Marka da gero Alejandro Valverderi (Movistar) gertatzen ari zaiona. Erorikoen zoritxarretatik ihes egin ezinda dabil aspaldian espainiarra. Frantziako Tourrean, eroriko gaizto batek utzi zuen sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo, eta, atzo, maillot gorria erantzi behar izan zuen arrazoi beragatik. Helmugarako 30 kilometro falta zirela, hankaz gora joan zen, eta bizikletan azkar jarri zen arren, tropelak ez zion barkatu. Sky eta Katuxa taldeek eginiko lanaren erruz, denbora dezente galdu zuen helmugan Valverdek. Gogotik saiatu zen aurrekoekin bat egiten, baina erorikoa nahikoa ez, eta haizea ere kontra eduki zuen. Hala, Joaquim Rodriguez (Katuxa) da orain Vueltako liderra.
«Sky taldearen erruz erori gara, gehiegi zabaldu baitira txirrindulariak. Nik uler dezaket hori, baina ez zait buruan kabitzen ez itxaron izana. Halako txapeldunak dira Skyn». Adierazpen horiek egin zituen Valverdek etapa amaitu berritan. Haren haserrea ikustekoa zen. Betiko polemikari ireki zion atea espainiarrak: erortzen direnei itxaron egin behar al zaie? Hala izan edo ez, kontua da Valverdek 55 segundo galdu zituela Valdezkaraiko helmugan eta erorikoen mamua ezin uxaturik dabilela.
Erorikoena ez, baina urteroko mamua ezin uxaturik dabilen bestea Igor Anton da (Euskaltel-Euskadi). Beti edukitzen du egun txarren bat, eta atzo, behintzat, horietako bat tokatu zitzaion. Igoerak aparteko maldarik ez zuen arren, atzean geratu zen galdakoztarra, eta asko sufritu zuen. Alberto Contadorrek (Saxo Bank), Chistopher Froomek (Sky) eta Nicolas Rochek (Ag2r) jarritako erritmoari ez zion usainik hartu ere egin. Dena den, taldekideek eginiko lanari esker 29 segundo besterik ez zuen galdu helmugan. Gaitz erdi.
Okerrago ibili zen Beñat Intxausti (Movistar). Valverde taldekidearen erorikoaren ondorioz, lidergoa eskuratzeko aukera ederra izan zuen, baina tokitan geratu zen. Faboritoak baino 2 minutu eta 49 segundo geroago sartu zen helmugan, eta itxura kaskarra eman zuen oso.
Txanponaren beste aldea Simon Clarkek probatu zuen (Greenedge). Laugarren kilometroan osaturiko ihesaldian sartu, eta ez zuen barkatu amaieran. Tony Martin (Omega) aise menderatu zuen esprintean. Hori bai, hamahiru minuturen aldea eduki zuten arren, larri iritsi ziren amaieran, tropelak ezarritako erritmoa izugarria izan baitzen.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Mamuak ezin uxaturik
Simon Clarkek irabazi du Vueltako laugarren etapa, eta Joaquim Rodriguez jarri da lider, Alejandro Valverde erori egin delakoFaboritoak baino 29 segundo geroago iritsi da Igor Anton, eta 2:49 geroago Beñat Intxausti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu