Denboraldi honetako Txapeldunen Liga irabazi nahi duenak ezaguna du jadanik egin beharreko bidea. Izan ere, atzo zozkatu zuten Monte-Carlon (Monako) Txapeldunen Ligako ligaxka. Irailaren 15ean eta 16an jokatuko dute aurreneko jardunaldia; eta, abenduaren 8an eta 9an, azkena. Ondoren jokatuko dira final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak, eta, azkenik, finala, maiatzaren 22an, Madrilen (Espainia), Santiago Bernabeu estadioan.
A multzoa
Bi faborito eta hautagai bat
Bayern Munichek eta Juventusek dute aukera gehien sailkatzeko. Hala ere, tentuz ibili beharko dute alemaniarrek eta italiarrek, Bordeleko Girondins sasoiko baitago, eta muturra sartzen saiatuko baita. Maccabi Haifari, berriz, gozatzeko aukera besterik ez zaio geratuko.
B multzoa
Bat dago guztien gainetik
Inork ez du ezbaian jartzen Manchester United izango dela lehen postuan. Ezusteko galanta litzateke kontrakoa gertatzea. Bigarren posturako lehia, berriz, parekatua izatea espero da, eta, horretarako, CSKA Moskuk eta Wolfsburgok dute aukera gehien. Koska bat beherago dago Besiktas.
C multzoa
Txartelek jabea dute
Egundoko ezustekorik ezean, Milanentzat eta Real Madrilentzat izango dira bi txartelak, Marseillako Olympique eta Zurich baino koska bat gorago baitaude. Multzoko lehena nor izango den izango da argitu beharreko bakarra. Italiarren eta espainiarren arteko lehiako beste osagai bat? Kakak talde ohia izango duela aurkari.
D multzoa
Faborito bat eta bi hautagai
Chelseak beretzat behar luke lehen postua. Bigarrena, berriz, Atletico Madrilen eta Portoren artean jokatuko da, Apoelek apaingarri itxura baitu. Atletico Madrilek eta Portok elkarren aurka jokatu zuten iragan sasoian final-zortzirenetan, eta portugaldarrek egin zuten aurrera.
E multzoa
Bat sailkatzea ziurra, bestea...
Liverpoolek ez luke arazorik izan behar lehen edo bigarren postuan gelditzeko. Beste taldeak, berriz, Lyongo Olympiquek edo Fiorentinak beharko luke. Lehia horretan, frantziarrak dira faborito, eskarmentuagatik. Debrecen da laugarren taldea; aurkari apala.
F multzoa
Aspaldiko lagunen bilera
Bartzelona eta Inter dira faborito argiak. Koska bat beherago daude Dinamo Kiev eta Rubin Kazan. Kataluniarren eta italiarren arteko lehian ez da gatzik faltako, Eto'o Bartzelonako jokalari ohia Interreko elastikoarekin, eta Ibrahimovic eta Maxwell Interreko jokalari ohiak Bartzelonakoarekin.
G multzoa
Bigarren postua, zehazteko
Sevilla da bi postuetako bat lortzeko faboritoa. Bestea, berriz, Stuttgartentzat edo Rangersentzat izan beharko luke. Unirea Urzicenik ez du aukerarik.
H multzoa
Bat aurretik, besteak atzetik
AZ Alkmaarren, Olympiakosen eta Standard Liejaren gainetik dago Arsenal. Bigarren postua, berriz, herbeheretarren eta greziarren artean erabakitzea litzateke normalena.
Madrilerako bidea, zehaztuta
Txapeldunen Ligako ligaxkako zozketa egin dute, eta lehen jardunaldia heldu den irailaren 15ean eta 16an jokatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu