Herbehereak-Mexiko (2-1)

Madarikazioa eta Robben

Mexiko irabazten ari zen 88. minutuan, eta sei minutuan eman diote buelta Herbehereek

Arjen Robben, garaipena ospatzen. KOEN VAN WEEL / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 29a
20:44
Entzun

Herbehereen eta Mexikoren ikuspegitik, bietatik idatz daiteke kronika hau. Biek eman dutelako zer idatzi final 1/8etako partidan. Bien ikuspuntuak nahasian, bi izen elkartu behar: madarikazioa (Mexikorena) eta Robben (Herbeheeretako izarra).

Mexikok ez du inoiz final 1/4ik jokatu Munduko Kopan. "Bosgarren partida" esaten diote, eta horra heltzea zuen helburu. Oso gertu izan du, 88. minutuan 0-1 irabazten ari zelako. Baina sei minutuan irauli die emaitza Herbehereek. Madarikazioa aipatu behar, ezinbestean. Edo horrelako zerbait. Orain ere, ezin bosgarren partidara heldu.

Herbehereek laugarren partida jarraian irabazi dute, jokatutako denak, eta aurreko Munduko Kopakoak kontatzen badira, bakarra galdu du: 2010eko finala. Ondo dator bi txapelketak alderatzea, duela lau urte erakutsi zuenari helduta ari baita laranja koloreko selekzioa. Betiko eredu alaia zurrun bihurtu zuen 2010ean, eta zurruntasun horrekin eta beste ezaugarri batzuekin osatu du taldea Van Gaalek. Tartean da Robben. Sasoi puntu bikainean da, eta berak bakarrik nahasi ditu Mexikoko atzelariak. Erabakigarria izan da gaur ere.

Bi taldeetan, ezusterik ez marrazkian: 3 erdiko atzelari gaur ere. Beroa latza, jasanezina, eta bizi jokatzeko oztopo handiegia. Mexikok hartu du jokoaren ekimena, eta Herbehereak atzean sartu dira, kontraerasoan ateratzeko. Baina hasi orduko, lesioa izan du De Jong euskarriak, eta aldatu egin behar. Blind gaztea jarri du Van Gaalek bere lekuan. Atzean sartu eta zelai-erdian estutzeko estrategian, galdu egin du Blindekin taldeak. Horren adierazle Mexikoren gola. Bigarren zatia hasi berria zen, eta baloi luze baten aldaratzea hartu du Giok, Blind gertu zuela. Ez du behar bezala gorde lekua baloia jasotzeko Blindek, eta Giok aurrea hartu dio. Zartakoa eman dio baloiari erdialdetik, eta gola.

Aurretik ere, lehen zatian, izan ditu aukera batzuk Mexikok, Herrera erdilariaren jokoan eta mugimenduetan oinarrituta Nahi bezala ibili da, eta berak ez ezik, taldekideek ere baliatu dituzte mugimendu horiek. Baina golik ez Giorena heldu arte.

Herbehereak aldatu egin du kontrako golak. Van Gaalek egin ditu egin beharreko aldaketak, eta taldea baloiaren jabe egin da. Txukun moldatu da, zurruntasuna ez ezik beste ezaugarri bat ere baduela erakutsiz. Mexiko atzean sartu da, eta sartu du aurkariak, eta ez da atera azkenera arte. Horretan irabazi dute Herbehereek eta horretan galdu Mexikok. Ematen zuen Van Gaalen taldeak go bat sartzen bazuen gai izango zela emaitza erabat iraultzeko. Eta lehenago ez du irauli, Ochoa atezainak bereak eta bi egin dituelako gaur ere. Baina denak ezin geratu.

Korner batean, aldaratzea Sneijderri etorri zaio, eta zehatz eta gogor jo dio baloiari. Gola. 88. minutua. Bigarrena penaltiz egin dute Herbehereek. Huntelaarrek sartu du. Robbeni egin diote penaltia (aurretik ere beste bat egin diote baina azkenekoa adierazi du epaileak). Kito partida. Mexiko etxera, oso itxura emanda txapelketan, baina madarikazioa gainditu ezinik. Eta Herbehereak aurrera, eta sendo. Baliabide asko barneratuta dauzka taldeak, eta ez da helduleku txarra aurrera begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.