Angel Madrazok (Burgos) ihesean egin du etapa osoa Jetse Bol taldekidearekin eta Jose Herradarekin (Cofidis). Inor gutxik espero zuen ahalegina arrakastatsua izango zela, baina tropelak utzi egin die joaten, eta konturatu denerako ezinezkoa zen haiek harrapatzea. Azkenean, Madrazok, Bolek eta Herradak lehiatu dute etaparen garaipena, eta Madrazo izan da azkarrena. Bol sailkatu da haren atzetik, hamar segundora, eta Herrada hirugarren, 22ra.
Atzean, berriz, Javalambreko mendateko azken txanpan bakarrik egon da lehia, eta Espainiako Vuelta irabazteko faboritoen artean Miguel Angel Lopez (Astana) izan da indartsuena. Laugarren helmugaratu da, eta denbora atera die aurkari guztiei: hamabi segundo Alejandro Valverderi (Movistar) eta Primoz Roglici (Jumbo); 41 Tadej Pogacarri (UAE); 54 Nairo Quintanari (Movistar) eta Sepp Kussi (Jumbo); 59 Esteban Chavesi (Mitchelton); 1.05 Rafal Majkari (Bora); 1.18 Pierre Latourri (Ag2r); 1.24 Rigoberto Urani (Education First); eta 1.30 Nicolas Rocheri (Sunweb), atzo arte lider zenari. Horri esker, Lopezek berreskuratu egin du maillot gorria, Rochek joan den igandean kendu ziona. Sailkapen nagusian, kolonbiarrak hamalau segundo ateratzen dizkio Roglici, 23 Quintanari, 28 Valverderi, 57 Rocheri, 59 Urani, 1.17 Chavesi, 1.18 Majkari eta 1.49 Pogacarri. Victor de la Parte (CCC) da lehen euskal herritarra, hamahirugarren postuan, bi minutura. Gaur, hala ere, Oscar Rodriguez (Euskadi-Murias) izan da onena Euskal Herriko ordezkarien artean, hamaseigarren postuan, Madrazorengandik 2.26ra.
Ostegunean, seigarren etapa jokatuko dute, Mora de Rubielos (Espainia) eta Ares del Maestrat (Herrialde Katalanak) artean, 199 kilometrokoa. Oso etapa gorabeheratsua da, eta, ondorioz, baita arriskutsua ere. Adi egon beharko dute hasieratik, bi mendate igo beharko baitituzte lanari ekin eta berehala: Bigarren mailako Nogueruelas —bederatzi kilometro eta %4,5eko pendiza— eta hirugarren mailako Linares —7,7 kilometro eta %5,7—. Jarraian, 130 kilometro egingo dituzte ibilbide gorabeheratsuan, Culla hirugarren mailako mendatera iritsi aurretik —4,4 kilometro eta %5,8—. Amaitu, ordea, maldan gora amaituko dute, Ares del Maestrat hirugarren mailakoan. Ia zortzi kilometroko igoera da, %5eko pendiza duena. Egun aproposa dirudi etapa hasieran ihesaldi bat sortu eta helmugara irits dadin.