Hego Euskal Herriko errugbiak aspaldiko egunik handiena izan dezake gaur. Ampo Ordizia eta 2.500 zale Valladolid aldera abiatuko dira, Ohorezko Mailako finala jokatzera (18:00). VRAC Quesos Entrepinares izango da aurkaria, eta faboritoa. Etxean jokatzeaz gain, liga erregularreko lehen postuan bukatu zuen eta jokaturiko bi partidak irabazi zizkion Ordiziari. Finalak, baina, beti dira desberdinak. Irabazleak, halaber, Challenge kopa jokatuko du, besteak beste Baionak eta Miarritzek —Heineken kopatik kanporatua izan ondoren hori— sasoi honetan jokatu duten Europako txapelketa.
Iaz txapeldunorde izan ondoren, Ordiziak beste pauso bat emateko nahia du Ohorezko Mailako titulua kanporaketa bidez erabakitzen den lehen aldian. Irabaziko balu, euskal talde batek titulua lortzen duen laugarren aldia litzateke. Dena den, Getxoren (1993) eta Donostiako Atletikoren (1970 eta 1978) lorpenak oso urrun gelditzen dira. Ez ordea Kopan, Ordiziak duela hilabete irabazi zuelako finala, oso aldapa gora jarritako partida bati buelta emanez, eta izpiritu horri eutsi nahi dio ustekabekoa emateko.Ordiziak sasoiko etxeko lanak ondo baino hobeto eginak ditu honezkero, eta gaurkoa maisulanari azken ukitua ematea litzateke.Ez da erraza izango baina, VRACek —bi aldiz izan da txapeldun— oso ondo hartua diolako neurria Goierriko taldeari. Joaneko partidan 25-18 eta itzulikoan 26-31. Azken partida horrek ilusioa piztu du Ordizian, hutsune garrantzitsua izan arren, Axio Aranaren taldeak azken txanpara arte eutsi ziolako orekari.
Valladoliden ligako bi talde onenek neurtuko dituzte indarrak, Ordizia bigarren izan baitzen ligan, eta era berean puntu gehien pilatu zituzten biak.Aranak hutsune bakarra izango du deialdian, Mikel Mungia lehen lerrokoak eskua hautsita baitu. Kroll, Lolotonga eta Goia, berriz, osatu dira eta jokatzek moduan egongo. VRAC-i dagokionez, talde bikaina du, oso orekatuta, baina hutsune pare izango ditu. Aurreko lerroan abantaila du, eta sasoi betean dago finalerdietan Getxori 55-25 irabazi ondoren. Izarra, halere, Daniel Waenga joko irekitzaile zeelandaberritarra da, bere herrialdeko 21 urtez azpiko selekzioarekin aritutakoa.
Ordiziako jokalariak ez dira bakarrik egongo, zaleek beste erromesaldi txalogarri bat egingo dutelako. 2.500 zale inguru dira abiatzekoak, eta Pepe Rojo estadioko harmailen erdia urdinez estaliko dituzte. Kopako finalaren ondoren kantari itzuli ziren autobusetan, eta gaur aldarte berdinean itzultzeko asmoz abiatu dira.
Maisulanaren azken ukitua
Ampo Ordiziak Ohorezko Mailako finala jokatuko du gaur Valladoliden, Quesos Entrepinaresen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu