11 ordu eta 14 minutu behar izan ditu Dominguezek (Gasteiz, 1974) Gorbeiako, Anbotoko eta Aizkorriko tontorretara igotzeko. Haren atzetik sailkatu dira, gizonezkoetan, Julen Martinez eta Jokin Garai. Emakumeen artean, berriz, Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980) izan da azkarrena: 12 ordu eta 48 minutuan iritsi da helmugara. Bigarren eta hirugarren postuan sartu dira, hurrenez hurren, Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mujika.
Euskal Herriko mendirik esanguratsuenetako batzuk zeharkatu ohi ditu 100 kilometroko ibilbideak: Gorbeia (11. kilometroa), Anboto (40. kilometroa) eta Aizkorri (91. kilometroa). Aurtengo berritasunik handiena izan da lasterketa Murgiatik hasi dela, Gopegitik irten beharrean.
21. ekitaldia izan da aurtengoa; bi urtez behin egiten dute ultra lasterketa.
BERRIAk lau faboritorekin hitz egin zuen asteartean ateratako erreporjean; tartean, gaurko bi garaileak. "Egindako lanarekin pozik gelditzea da nire helburu nagusia. Oraingoz, oso pozik nago lasterketa honetara iristeko egindako ibilbidean gozatu dudan guztiarekin", adierazi zuen Maiorak. "Sentsazioekin jokatu nahi dut", zioen Dominguezek: "Hasieratik denak emanda joan gabe".