Horrelakoa izango da aurtengo Frantziako Tourra. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Euskal Herrira bakea ekarriko duen prozesua definitzeko erabili zuen esaldi hori 2005eko irailean. Bake prozesua zeukan buruan egun hartan, baina aurtengo Frantziako Tourra ere eduki zezakeen. Luzea, oso luzea da Tourra. Biharko aitzin-etapaz gain, beste 20 etapa izango baitituzte txirrindulariek. 20 etapatan -tartean bi atseden egun-, ia 3.570 kilometro. Zaila izango da, ibilbidearen berezko gogortasunari Parisko podiumeko hiru koskak betetzeko faborito argirik ez egotearen urduritasuna eta tentsioa gehitu behar zaizkiolako.
Eta gogorra, oso gogorra izango da, Alpeetan hiru etapa -bat gogor-gogorra-, Pirinioetan azken astean goi mailako beste hiru etapa, tartean 54 kilometroko erlojupekoa eta azken-aurreko egunean 55 kilometroko beste erlojupeko bat edukiko dituztelako.
Prozesuaz eta irits zitekeen su-etenaz ari zen hizketan Zapatero orain bi urte. Baina bihartik aurrera, Frantziako Tourrean, ez da prozesurik eta su-etenik izango. Uztailaren 29ra arte, Londresen hasi eta Parisen amaitu arte, 20 taldetan banatuta, 189 txirrindulariren prozesioa -atzo pasatu zuten kontrola, eta denak onartu zituzten-, eta etenik gabeko sua izango da. 94. ekitaldia da aurtengoa. 94. ekitaldia, eta helburu argia: Floyd Landisen iazko positiboaren ondoren, kirol ikuskizunak dopinaren oihartzunari gaina hartzea.
Ukitu berezia dauka aurtengo Tourrak. Azken urteotan ohikoa izan da Tourra Frantziatik kanpora hastea. Urrutira joan gabe, iaz hasi, Frantzian hasi bazen ere -Estrasburgon hasi zen-, gerora Herbehereetatik, Belgikatik eta Euskal Herritik barrena ibili zen. Aurtengo Tour hasierak, ordea, sona berezia izango du, aitzin etapa eta lehen etapa uharte batean, Ingalaterran egingo dituelako.
Londresen izango da biharko aitzin etapa. Defentsa Ministerioa, Big Ben, Parlamentua, Westminster Abadia, Buckingham jauregia... Xarmarekin, haize freskoarekin, ingeles ukituarekin jaioko da aurtengo Tourra. Lehen etapa ere Ingalaterran amaituko da, Canterburyn. Dunquerquetik barrena, bigarren etapa Belgikan amaituko bada ere, hortik aurrera, iparraldetik hegoaldera eginez, Alpeetako bidea hartuko dute txirrindulariek. Urduritasuna, esprinterren taldeen lana, erorikoak. Hitz batean, tentsioz betetako bost etapa gaizto.
Frantziako Tourrak ohikoa duen moduan, lehen sei etapak esprinterren abileziak eta ezinak bistaratzeko apropos-aproposak dira. Muino txikiak bai, ostegunean zortzi muino eta helmugatik zortzi kilometrora hirugarren mailako aldapa bat ere bai -aurreko urteetan baino lehenago izango dute lehen etapa bihurria, bosgarren etapan-, baina, ezustekorik ezean, hilaren 14ra arte ez da hasiko oilarren arteko dema. Frantziako festa egun nazionala eta Alpeetako lehenengo mendate pikoa, biak batera iritsiko dira. Helmugatik 15 kilometrora La Colombiere lehen mailako mendatea igo ostean, Le Grand Bornanden amaituko da Alpeetako lehen etapa hori, uztailaren 14an. Gehiegi arriskatzen ibili gabe ere esan daiteke frantziarren festa izango dela Alpeetako lehen etapa horretan.
ALPEETAKO AZKEN BIAK, GAIZTOAK. Erabakigarriagoak izango dira, ordea, Alpeetako hurrengo bi etapak. Tignes eski estazioan amaituko da zortzigarren etapa, 2.068 metrora, eta aurretik lehen mailako beste bi mendate igo beharko dituzte: Cormet de Roselend eta Montee d'Hauteville. 15 kilometrotik gorako igoera pikoak dira hirurak. Txirrindularien hanka-zuztarrak erabat mintzeko etapa izango da, beraz, Alpeetako hirugarrena; aurreko egunean lehenengo atseden eguna izango dutelako, batetik, eta Iseran (2.772 metro) eta Galibier (2.645 metro) erraldoiak igo beharko dituztelako, bestetik.
165 kilometro besterik ez dauzka bederatzigarren etapak, baina gogor-gogorra da. Iseranen gora hasiko dute etapa, eta lehen 15 kilometroetan, jada, hamar kilometro egingo dituzte 2.000 metrotik gora. Galibierrek, berriz, 40 kilometro dauzka -Telegraphe lehen mailako gaina daukate tartean-, eta gainetik 37 kilometro eskas dauzkate Briançoneko helmugara; gehientsuenak maldan behera.
Esprinterren taldeek egiten duten kontrol lanaren arabera, etapa ehiztarientzat egoki-egokiak dira hurrengo hiru etapak. Alpeetatik Pirinioetara bidean egin beharreko kilometroak gorabeheratsuak dira oso, eta ihesaldiek arrakasta izatekotan, etapa horietan izango dute. 13. etapatik aurrera, ordea, Tourreko azken astean sartuta, larunbatetik asteartera bitartean, sailkapen nagusia irauli dezaketen lau etapa zail daude. Lehena, hilaren 21ekoa, erlojupeko luzea, Albin. Bakarkako lanean aritzeko 54 kilometro. Laugarren mailako muino txiki bat edukiagatik, ordokizaleentzat oso aproposa da.
Hortik aurrera Pirinioak. Egurra. Sufrimendua. Pirinioetako hiru etapak dira oso gogorrak. Igandeko etapan, Mazamet eta Plateau de Beille artekoan, maila bereziko bi mendate igoko dituzte: Pailheres (16,8 kilometro, %7,2ko batez bestekoarekin), eta Plateau de Beille (15,9 kilometro, %7,9ko batez bestekoarekin). Pirinioetako bigarrena ez da gainean amaituko, baina triskantza handia eragingo du. Bigarren mailako bi mendate, maila bereziko bat eta lehen mailako bi igo beharko dituzte txirrindulariek; lehen mailako azkena, Peyresourde, helmugatik 12 kilometro eskasera daukate. Aurretik Portet d'Aspet, Mente eta Port de Bales igoko dituzte -azken hori maila berezikoa; 19,2 kilometro dauzka, %6,2ko batez bestekoarekin-; txirrindulariek ordura arteko nekea errekuperatu ezean, Peyresourdeko ia 10 kilometroak amaigabeak izan daitezke justu antzean doazenentzat.
16. ETAPAN, EUSKAL HERRIRA. Uztailaren 25ean iritsiko da Euskal Herrira Tourraren zurrunbiloa, bigarren atseden egunaren biharamunean. Ordura arteko astinduek tropela erabat txikitu ez badute, sailkapen nagusia erabakita utziko du 16. etapak. Lehen mailako bi mendate, eta maila bereziko beste bi igo beharko dituzte; azkena, Aubisque handia, etapako azken kilometroetan. 100 kilometro inguru egingo ditu 16. etapak Euskal Herrian. Nabarrengose herria igaro ostean, Euskal Herriko maldarik pikoenetakoak igoko dituzte txirrindulariek, Iturzaetan. 14,2 kilometro eta %8ko batez bestekoa dauka Iturzaetak. Erronkari aldera egingo dute ondoren, hirugarren mailako Lazako mendatea igaro, eta Uztarroze atzean utzita, Izabara bidean joango dira. Belaguatik igaro ostean, San Martingo Harrira igo, eta Aubisquera iritsi aurretik Marie Blanque pasatuko dute; azken bi mendateak lehen mailakoak.
Euskal Herria atzean utzita, Cognac eta Angulema arteko 55,5 kilometroko erlojupekoan izango da aurtengo Tourreko azken zalaparta. Ezusteko handirik ezean, baina, ordurako sailkapen nagusia erabat argi ez bada, nahikoa argituta egongo da.
20 etapa. 11 etapa lau, mendiko sei eta gorabeheratsu bat. Luzea, zaila eta gogorra. Eta denen ahotan izen bat: Aleksandr Vinokurov, Astana taldeko kazakhstandarra.
Luzea, zaila eta gogorra
Bihar hasi eta hilaren 29an amaituko da aurtengo Frantziako Tourra; Aleksandr Vinokurov da faboritoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu