«Mallorcan ez genuen ondo jokatu, baina harrezkero ondo ari gara»

Eskuin hegalean Nelsonekin eta Oierrekin lehia estua izanagatik, Damia pozik da Osasunan. Levante mendean hartuko dutela sinetsita dago, baina badaki ez dela partida erraza izango.

Iruñea
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Damia Abella (Olot, Katalunia, 1982) ez da jokalari zaharra, baina eskarmentu handia dauka eskuin hegalekoan. Iritsi berria izanagatik, Osasunaren hasierako hamaikakoan tokia egiten ahalegintzen ari da. Liga titularren artean hasi zuen, baina harrezkero txandakatzeak izan dira bere postuan. Bihar jokatzeko itxaropena ez du galdu, Nelsonek abantaila izan dezakeen arren.

«Osasuna talde atsegina eta Iruñea hiri ederra bezain lasaia» dela esan duzu aste honetan Twitter bidez. Sare sozialak zaleen gertutasuna sentitzeko erabiltzen al dituzu?

Nire webgunea balitz bezala erabiltzen dut Twitterra. Kezkak edo laneko anekdotak azaltzeko erabiltzen dut, batik bat. Eta, bide batez, iritziak ere ezagutaraz ditzaket. Osasunaz eta nitaz gehiago jakin nahi duenarentzat informazio iturri bat besterik ez da.

Gero eta futbolari gehiago daude sare sozialetan, baina gertutasun hori bitxia suertatzen da oraindik.

Ni ez naiz batere hotza, eta gustatzen zait gertutasun hori. Dena dela, sare sozialetan denetarik aurki daiteke; animoak bidali nahi dizkizuten zaleak, gomendioren bat ematen dizutenak, edo teknologien erraztasunak baliatuz zirikatu nahi zaituztenak. Baina badakit hori horrela dela. Ez nago egun osoan Twitter-ari begira, astean bizpahiru aldiz soilik idazten dut. Baina badakit zenbaiti bitxia irudituko zaiola nirekin harremanetan jartzeko aukera hori.

Jarraitzaileak gertu sentitzea ondo dago. Baina onena zaleak harmailetan sentitzea izango da, ezta?

Bai, hori gaindituko duenik ez dago. Bisitari gisa behin baino gehiagotan jokatu nuen Nafarroako Erresuman, baina Almeriaren aurka etxeko jokalari gisa jokatzeko aukera izan nuen eta ikusgarria izan zen. Gu animatzeaz gain, aurkariei presio handia egiten diete zaleek eta gurea ez da zelai erosoa.

Etxeko bigarren partida jokatzeko zorterik ez zenuen izan, dena dela.

Ikaragarria izan zen, itzela, benetan. Zaleek eta taldekideek bikain erantzun zuten Realaren aurkako partidan, eta argi dago talde apalok etxean sendo agertu beharra daukagula. Zaleak oso garrantzitsuak dira talde honentzat.

Etxetik kanpo etxean baino gehiago jokatuko duzula dirudi momentuz.

Beno, hori ez dago jakiterik. Etxeko azken partidan ez nuen jokatu, eta etxetik kanpoko azkenekoan bai. Baina horrek ez du ezer esan nahi, eta jokalariok ez dakigu jokatuko dugun ala ez. Lehia handia dago eskuin hegaleko atzelari postuan, baina lehia sanoa da eta ez dago arazorik.

Bitxia da Sevillatik mila kilometrora alde egin eta postuaz jabetzeko lehiakide nagusia iragan sasoira arte Betisen zenuen bera izatea.

Bai, bitxia eta polita da, Nelsonekin oso harreman ona baitaukat. Baina Oier ere hor dago. Ez nuen ezagutzen Osasunara etorri aurretik, baina mutiko itzela da. Kirol arloan ez ezik, pertsona gisa ere bikaina da.

Hegaleko atzelariaren aurretik jokatzea ere gustatzen zaizu, eta Espanyolen zelaian asko nabarmendu zinen erasoan.

Defentsan ere partida ona egin nuela uste dut. Erabaki txar bat hartu nuen, eta zoritxarrez akats bat bestearen atzetik etorri zen jokaldi horretan, epaileak taldekide bat egotzi zuen arte. Jokaldia beste era batean amaitzea zen logikoena, baina, tira. Baina egia da erasoko jokoa ikusgarriagoa dela beti.

Aurrera egiteko joera duen hegaleko atzelaria ala defentsan asko laguntzen duen erdilaria zara?

Bien arteko zerbait naizela esango nuke. Ez naiz erdilari peto-petoa, ez ditut hegaleko erdilarien ohiko ezaugarriak. Baina zelaian erraz ibiltzen naiz gora eta behera, eta taldearen jokatzeko eraren arabera toki batean ala bestean joka dezaket.

Zelaian Osasunarekin partida bat irabaztea zer den ez dakizu oraindik. Oraingoan bai?

Izan daiteke, irabazi egingo dugula sinetsita bainago. Nik jokatu edo ez jokatu, taldeak irabaz dezala. Hori da garrantzitsuena.

Levante talde igo berria da. Jokatu aurretik irabazita dagoela pentsatzea ote da arriskurik handiena?

Gure aldetik ez dago arrisku hori. Taldean argi daukagu talde igo berria izanagatik Levante arriskutsua dela, eta ez gara erraz irabaziko dugula sinetsita zelairatuko. Gogotik lan egin beharko dugu. Taldekide ohi bat baino gehiago dauzkat Levanten (Juanlu, Xisco eta Nano), eta argi daukat jokalari onak direla. Talde igo berriek ilusio berezia izaten dute, gainera. Ez dira nahi bezain ondo hasi sasoi honetan, baina argi ibili beharra daukagu.

Bartzelonako harrobitik irten eta talde askotatik igaro zara dagoeneko. Nola bizi izan duzu Osasunan harrobiko jokalari gutxi daudela-eta eta sortu den eztabaida?

Harrobiak kluben hondasuna dira. Lehen taldea jokalariz hornitzeko era zuzenena da klub askorentzat, eta jokalarien salmentarekin dirutza lortzeko bide bat ere bai. Gainera, harrobiko jokalariek nortasun berezia ematen diote taldeari; Osasunan ere bai. Horregatik, oso garrantzitsua da jokalari horiek zeresana izatea. Nik ezin ditut kirol zuzendaritzaren erabakiak aztertu, baina Osasunaren harrobiko jokalariak maila handikoak dira, eta beste kluben batera utzita joan behar izan duten gazteek euren heziketan eman beharreko pausotzat hartu behar dute irteera hori. Utzitako jokalariei etekina atera behar die Osasunak.

Realaren aurkako garaipenak lasaitasuna ekarri zuen, eta Espanyolen zelaian itxura ona eman zenuten nahiz eta punturik gabe itzuli. Bide onetik ikusten al duzu taldea?

Mallorcan ez genuen gure maila eman, baina harrezkero ondo ari garela uste dut. Bide onetik goaz.

Zer eskatzen diozu sasoiari?

Ahal dudan ekarpenik onena egitea eta ahal bezainbeste jokatzea. Gauzak ondo ala gaizki egin ditzaket, baina taldearekin konprometituta nagoela erakutsi nahi dut beti. Espainiako Kopan gauza politen bat egitea ere gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.