Aldrebeskeria frankok egin beharko lukete bat Bilbo Basket Espainiako Kopatik kanpo geratzeko. Berak Cajasolen aurka galtzea, aurren-aurrena, eta Kanaria Handiak edo Fuenlabradak eskandaluzko garaipenak lortzea Malagan eta Madrilen, hurrenez hurren. Kanaria Handiak du aukera gehien, baina 34 punturen aldea kendu beharko lioke Fotis Katsikarisek zuzendutako taldeari gaur. Zer esan nahi du horrek? Kanaria Handiak 20-25 puntugatik irabaztea Malagan, eta Bilbo Basketek 10-15 puntuz galtzea etxean Cajasolen aurka. Zaila, ia ezinezkoa dirudi hori gertatzea.
Kopa lotuta, urrunago begiratzen hasi behar du Bilbo Basketek. Maiatzera, hain zuzen ere. Bi garaipeneko aldea kentzen dio gaur aurkari izango duen Cajasoli. Sevillako taldea orpoz orpo ibiliko da bizkaitarrekin bizpahiru hilabetetan, titulua lortzeko kanporaketak zehazten direnean, eta komeni zaio hura hiru garaipenera urruntzea. Hiru garaipeneko alde handia da, eta buelta ematea kosta egingo zaie espainiarrei.
Bost onenen artean
Helburua argia da: liga erregularra bost onenen artean bukatzea. Horretarako, derrigorrezkoa da taldeak azken hiru partidetan erakutsi duen defentsa joko bikainari eustea. 60 puntu ingurura mugatu dute Bartzelona, Estudiantes eta Menorcaren erasoko jarduna, eta bide horri eutsi behar zaio. Besteak beste, Cajasol ere oso defentsa zorrotza egin zalea delako. Joan Plazak zuzendutako taldeak muturreko handi samarra jaso zuen ostegunean. Kopa jokatzeko azken aukera zeukan, Real Madrilen aurka, baina kale egin zuen, eta litekeena da buruz-eta ez egotea bere onenean.
Baina talde ona du. Asko nabaritzen ari da Calloway joko antolatzailearen hutsunea, baina Bullockek bere zenbakiak hobetu ditu, eta Paul Davis pibotak ere sekulako partida egin zuen ostegunean. Cajasolek indartsu bilatzen du erasoko errebotea Davis, Ivanov, Triguero, Kirksay eta Katelinasekin, eta etxekoek ondo zaindu beharko dute alor hori.
Maiatzean pentsatu nahi du Bilbo Basketek, etxean Cajasol mendean hartuta
Kopan sartzea ziurra da bizkaitarrentzat, markagailu zeharo aldrebesak gertatu ezean (12:30, ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu