Mailari eusteko lehian partida erabakigarria jokatuko du gaur Arratek

Beren taldeak baino egoera ekonomiko larriagoa duen bat hartuko dute Ipuruan: Alcobendas (21:00)

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hilabeteko etenaldiaren ondoren itzuli da Asobal liga, baita Arrateren kirol arloko premiak ere. Jaitsiera hurbilegi daukate gipuzkoarrek —puntu bakarrera—, eta gaur Ipuruan jokatuko den partida garrantzitsua izango da taldearen etorkizunerako. Alcobendas hartuko dute, ligako azken-aurreko sailkatua, eta, irabaziz gero, jaitsiera hiru puntura izango dute; galduz gero, espainiarrek aurrea hartuko diete.

Alcobendas, gainera, ataka larrian dator. Ligako zuloan sartuta, Arratek baino egoera ekonomiko okerragoa du. Zazpi jokalarik utzi dute taldea, eta hutsuneak harrobiko gazteekin betedituzte. Mailari eustekotan, hurrengo sasoian Asobal ligan lehiatzeari uko egingo diotela adierazi dute taldeko buruzagiek.

Egoera horretan Arratek aukera ezin hobea daukala esan liteke, baina gipuzkoarrak ez daude aldarte onean. Atsedenaldia inoiz baino gorabeheratsuagoa izan dute. Jakinak diren diru arazoei kanpoko jokalarien itzulerarekin egon diren arazoak gehitu zaizkie, batez ere Blaz Voncina atezainarenak. Buruhauste horietaz aparte, etenaldian jokaturiko hiru lagunartekoetan itxura oso kaskarra eman du taldeak.

Ivan Sever eta Istvan Redei min hartuta daude, azkena denboraldi osorako; eta ez da ziurra Bogdan Petricevic eta Konstantin Kurilenko partidarako osatuko diren. Sergio Berrios kapitainak argi utzi zuen herenegun zer-nolako garrantzia duen partida irabazteak: «Sasoiko partida garrantzitsuena da; asko dago jokoan, eta oso kontzentratuta gaude».

Bolinagak taldea utzi du

Dena den, kantxa kanpoko arazoek arreta hartzen dihardute. Iñaki Bolinagak taldea utzi du, 30 urte baino gehiagoz presidente izan ondoren, eta zuzendaritza batzorde baten eskuetan utzi du. Pertsona ezagun batzuek kudeatuko dute batzordea, besteak beste, Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendariak eta Gojko Vucinic bigarren entrenatzaile eta jokalari ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.