Lyon kondenatzeko aukera du Miarritzek

Azken sailkatuaren etxean jokatuko du gaur, eta mailari eusteko aurkari zuzen bat lurpera dezake

Damien Traille, baloia babesten, Briveren aurkako partidan. A. CANELLADA / ARP.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hobera doa Miarritze. Sasoi honetan lehen aldiz bi partida jarraian irabazi ondoren —Bordele eta Briveren aurka—, jaitsiera postuetatik kanpo dago. Baiona, gaur-gaurkoz jaisteko lehen postuan dagoena, lau puntura dauka. Sasoia bukatu arte, gibeleko postuetan borroka bizia izanen da, eta arratsalde honetan aukera ederra du Miarritzek mailari eusteko bidean urrats garrantzitsu bat egiteko (14:15).

Lyon azken sailkatuaren etxera joanen da Miarritze, Vuibert estadiora. Partida jokatu baino lehen, zortzi punturen aldea dauka Lapurdiko taldeak, eta, gaur irabaziz gero, oso zulo handia izanen luke aurkariaren aldean. Alderantziz, Lyongo taldeak bere azken bala bota beharko du, hurrengo sasoian Top14an jokatzen segitu nahi badu. Azken postuan daude frantziarrak, eta bi garaipeneko beranta dute salbazioarekiko. Hain zuzen ere, jo puntuan Miarritze dauka Lyonek, Lapurdiko taldea baita salbazioko lehen postuan dagoena.

Dudarik ez da, itsu-itsuan aterako da etxeko taldea: «Ongi badakigu aurkari oso motibatua izanen dugula parean, eta ez da batere erreza izanen hari gaina hartzea», azaldu du Dimitri Yachvili lapurtarren uztartze erdiak. Sei Nazioen Torneoa bururaturik, selekzioekin egon diren bere jokalari guztiak zelairatzeko moduan egonen da Miarritze. Yachviliren lana oso garrantzitsua izanen da, eta Hariñordoki kapitaina ere, aspaldiko partez, zelaian izanen da. Bi jokalarien laguntza ez du soberan izanen Miarritzek Lyoni irabazteko.

Hala ere, aste honetan arazoak ere pilatu zaizkio talde xuri-gorriari, batez ere aztalkari postuari dagokionez. Astearen hastapenean Arnaud Hegik hartu zuen min. Atzo, berriz, jakin zen haren ordezkoak ere, Benoit Augustek, ezingo duela partida jokatu. Horrenbestez, Romain Terrain da jokatzeko moduan dagoen aztalkari bakarra. Edozer gerta, Eusebio Guinazu harroin argentinarrak postua bete lezake. Argentinarrak lehen lerroko hiru postuetan joka dezake, eta hori sekulako altxorra da, Miarritzek gaur duen egoeran batez ere.

Gainerakoan, sorpresa handirik ez da izanen hasierako hamabostekoan. Pisuzko jokalari guztiak jokatzeko moduan daude. Traille erdiko gisa ariko da,Ngwenya eta Balshaw hor izanen dira, eta aitzinean Guyotek eta Lauretek ere ez dute hutsik eginen. Hariñordokiren itzulerak Richie Gray gazteari eginen dio kalte. Garaztarra torneoa jokatzen ari zela, hura aritu da zortzi postuan, etea partida ederrak egin ditu. Imanol itzuli ondotik, berriz bigarren taldearekin jokatu beharko du. Luzerako ez, bide beretik jarraitzen baldin badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.