TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA

'Mamma mia'!

Bi epaile izango ditu Giroko 87. ekitaldiak: Passo Gavia eta Mortirolo; mendate asko dago, indar zipitzik gabe bukatzeko lain, eta erlojupekoan iaioak direnek jai dute, 60 kilometro eskasetan ezin delako pendiz pikoetan galduko dena irabazi

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ez dagoenean, ezin jarri. Holandako Itzulian ezinezkoa da 10 kilometroko mendateak topatzea, ez daudelako. Italian, badaude, sobera, eta horregatik jartzen dituzte. Giroa etapa lau-lauekin osatzea oso zaila da, Apeninoek iparretik hegora zeharkatzen dutelako penintsula, eta iparraldean 4.000 metroko erpinek mendate gaiztoak igotzeko bidea leuntzen dutelako. Patxi Vilak eta Juanma Garatek esana da, berrian, Italiako Giroko urrezko historia mendateetako balentrietan oinarritzen dela, ez erlojupekoetan. Aurrekari horiekin, zertarako aldatu Giroko ikur diren mendateak? Zaleek mendia nahi dute, ikuskizuna. Txirrindulariek, ziur aski, ez. Ez hainbeste, behintzat.

Mendateen zerrenda bukaezina da, eta etapa batzuk beldurgarriak dira, mendate mitikoei, oraindik mitiko izan gabe oso gogorrak direnak gehitu dizkietelako. Valparola, Passo Gavia eta Mortirolo ezagunek merezi dute arreta gehien, baina horiek bezain erabakigarriak izango dira Terento, Tonale, Bormio 2000, Vivione nahiz Presolana. Azken astean daude horiek denak, baina beste bi asteetan ere ezin alfer antzean jardun, badaezpada, minutu zakua non galdu badagoelako.Giroko 87. ekitaldiak 3.435 kilometro ditu, aitzin-etapa bat eta 20 saiotan banatua. Genoan hasiko da, Italia ipar-mendebaldean, eta hegoalderantz egingo du lehen astean. Iparralderantz, ondoren, bigarren astean, eta iparralde menditsuan, hirugarren eta azken astean. Bi atseden egun daude: Carovignon, hego-hegoan, lehena, maiatzaren 18an, eta Dolomitetako lehen etapa gainditu ondoren bigarrena, maiatzaren 26an, Brunicon.

-lehen astea. Hiruretan errazena da, itxuraz, baina ez horregatik erraza. 6,9 kilometroko aitzin-etaparekin hasiko da, Genoako kaleetan. Lehen etapa esprintean erabaki daiteke, baina bigarrena eta hirugarrena ez. Bigarrenean Bratello gaina igoko dute txirrindulariek, helmugatik 21 kilometrora. 11 kilometro ditu lehen mailako igoera horrek. Corno Alle Scale eski estazioan bukatuko da hirugarrena. 1.800 metroko desnibela du gorantz etapak. Azken mendateko azken bi kilometroek %11,8 eta %7,1 batez besteko aldapa dute. Lo harrapatzen duenak agur esan diezaioke probari. Hurrengo hiru etapek ez dute nabarmentzeko zailtasunik, Spoletoko ailegaerako zirkuituan ezustekoren bat egon badaiteke ere.

Zazpigarrenean iritsiko da bigarren azterketa serioa, Montevergine mendatean. Luzea da oso, 17 kilometro, baina etzana: %5ekoa da pendiza. 17 kilometro, dena den, asko dira. Policoro eta Carovignoko ailegaeretan volata izango da hizpide.

-bigarren astea. Mediterraneo ertzean hasiko da bigarren astea, baina Dolomita mendikate erraldoiaren altzoan bukatu. 11. etapa Cesenan bukatuko da, Marco Pantaniren jaioterrian, eta hari omenaldi beroa eskaintzeko, etapa erakargarria prestatu dute antolatzaileek, Giroan usu egoten direnetakoa: bihurria, aldapa txikiz jositakoa. San Marinora igoko dira Adriatiko Itsasotik, berotzeko. Rubicone, Monteleone eta Sorrivoli aldapatxoak igoko dituzte ondoren. Rubiconeko jaitsierak 180 graduko 15 bihurgune itxi ditu tarte txikian. Monteleonek %14 eta %16ko maldak, eta 14 bihurgune gaizto jaitsieran, eta Muro di Sorrivolik %13,1 malda du kilometro batean, eta %18ko pendiza tartean. Giroko etapa politenetakoa izango da Cesenakoa.

12., 14. eta 15. etapak dira onenak esprinterrentzat, lauak baitira erabat. Hamahirugarrena ez. Giroko erlojupeko bakarra korrituko da orduan, Triesteeta Carsino artean: 52 kilometro orotara, baina hau ere gorabeheratsua da. Igotzaileen aldekoa zen ibilbidea, eta erlojupekoan ere haiek garaile. Itsas mailatik abiatzen da eta 369 metroraino igo lehen 17 kilometroetan. Helmugara dauden 35 kilometroek beheranzko joera dute eta azken 18ak zeharo lauak dira, espezialistek aldeak irekitzeko egokiak oso.14. etapa Kroazian bukatuko da, Pula-Pola hirian, Eslovenian ere kilometro batzuk egin ostean. 15. saioa Dolomitetako lehenengoa da. 217 kilometroko bidea dago San Vendemianotik Falzesera, eta tartean lau mamu. Mendate luze gehien dituena da etapa hau. Forcella Staullanza da lehenengoa. Gosaria, betea (9,3 km, %6,4). Hamaiketakorako 2.200 metroko Passo di Valparola: 15,4 km, %5,7ko aldapa. Gosetzeko denborarik gabe ailegatuko dira Passo Furciara. 12 kilometro ditu %6,2ra, baina azken lau kilometroek %10etik gorako desnibela dute. Tropela txikitzeko egokia da Passo Furcia. Tamainako menuarekin postrea ere dastatu egin behar: Terento gaina da postrea. Gozo-gozoa indartsu dagoenarentzat: 7 km, %7,2ra. Falzes herriak merezi du atseden egun lasaia.

-hirugarren astea. Atsedena, indarberritzeko, edo besterik gabe, hauspoari atseden pixka bat emateko. 3.000 kilometroko nekea gainzama astuna da, eta tropelean sekulako triskantza eragin dezakete Dolomitetako hiru tapponeek (etapa nagusiek). Motzak eta gaiztoak dira hirurak. Pintxo baten antzekoa da 16. saioa, (Brunico-Saronico, 153 kilometro). Mendola gaina bakarrik igoko dute: 14,5 kilometro da luze, eta %6,5ekoa da desnibela.

Mendola gaina pintxoa da, hurrengo bi egunetakoa betekada itzela delako, nekez bila eta jar baitaiteke ibilbide hain bihurria, hain kilometro gutxian. Antolatzaileek buruko min franko izango zuten hainbeste aldapa nola elkartu asmatzeko. Lortu dutela da kontua. 118 kilometro ditu 18. etapak, eta hiru morrosko bidean: Tonale, Passo Gavia eta Bormio 2000. Zaila izango da norbait Tonalen egurra ematen hastea. Non jo badu, 15 kilometroan %6ko desnibela duelako, baina karreristek, hankez gain, burua ere martxan izaten dute, eta burua Gaviara edo Bormio 2000ra joan ezkero, ziurra da Tonale lasai igoko dutela.Zer esan Gaviari buruz, dagoeneko esan ez dena. Garaiera du, gogorra da, luzea, sona handia, eta historiak oso mendate gutxik duten mitikotasuna eman dio. 1988. urtean gertatutakoak zerikusi handi du. Elurte ikusgarria bota zuen Gavian txirrindulariak gorantz zihoazela (2.618 metro ditu), eta Bormiorantzako jaitsiera infernua bilakatuzen txirrindulari askorentzat. Gainetik lasterketa buruan igaro zen Johan Vandevelde, baina ezin izan zuen jaitsiera bukatu eta erretiratu egin zen, hotzaren hotzez. Dardarka igaro ziren denak eta ez ziren karrerista gutxi izan hanketan pixa nahita egin zutenak, berotzeko asmoarekin. Ikusgarria izan zen mendian gora kalparra zuri-zurizuten txirrindularien argazkiak ikustea, Andrew Hampsten estatubatuarrarena, adibidez. Berak irabazi zuen urte hartako Giroa, eta Erik Breukinkek Bormion. Aurten ere antzekoa gertatzea ez harritu, 2.600 metrora negua asko luzatzen baita. Gaviak txikitu egingo du tropela, eta Bormio 2000 igoerak gehiegizko zigorra dirudi. 10 kilometro da luze eta %7,5eko desnibela du.Indarra geratuko ote zaie txirrindulari gajoei etapa horren ondoren? Nonbaitetik atera beharko dituzte, zenbaki hotzei erreparatuta 19. etapa delako Giroko gogorrena. Gogorrena da munduko mendate gogorrena igotzen delako, alegia, Mortirolo handia. Gogorrena, Mortirolo eta gero Vivione dagoelako. Aspergarria da Vivione, edozeinen pazientzia akitzeko modukoa: 19,5 km, %7ko batez bestekoa. Giroko azken mendatea Pressolana izango da, Mortirolo txikia, Patxi Vilaren ustez. Antolatzaileei zorionak, txirrindulariei animo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.