Frantziako Tourra

Lutsenkok ihesean irabazi du lehia gutxiko etapa menditsua

Astanakoak Lusetten utzi ditu atzean iheskideak, eta sendo eutsi dio aldeari. Sua pizteko beste aukera bat galdu dute Tourra irabazteko hautagaiek. Yatesek jarraitzen du horiz jantzita

Lutsenko, ihesean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 3a
17:49
Entzun

Alexey Lutsenko (Astana) izan da nagusi Frantziako Tourreko seigarren etapan, eguneko ihesaldia borobilduta. Mendaterik gogorrenean, Lusetten (11,7 kilometro eta %7,3ko pendiza) egin du aurrera, eta ezin izan du inork ere harrapatu. Tourrean etapa garaipen bat lortzen duen bigarren txirrindulari kazakhstandarra da, Astanako zuzendari Alexander Vinokuroven ostean. Ihesaldian ez da borroka handiegirik egon; bada, are gutxiago onenen multzoan. Min egiteko moduko igoera zen Lusette, baina faboritoek nahiago izan dute Ineosen erritmo mantsoari jarraitu. Hala, lidertzari inolako arazorik gabe eutsi dio Simon Yatesek (Mitchelton).

A ihesaldirik egon. Gaur, ordea, maila handiko multzoa osatu da lasterketa buruan, Nicolas Roche (Sunweb), Neilson Powless (Education First), Remi Cavagna (Deceuninck), Edvald Boasson Hagen (NTT), Greg Van Avermaet (CCC), Daniel Oss (Bora), Jesus Herrada (Cofidis) eta Lutsenkorekin. Lauak ziren etapako lehen 140 kilometroak, eta zati hori bidea egiteko probestu du zortzikoteak. Sei minututik gorako aldea hartu du, eta ondo eutsi dio kilometroen joanean. Ordea, Jumbo Visma lanean jarri da Costen, eguneko lehen mendatean, eta Ineosek lekukoa hartu dio Mourezesen gora. Hala, tropelak 2.40ra jaitsi du aldea.

Lusetten, ordea, lasterketa kontrolpean mantendu nahi izan du talde britainiarrak. Ez du batere estutu, akaso Egan Bernalen ahuldadeak bistara ez zitezen. Une aproposa izan zitekeen kolonbiarrari eraso egiteko, baina aurkariek gurpilean iraun dute, zirkinik ere egin gabe. UAEk Fabio Aru bidali du aurrera, baina eraginik gabeko mugimendua izan da. Jumbo Visma, berriz, itzalpean gelditu da, azken egunetan zeresana eman ondotik. Hori horrela, arnasa hartu dute iheslariek, eta etapa irabazteko erasoei ekin diete. Powless bitan saiatu da, baina Lutsenko izan da azkenean nagusitu dena. Hari jarraitzen saiatu da Herrada, atzetik aurrera eginda, baina Astanakoak bestelako pedal kolpea zeraman.
Mont Aigoualen, Mitchelton jarri da tropelaren buruan, Mikel Nieve lanean jarrita. Mendate etzana zen, eta hor ere ez dira mugitu oilarrak. Matxura izan du Tadej Pogacarrek (UAE), baina azkar batean egin du bat tropelarekin. Esprintean, bizi abiatu da Julian Alaphilippe, eta segundo bat urratzea lortu du. Gaur ez dute nekaturik hartu, eta hurrengo etapan atseden hartu ahal izango dute hautagaiek, laua izango baita. Ezusterik ezean, esprinterren arteko buruz-burukoan erabakiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.