Maila neurtzeko

Athleticek Valentzia gainditu beharko du gaur bolada onean jarraitu ahal izateko, baina aurkari zaila izango du aurrean

haritz gallastegi
2009ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Unai Emeryk zuzentzen duen Valentzia izango da gaur San Mamesen, Espainiako Ligako lehen itzuliko azken jardunaldian. Entrenatzaile gipuzkoarrak itxuraldatu egin du taldea hilabete gutxitan. Katedralean zelairatuko den Valentziak ez du zerikusirik izango joan den sasoian San Mamesen jipoitua izan zen taldearekin. Talde serioa eta irabazlea da berriro. Entrenatzailearen lan taktikoa eta taldeko jokalari askok duten berezko talentua uztartu ditu Valentziak txapelketako onenetarikoa izateko. «Oso talde indartsua da. Orain arte izan dugun aurkaririk gogorrenetarikoa», adierazi zuen Pablo Orbaizek. Ba, lehen itzuliko azken neurketa dela kontuan hartuta...

Zuri-gorriek argi dute konpromiso handiko partida dela. Ez dela erraza izango garaipena eskuratzea. Berdegunean egongo diren jokalarien artean badago puntu bat irabazita konformatuko litzatekeenik. Errespetu handia diote Valentziari. Beraz, azterketa egokia izan daiteke Athleticen benetako maila neurtzeko. Vicente Calderoneko norgehiagoka baino askoz ere esanguratsuagoa izan daiteke gaurko partida. Zergatik? Atletico Madril ez dagoelako sasoian. Athleticek memento egokian jokatu zuen Javier Agirreren taldearen aurka. Atletico bolada txarrean dago, eta egun ez da Ligako onenetarikoa.

Valentzia, berriz, bai. Vila- Realen aurka goi mailako partida jokatu zuen. Lerro guztietan goi mailako jokalariak dituela berresten ari da denboraldion. Baina, batez ere, lau dira Emeryren jokoaren erreferentzia: Villa, Silva-min hartuta dago eta ez du jokatuko-, Mata eta Joaquin. Lehen bien maila jakinekoa da. Mata gero eta jokalari hobea da,eta Joaquinek Betisen aritu zenekoa dirudi. Horien mailarekin erraza da emaitza onak eskuratzea.

Hala ere, San Mamesen azken bi hilabeteetako Athleticek jokatzen badu baikor egoteko arrazoiak daude. Emeryrenek ez dute arratsalde erosoa izango. Hasiera batean hiru arrazoi egon daitezke zuri-gorrien norgehiagoka txar bat ikusteko: bata, Athleticek egun txar bat izatea. Edozein talderi gerta dakioke. Bigarrena, Valentziak partida biribila jokatzea eta ezer egiteko aukerarik ez ematea. Hori ere ez litzateke harritzekoa izango. Eta hirugarrena, eta beharbada kezkagarriena, nekea izan daiteke. Jarraitzaile askok ez dute ulertuko Athleticeko jokalari asko nekatuta egotea. Ligan jokatu beharreko partida guztiak eta Kopako beste lau dira zuri-gorriek jokatu behar izan dituztenak. Ez dira asko, ez. Baina epe labur, ertain edo luzera eragina izan dezakeela pentsatzeko arrazoi asko daude: lehenik, Athleticek %120 eman behar duelako neurketa bakoitzean irabazteko aukera izateko. Bigarrenik, Athleticeko jokalariak ez daude ohituta astean partida bi jokatzera. Eta, hirugarrenez, kontuan hartu behar da Caparros neurketa guztietan ari dela hamaikako beretsua zelairatzen. Beraz, litekeena da zenbait jokalari sasoia amaitu aurretik erreta egotea. Jokatu ez duena, bestalde, partidek ematen duten konfiantza eta erritmoa hartu ezinik egongo da.

Berandu izan aurretik Caparrosek erreakzionatu egin duela dirudi. Ez dirudi aldaketa asko egiteko prest dagoenik, baina kontu bat edo beste, litekeena da Valentziaren kontrako partidan hiruzpalau jokalari berri ikustea. Aldaketa nagusia atean egon daiteke. Zoritxarreko gripea tarteko, Iraizozek ezin izan zuen atzoko lan saioan parte hartu. Beraz, osatzen ez bada, Armandok denboraldiko lehen neurketa jokatuko du. Caparrosek, badaezpada, bigarren taldeko atezain Iago Herrerin sartu du deialdian.

Atzealdean ere ez da aldaketarik faltako. Txartel pilaketa dela tarteko, partida bateko zigorra bete beharko du Amorebietak. Etxeitak edo Ustaritzek jokatuko du Iurretakoaren partez. Bestalde, baliteke Balenziaga hamaikakora bueltatzea Koikiliren lekuan.

Susaetari atsedena

Zelai erdian Markel Susaeta faltako da. Hutsune handia izango da zuri-gorrientzat. Eibartarra sasoian dago. Horregatik, beharbada Kopako partidarako gorde gura du entrenatzaileak. Susaetaren lekuan David Lopez arituko da. Yeste ere deialdian dago. Zer gertatu den teknikariaren eta Yesteren arteko auzian? Lehenik eta behin, entrenatzaileak zigortu egin zuen, eta, ondoren, jokalaria izan zen Atletico Madrilen aurka jokatu beharreko partida jokatzeari uko egin ziona. Tartean lesio bat egon omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.