Donostiako Fortuna kirol elkartea bere sorreraren mendeurrena ari da ospatzen aurten. Bere garaian arraunarekin harreman estua izan ondoren, Behobia-Donostia herri lasterketa antolatzeagatik da ezaguna azken urteetan Fortuna. Ez da gutxiagorako, meritu handia baitu urtero azaroko bigarren igandean 20.000 lagunetik gora biltzen dituen lasterketa antolatzeak.
Atletismoa, baina, ez da Fortunaren barruko sail bakarra. Beste hainbat ditu; tartean, xakea. Atletismoaren edo arraunaren sonara iritsi gabe, xakea tradizio handiko kirola da Fortunan. Hogei urte ditu jada sailak, eta Euskal Herriko xake elkarte sendoenen artean dago aspalditik. Horregatik, eta elkartearen mendeurrenaren aitzakian, xakearekin zerikusia duten hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken egunetan.
Kasparov makinaren kontra: jenio baten porrota izenburupean, Miguel Illescas Kataluniako xake maisu handiak emandako hitzaldia izan da ekitaldi horietako bat. Illescasen ekarpena, halere, ez da hitzaldi bakarrekoa izan, eta joan zen larunbatean Gipuzkoako 25 jokalariz osatutako selekzio baten aurka neurtu zituen indarrak aldi bereko partidak jokatuta. Aurkariaren maila kontuan hartuta, Gipuzkoako ordezkariek bazekiten kostata lortuko zutela punturen bat. 25 puntutik maisu handi kataluniarrak 20-21 lortuko zituela uste zuten. Baina usteak ustel. Gipuzkoako selekzioko kideek espero baino emaitza hobea lortu zuten, Illescasek hemezortzi puntu lortu baitzituen, eta etxeko jokalariek zazpi.
Lehia gogorra izan zen, partidak hasi eta hiru ordura oraindik ez baitzen partida bakar bat ere bukatu. Illescas pixkana-pixkana joan zen puntuak bereganatzen,Roberto Roldan eta Iñigo Martinen aurka galdu zuen arte. Ezuste handia izan zen, baina Illescasen nekea ere handia zen. Halere, hortik aurrera ez zuen partida gehiago galdu. Guztira hamahiru irabazi zituen, hamar berdindu eta bi galdu.
Sona handiko jokalaria
Emaitzak emaitza, inork ezin du zalantzan jarri Illescasen kalitatea eta xakeari eginiko ekarpena. Orain 46 urte jaio zen, Bartzelonan; 22 urterekin lortu zuen maisu handiko titulua. 28 urterekin, berriz, munduko jokalari onenen artean 25.a zen. Illescasek 25 urte baino gehiago daramatza taula gaineko espezialista onenekin lehiatzen, lehiatzen eta maila ona ematen. Hala, 2006an, 40 urterekin, hirugarren taulako brontzezko domina irabazi zuen Turinen (Italia) jokatutako Xakeko Olinpiar Jokoetan. Iaz, berriz, jokalari gazteenek ezin izan zioten aurre egin, eta zortzigarren aldiz irabazi zuen Espainiako Txapelketa. Joko sendoa, estrategian oinarritutakoa egin izan du beti, baina joko taktikoan ere onenetakoa izan daitekeela erakutsi izan du.
Baina Illescas xakearekin zerikusia duten arlo askotan aritu izan da, eta guztietan ederki moldatu izan da. Hala, Vladimir Kramnik munduko txapeldun ohiaren entrenatzailea izan zen 1999tik 2006ra. Enpresari gisa, berriz, xakea, teknologia berriak eta hezkuntzarekin lotutako hainbat enpresa sortu ditu. Kazetari lanak aspalditik egiten ditu prentsan, irratian eta telebistan, beti xakearekin lotuta, eta aditu moduan ere hitzaldiak eman ditu. Horien artean azpimarratzekoak dira Estrategia eta erabakiak hartzea The Boston Consulting Group-entzat eta Xakea eta enpresaestrategia ESADE eta Deustu negozio eskolentzat.
Hala ere, bere lan guztien artean ospe handiena Deep Blue softwarearen garapenak eman zion. 1997ko maiatzean oihartzun handia izan zuen Gary Kasparov munduko txapeldunaren hondamenak IBMko Deep Blue programaren aurrean. Makinak azkenean garaitu zuen gizakiaren ordezkoa estrategia eta dedukzio arloan. Izan ere, xakea, azken finean, hori da: estrategia, dedukzioa eta logika aplikatu ikasitakoarekin batera egoera berrietan sormen irtenbideak topatzeko. Hori da sormena, eta arlo horretan Deep Blue programak orduko jokalari onena garaitu zuen. Horretan ere zerikusia izan zuen Illescasek, informatikako graduondoko ikasketak baitauzka, baita eskarmentu handia ere punta-puntako xakean. Horrek IBM informatika enpresa ospetsua bultzatu zuen maisu handi kataluniarra kontratatzera. Illescas hiru urtez aritu zen lanean, beste askoren laguntzarekin, Deep Blue programa garatu eta hobetzen. Lan horrek fruitua eman zuen, eta emaitza bistan geratu, Kasparoven zoritxarrerako.
Maisu handi bat Donostian
Fortuna kirol elkartearen mendeurreneko ospakizunetan izan da Miguel Illescas xake jokalari ospetsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu