaikakora Ludovic Delporte frantziarra, eta bere talde ohiaren zelaian itzuliko da, gainera. Ez daki nolako harrera egingo dioten, baina garrantzitsuena Osasunak irabaztea dela dio Delportek.
Albacetera itzultzeko gogotsu?
Bai, ilusio handia daukat; puntuak behar ditugu 1-6koaren ostean, zaila izango dela jakin arren.
Norgehiagoka dramatikoa izango dela dioenik ere bada. Zure ustez, horrela izango al da?
Beno, ez dut uste hainbesterako denik. 30 puntu ditugu, eta sasoia amaitu bitartean, lau norgehiagoka irabaztea nahikoa izango dugu mailari eutsi ahal izateko. Halere, bi hilabete daramatzagu irabazi gabe, eta bolada txar horrek lehenbailehen amaitu behar du. 1-6 galdu ostean sekulako partida jokatzea ez da erraza, baina puntuak lortzera behartuta gaude.
Albaceterentzat bai, harentzat finala da, ezta?
Beno, egia da egutegi gogorra dutela hurrengo jardunaldietan, eta, alde horretatik, guri irabaztea ezinbestekotzat joko dute. Dena den, ez dakit zer-nolako partida izango dugun; gogo biziz zelairatu daitezke, baina zuloan egoteak ematen duen kezka ere izango dute, eta horrek zuhurrago jokatzera behartu ditzake. Beldurra nabaritzen badute, zaleak txistuka hasiko zaizkie, eta ez dakit zer gertatuko den.
Zuen egutegia ere ez da makala. Larunbatean Bartzelona dator Iruñera.
Liderra dator, bai, eta horregatik nahi dugu Albaceten punturen bat lortu. Bartzelonari lasai aurre egin ahal izateko, garrantzitsua litzateke Albaceten zerbait lortzea.
Gauza asko esan zuten zuri buruz alde egiteko asmoa zenuenean. Nolako harrera espero duzu?
[Barrez hasi da, baina ez da pozak eragindako barrea] Ez dakit, benetan, eta ez dut Albaceten gertatutako gauzez hitz egiten jarraitzeko batere gogorik. Nik oroitzapen onak ditut, urte eta erdi egin nuen han, eta zaleekin ederki moldatu izan nintzen beti. Ezagutzen nauen jendeak badaki zuzendariek esandako gauzak gezurrak zirela, baina prentsan irakurri dituzten gauzen ostean zaleek nola erreakzionatuko duten ez dakit. Osasunan ari naiz orain, eta txistuka hartzen banaute, ez naiz harrituko, baina garrantzitsuena puntuak lortzea izango da, nolanahi ere.
LUDOVIC DELPORTE. OSASUNAKO ERDILARIA. «Txistuka hartzen banaute, ez naiz harrituko, Osasunan nago eta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu