Abel Barriola. «Betiko Abel da, eta agian bera iritsi da indartsuen»
«Lehengo Abel da berriz; aurreko mailara iritsi da, eta kolpez zein jokoz oso indartsu ikusten dut. Iazko buruz burukoarekin alderatuta, mugimenduei dagokienez, askoz hobeto dago, udak mesede egin dio. Gero, lesioari dagokionez, osatzea beti da zaila, baina berak lortu du; uste dut mugimendu jakin bat edo beste egitean beldurra izango duela oraindik, baina ondo dago».
«Ligaxkari begira, agian bera da indartsuen iritsi dena, hori esatea asko dirudien arren. Aurretik hiru partida jokatu ditu eta erritmoa hartua du. Gainera, kanporatu dituen aurkariak ez dira nolanahikoak; Saralegik, Bengoetxeak eta Retegik asko jokatzen dute kaiolan, eta hirurei ondo irabazi die».
Sebastian Gonzalez. «Ez dute estutu, beraz,ez dugu ikusi nola dagoen»
«Nik badakit indartsu dagoela, ondo, arazo fisikorik gabe, baina oraindik ez dugu ikusi zein mailatan dagoen. Uda ez zen erraza izan berarentzat, baina azkenean entrenatzea lortu du. Iaz ligaxkaren aurretik partida batzuk jokatzeak mesede handia egin zion, aurten ez dugu aukera hori izan. Partida bakarra jokatu eta irabazi du, baina Urrutikoetxea ez zen ondo ibili, eta ez dugu ikusi nola dagoen, ez baitute estutu. Gaur izango dugu aukera nola dagoen ikusteko».
«Iazko txapelak bere ikuskera aldatuko zuela uste dut, txapel batek konfiantza asko ematen du, eta bere buruan gehiago sinetsi beharko luke orain. Azken urteetan oso goian ibili da, eta merezi zuen finaletan sartzea. Bere helburuak beti buruz burukoa eta binakakoa izan dira, baina iaz lau t'erdikoa irabazi zuen... Txapeldun dela ikusi du, eta berriz ere izan daitekeela».
Titin III.a. «Txapelerako hautagai da»
«Zer esango dut Augustori buruz? Badaki urteak ez direla alferrik pasatzen, eta berak igarriko duela inork baino gehiago, baina hura kontuan hartzen jarraitu behar da. Berriz ere ligaxkan sartu bada zerbaitegatik da, eta kontrarioei errespetu handia eragiten die. Denek dakite ez dela garai batekoa, baina irabazi egin behar zaio; berak ez du galtzen».
«Ligaxkan badago, txapelerako hautagai da, eta iazkoaren ondoren, nola ez da ba izango hautagai? Ligaxkan bi partida irabazi eta lau tantogatik gelditu zen finaletik kanpo! Aurten zaila izango du errepikatzea, baina irabazi nahi dionak izerdia bota beharko du. Beste hirurak kontrario txarrak dira, baina ilusioa badu ezin da baztertu».
Juan Martinez de Irujo. «Entrenamenduak ez dira onak izan, baina...»
«Egia esan, bere azken entrenamenduak ez dira onak izan, konfiantza gutxirekin ekin ziontxapelketari, baina betikoa da, halako pilotari batek dituen errekurtsoekin... Ruizen kontra oso ondo jokatu zuen. Partida eguna iritsi zenean oso ondo sentitu zen, eta ia dena ondo irten zitzaion».
«Konfiantzarena alde batera utzita, oso ondo iritsi da txapelketara, urrian partida asko jokatu baditu ere. Fisikoki sasoia hartuz joan da, eta ez du arazorik eskuetan. Hiru kontrarioek joko desberdina egingo diote, eta batzuekin besteekin baino erosoagoa ibiliko da. Dena den, eta aurkaria edozein dela, Juanek bere erritmoa jartzen badu, zaila izango da hari aurre egitea».
Ligaxkako gakoak. «Irekia dago: ez dut inor ziur ikusten finalean»
«Lau pilotari, eta jokatzeko lau estilo desberdin: botera, airez, indartsuak, trebeak... Denak puntakoak, eta ez dut inor besteen azpitik ikusten. Egia esan, ez dut inor ziur ikusten finalean; nik ere ezingo nuke esan zein sailkatuko den, eta zail ikusten dut norbaitek hiru partidak irabaztea. Pilotazaleentzat konbinazio oso erakargarria da, partida guztiek dute zerbait».
«Oso parekatuta dago ligaxka, eta ez nintzateke harrituko iaz gertatu bezala bukaeran bi edo hiruren arteko berdinketa bat balego. Garrantzitsua izango da ondo egokitzen ez zaizun aurkariaren aurka emaitza ona lortzea».
Gonzalez Barriolaren aurka, gaur, faboritorik gabeko partidan
Lau t'erdiko txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen partida gaur jokatuko da, Iruñeko Labriten (16:30, Nitro). Sebastian Gonzalezek eta Abel Barriolak faborito garbirik gabeko lehia jokatuko dute. Biek ez dituzte inoiz indarrak neurtu kaiolan. Gonzalezek Urrutikoetxeari irabazi zion final-laurdenetan, eta ondo aritu zen. Barriola ere sasoi onean dago, lesioa ahaztu du, eta Saralegi, Bengoetxea VI.a eta Retegi Bi nagusitasunez kanporatuta iritsi da finalerdietara. Leitzarrak bitxikeria bat alde du: inoiz ez du galdu ezker baten aurka lau t'erdian.Txapelketakoa jaialdiko hirugarren partida izango da, eta bigarrenean Aimar Olaizola jaialdietara itzuliko da. Jende asko biltzea espero da Labriten, txapelketako aurrenekoan.