Ongi jokatu, baina galdu. Realak burua altxa ezinda jarraitzen du. Oker abiatu zuen denboraldia, eta zuzendu ezinda segiko du beste puska batean. Izan ere, txuri-urdinek 3-2 galdu dute bart, Anoeta estadioan. Egiari zor, ongi jokatu dute, eta birritan aurrea hartzea ere lortu dute, Agirretxeren bi golei esker. Ordea, usurbildarrak topatu du neurriko zapata: Iago Aspas. Hark egin ditu galiziarren lehen bi golak. Binakoarekin, bazirudien bere horretan amaituko zela lehia. Baina ez. Azken txanpan Pablo Hernandezek biribildu du arratsa kanpotarrentzat. Amaierara osoago heldu da Celta, eta garaipen gozoa eraman du Donostiatik. Realak, berriz, etxean irabazi ezinda jarraitzen du, eta sailkapenean behetik ihes egin ezinda.
Hasi, hobeto hasi du partida Celtak. Baloia nahi adina izan du hanketan, eroso sentitu da zelaian, baina minik ez dio egin Realari. Kontrakoa. Etxekoek egin dute partidako lehen gola. Beste behin ere, Zurutuzaren eta Agirretxeren arteko konexioa azaldu da. Hegalekoaren erdiraketa on bati amaiera ezin hobea eman dio usurbildarrak, buruz, 11. minutuan.
Gol horrekin hobera egin du Realak, eta behera Celtak. Urduritasunak kenduta, konfiantza gehiagorekin jokatzen hasi dira David Moyesen jokalariak. Baina gutxi iraun die pozak eta lasaitasunak. Iago Aspasek berdinketa egin baiu 16.ean. Wassek areaz kanpotik eginiko jaurtiketa batek oinean jo dio aurrelariari, eta baloiak sareetarako bidea hartu du.
Bana zen partida, beraz, lehen ordu laurdena beteta. Berriz ere hutsetik abiatu beharrean ziren Reala eta Celta, eta zelai erdian norgehiagoka gogorra izan dute. Erasoan ez dituzte nahi adina aukera sortu, baina futbol ona eskaini dute. Celtak erakutsi du ez dagoela kasualitatez laugarren postuan, eta Realak ere onenekin lehia dezakeela azaldu du. Lanean jarraitu du, eta 38. minutuan jaso du saria: 2-1ekoa, berriz ere Agirretxeren eskutik. Yurik ezkerretik eginiko jokaldiari amaiera ona eman dio. Hala, hamar partidatan zortzi gol daramatza usurbildarrak, eta ligako golegilerik onena da Luis Suarezen eta Ronaldoren ondoren.
Atsedenalditik bueltan, emaitzari eustea beste helbururik ez zuen buruan Realak. Eta garesti ordaindu du. 56. minutuan gol aparta egin du Iago Aspasek, buruz. Hori gutxi ez, eta Zurutuzak zelaia utzi behar izan du min hartuta. Lesio horrek faktura pasa dio David Moyesen taldeari. Zelai erdian kontrola galdu du, eta Celta nagusi izan da. Hala, Pablo Hernandezek, 3-2koa egin du 89. minutuan. Joko ona egitea ez du aski Realak.