Apaindu edo ezkutatu. Frantziako antzerki obretan sortutako hitza da maquiller. Norbaiti, edo bere aurpegiari kosmetikoak jartzea da lehen esanahia. Aurpegi hori apaindu edo alaitzeko. Bigarren esanahi bat ere ematen dute hiztegiek: «zerbait aldatzea, bere itxura aldatzeko». Esan gabe doa, aldatu, hoberako. Alegia, itsusia, edo ikusi nahi ez dena ezkutatzeko. Makillaje horretako adibide onak utzi dizkigute asteburuan hiru euskal taldeek. Larunbatean, lehenengoa. Aise irabazi zion Bilbo Basketek Granadari, ondo jokatu gabe. Bere nagusitasunaren jakitun. Garaipena lortu zuen Baskoniak Menorcan, baina nahiko partida kaskarra eginez. Bi kasuetan garaipenak benetako egia ezkutatzen du. Lagun Aroren kasua okerragoa da. Makillajearekin ere ezin konpondu. Valentziaren aurkako porrota azaltzeko lau minutu txarrei bota diote errua batzuk. Valentzia talde handia dela besteek. Bien tartean, bosgarren porrota jarraian, eta jaikitzeko imintziorik ez. Bien artean, konfiantza Pablo Lasori bi urterako. Emaitzak baino proiektua delako garrantzitsua. Makillajea?
Bizitzaren gorabeherak. «Hau kirola da. Ostegunean azken unean sartu ziguten jaurtiketa baten erruz galdu genuen, eta gaur [atzo], gu izan gara azken unean saskiratze hori lortu dugunak. Fedea daukagulako irabazi dugu». Dusko Ivanovicek, Menorcan, Teletovicek azken unean hiruko zaila gauzatu ostean. Fedea dauka Ivanovicek, baina fededuna delako, ez Baskoniak fedea edukitzen laguntzen diolako. Ez behintzat Menorcan egindako partida ikusita. Eskas aritu zirelako gasteiztarrak. Epel defentsan, erasoko errebote asko emanda. Trakets jaurtiketan, eta garaipenean buruz buruko jokaldiei esker lortuta. Baraci atsedena ematea erabaki zuen Ivanovicek, Tel Aviveko partidari begira, eta erabaki hori garesti ordaintzear egon zen Baskonia. Barac taldearen eskeman funtsezkoa dela erakusten duen datua. Huertas eta Oleson ez daude, Batista antsietateak jota dabil, eta talde baten arrakasta Teletovicen eta Loganen punteriaren baitan neurtzea, askotxo da. Menorcan ez, agian, Tel Aviven bai.
Bukatu da. Lagun Aroren denboraldia. Taldea jota dago, eta ezinaren gurpilean sartuta, atera ezinik. Harridura sortzen segitzen du zuzendaritzak eta Lasok duten baikortasuna, testuinguruak, inguruak daukan zalantza edo ezkortasunarekin, eta antzera jarraituko du taldeak garaipen pare bat lortu arte. Noiz da kontua, zazpi partida falta direlako, eta donostiarren egutegia gaiztoetan gaiztoena delako. Alacant kanpoan, Unicaja etxean, Kanaria Handia kanpoan eta Granada etxean. Apirilaren 24an izango da hori. Txarrenean jarrita, zortzi partida gal ditzake jarraian Lagun Arok garaipen bat lortu arte, baina estatistika beldurgarriagoa da honela esanda: jokatutako azken hemezortzi partidetatik hamasei galdu. Erru osoa ez da Lasorena, jokalariek ere badute zeresana, baina jokalariek neurria ematen ez badute, norena da errua? Eta Lasok jokalariek euren onena emateko biderik topatzen ez badu, zer? Denboraldia nola hala bukatu eta berriz hasi? Ataka zailean dago Laso, ataka zailean jokalariak, eta ataka zailean erabakiak hartu behar dituen zuzendaritza, eta udaberria gogorra izan liteke. Galdu edo irabazi, erreakziorik ez dagoenean gertatzen da hori.
Hamasei garaipen. Sailkapeneko bosgarren postura egin du jauzi berriro Bilbo Basketek, eta hirugarreneraino igotzeko borrokan jarraitzen du. Bi garaipenera du Valentzia, eta bi garaipenera Kanaria Handia, bederatzigarren sailkatua. Hemezortzi garaipen beharko dira, gutxienez, zortzi onenen artean sartzeko, eta Granadaren aurkakoa erabakigarria izango da. Normalean, Bilbo Basketek galdu egingo duelako Bartzelonan larunbat honetan, eta zail izango duelako garaipena Gasteizen (apirilaren 17an). Tartean hamazazpigarren garaipena lortu beharko luke CAI Zaragozaren aurka. Bilbo Basketek inoiz ez zuen lortu hainbeste garaipen ACB ligan, eta horrek indarra eman beharko lioke. Jokoari dagokionez, taldeak zama astuna izaten jarraitzen duen arazo larria konpondu ezinik segitzen du. Aaron Jacksonen ordezkorik ez dago, eta gabezia larria da hori.
Zonakako defentsa
Makillajea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu