Igotzeko edo jaisteko kanporaketako lehen jardunaldia izango dute jokoan lau traineru hauek gaur Bermeon (18:00, ETB1): Zumaiak, Oriok, Santurtzik eta Amegrovek. Erlojuaren aurka egin beharko dute arraunean, eta, sailkapenaren arabera, puntuak banatuko zaizkie. Bihar, beste horrenbeste izango da, Portugaleten (12:00), eta bi egunetan puntu gehien batzen duten bi ontziek saria izango dute: datorren denboraldian, San Miguel ligan ariko dira arraunean.
Kanporaketa honek berez du estutasuna bere inguruan. Estu joan izan dira gauzak aurreko urteetan. Aurtengoari begira, gainera, inoiz baino larriago daude gauzak; hala ematen du, behintzat. Lau lehiakideen maila ez da nolanahikoa. Zumaiak lan txukuna egin du San Miguel ligan, eta estropada batzuetan bikain ibili da. Maila horretara gerturatzea edo berriz ematea dauka helburutzat, ligan segitu ahal izateko. Orioren inguruan dena esanda dago; KAE1 liga aise irabazi du, bandera guztiak bereganatuz, eta klubaren etorkizunerako ezinbestekoa da igotzea. Santurtzi izan du atzetik liga horretan, eta ez urruti, gainera. Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan itxura ona eman zuen, eta berea egiten badu, hautagaia da saria eskuratzeko. Azkenik, Amegrove dago, Galiziako ligako txapelduna. Espainiako txapelketan lehiatu zen hemengoekin, eta egun batean ondo moldatu zen bezala aritu zen gaizki bigarrenean. Arraunlarien inguruko araudiak San Miguel ligakoak dira, eta justu betetzen du zazpi berezko izatearen legea.
Bakoitzak emango duenaren inguruan galdera ikur ugari badago, ezin da gauza bera esan gaurko lanaren garrantziaz. Gaur egiten ez duenak nekez lortuko du saria bihar. Gaur ezin da hutsik egin. Itsaso apur bat emana dago, eta haizea ere ez dute lagun izango.
Lehiaren garrantziaz jabetzeko, hauxe: Zumaiak San Juanen trainerua erabili du entrenamenduetan; Santurtzik, Deusturena; eta Amegrovek, Mugardosena. Orio ere saiatu da Amilibiaren eredu berria lortzen, baina ezin. Zumaiarrek eta galiziarrek atera dezakete, hortaz, hain emaitza onak eman dituen ontzi mota.
Maila nagusian aritzeko lehen urratsa egin nahian
Zumaia, Orio, Santurtzi eta Amegrove ariko dira gaur eta bihar, eta lehen biek San Miguel ligan izango dute lekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu