espainiako kopa
Madrilen dira milaka gorritxo, beren taldea animatzeko prest
Osasunaren historiako partidarik garrantzitsuenaren eguna iritsi da. Osasuna 1920ko azaroaren 17an sortu zen (asteazkena), Iruñeko Cafe Kutz zaharrean sinatutako akordioan Sportiva eta New Club taldeek bat egin zutenean. Ia 85 urteko historia dute gorritxoek. Eta orain arte ez dute inoiz final bat jokatzeko aukerarik izan. Gaur, ordea, Betisen baimenarekin, bere aurreneko finalean lehendabiziko titulua eskuratu nahi du Osasunak. Historian lehen aldiz Espainiako Kopako finalerdiak gainditzea lortu zuen zelai berean ariko dira nafarrak finalean ere, Atletico Madrilen zelaian, Vicente Calderonen.
Finalean aurkari izango diren taldeek 2004-2005 denboraldian egin duten jokoarengatik eta lortu dituzten emaitzengatik, Betisek izan beharko luke faborito argia gaur iluntzeko partidan. Savo Milosevicek ostegunean gogoratu zuen bezala, ordea, «finalek ez dute zerikusirik Liga jardunaldietako partidekin, lehia bereziak izaten dira eta inoiz ez dago faboritorik». Aurrelari serbiarrak badaki zertaz hitz egiten duen. Osasunako plantilan final gehien jokatu dituen jokalaria da. Partizanekin Izar Gorriaren aurka irabazi zuen lehendabiziko finala derbi bero baten ostean: Jugoslaviako Kopa. Aston Vilarekin ere irabazi zuen Ingalaterrako Kopa, eta bera izan zen Wembley futbol zelai mitikoan jokatu zen partidan gol bakarra sartu zuen jokalaria. «Finaletan detaileak azkar irakurtzen jakin behar da, eta %100 emateaz gain beste pittin bat eman behar da», jarraitu zuen golegile beteranoak. Hori egin beharko dute gaur gorritxoek Liga laugarren postuan amaitu duen talde dotorea mendean hartu nahi badute.Osasunak ez du UEFA jokatzeko sailkapena behar bezala ospatu, eta gaur galdu nahiz irabazi, Iruñean ez da ospakizunik faltako hurrengo orduetan. Patxi Izko presidenteak argi esan du aste honetan, ordea: «UEFA behar bezala ez dugu ospatu eta egingo dugu, baina ospakizunetarako arrazoi bikoitza izatea nahiko nuke, finala irabaztea nahi dut». Milosevicek berak esan zuen finalera iritsi eta irabazteko gogoa ez izatea inozokeria latza izango litzatekeela. Bada, gogo hori lehen minututik amaierako txilibitu hotsa entzun arte erakutsi behar dute gaur iluntzean Javier Aguirrek zuzentzen dituen jokalariek. Espainiako Ligako hamabosgarren sailkatuak oso zaila izango du laugarren sailkatua mendean hartzea, arreta ikaragarriz eta grina apartaz jokatu ezean. Espainiako Kopako finalean muturra sartuta, Betis Txapeldunen Ligarako sailkatzeak ziurtatu dio Osasunari 2005-2006 denboraldian UEFA Kopan aritzea. Sevillarrei eskerrak emateko aukera hoberik izango da, ordea. Sadarreko garaikur areto xumera lehen titulua eramateko ordua iritsi da. Gaur da historia egiteko eguna. Zaleek badakite 20.000ren babesa izango du taldeak, jokalariek ere jakingo ote dute!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu